Gipuzkoako errugbiari bultzada serioa emate aldera

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 10a, 10:00

Gipuzkoa Sortzeneko jokalariak, irailean jokatutako lagunarteko partida batean. (Prestaenea)

Zarautz Rugby Taldeak, Lasarte-Oriako Beltzak eta Donostiako Bera Berak bat egin dute "epe luzerako" asmoz eratu duten Gipuzkoa Sortzen proiektuarekin.

Gipuzkoa Sortzen errugbi proiektu berria sortu dute, kirol arloan eta ekonomikoki hazteko bide izan dadin. Espainiako Federazioak gero eta exijentzia gehiago eskatzen zizkien klubei, dela jokalari kopuruari dagokionez, dela kontu ekonomikoei dagokienez. Hori horrela, beste errugbi talde batzuekin elkartzeko beharra ikusi zuen Zarautz Rugby Elkarteak, orain arte ibili den mailetan lehiatzen jarraitu nahi baldin bazuen. "Lasartekoekin lehendik eginda geneukan akordioa, eta Donostiako Bera Bera eta Hernani prest zeuden proiektuarekin bat egiteko, nahiz eta azkenean Hernanik atzera egin zuen, bazkideek hala erabaki zutelako", kontatu du Mikel Larrañaga Zarautz Rugby Taldeko presidenteak. Beraz, estreinako urterako Lasarte-Oriako Beltzak, Donostiako Bera Bera eta Zarautz Rugby Taldea batu dira egitasmora.

"Proiektu honen helburu nagusia da Gipuzkoako jokalariekin ahal den urrutien iristea, ahal izanez gero, fitxaketa oso gutxirekin edo fitxaketarik egin gabe", dio Larrañagak. Proposamen "serioa" aurkeztu dute; izan ere, lehen kanpoko talderen batek eskaintza txikiren bat egiten bazien bertako jokalariei, joan egiten ziren, baina orain ez dute hori gertatzerik nahi. Aurtengoa dute lehen urtea Gipuzkoa Sortzen izenaren aterpean, eta denboraldi amaieran baloratu beharko dute oraindik batu ez diren taldeek "behar hori ikusten duten ala ez". 

Proiektu berria "geratzeko" etorri dela nabarmendu Zarauzko presidenteak: "Epe luzera begirako helburu gisa planteatu dugu. Azken finean, Gipuzkoan errugbian dagoen kalitatea Gipuzkoan bertan geratzea nahi dugu, eta ahal dugun talderik trinkoena osatu, ahalik eta klub gehienek bat eginda. Momentuz, hiru gara, baina urteak aurrera joan ahala, klub gehiago batuta egongo garela espero dut". 

Hiru talde

Pixkanaka-pixkanaka martxan jartzen ari dira, eta denborak erakutsiko die urratzen hasi diren bidea noraino iritsiko den. Momentuz, hiru talde osatu dituzte gizonezkoen senior mailan: lehen taldeak Ohorezko B Mailan jokatuko du; bigarren taldeak, Euskal Ligako lehen mailan; eta hirugarren taldeak, Euskal Ligako bigarren mailan.

Lehenengo taldeak Zarauzko Astiko zelaian entrenatuko du, eta etxeko partidak ere bertan jokatuko ditu. Zarautzen jokatzearen arrazoi nagusia da Bera Beraren zelaian obrak egiten hasiko direla, eta klub guztien artean hala adostu zutela. Iaz Zarautz Rugby Taldearen entrenatzaile izan ziren Fran Puertasek eta Facundo Orivek hartuko dute taldearen gidaritza. Bigarren taldeak, berriz, Donostiako Puio udal zelaia izango du egoitza entrenamenduetarako eta lehiarako; Etor Goikoetxea izango da entrenatzailea, iaz Bera Berako bigarren taldea zuzendu zuen prestatzailea. Hirugarren taldeak Donostia eta Lasarte-Oria artean entrenatuko du, Egoitz Esnaola zarauztarraren aginduetara, eta etxeko norgehiagokak Lasarten jokatuko ditu.

Errugby taldeko jokalarietako bat. (Prestaenea)

Euskal Ligako bi taldeak dagoeneko hasi dira partidak jokatzen. Aurreko asteburuan ekin zioten denboraldiari, eta biek ala biek galdu egin zuten estreinako partida. Igande goizean, bigarren jardunaldia izango dute jokoan; lehen mailakoak Arrasaten (Gipuzkoa) ariko dira, eta bigarren mailakoak, berriz, Errioxako (Espainia) taldea izango du aurkari Lasarten. Ohorezko B Mailako Gipuzkoa Sortzen taldeak asteburu honetan ekingo dio ligari: Iruñean izango du hitzordua, larunbatean, 11:00etatik aurrera, La Unica taldearen aurka.

Aurrera begirakoak

Aurten, hiru talderekin plazaratu badira ere, 2025-2026 denboraldiari begira, talde indartsu bat sortzea dute xede, maila gorenean aritze aldera. Horretarako, Gipuzkoako errugbi elkarte denak ordezkatuta egotea ezinbestekoa litzatekeela iritzi dio Larrañagak, eta "talde indartsu horretaz gain, klub bakoitzak bere senior taldea edukitzea".

Denboraldi honetan, behintzat, senior mailan ez dira ariko Zarautz Rugby Taldea izenarekin. Behe kategoriako taldeak, aldiz, bai; 10 urtez azpikoetatik hasi eta 18 urtez azpikoetara arteko mailetan lehen bezala jarraituko dute Zarauzko kluba ordezkatzen. "Proiektu honek ez du harrobia ukitzen", zehaztu du errugbi taldeko presidenteak.

Gipuzkoa Sortzenen barruan bilera batzuk ere egin dituzte emakumezkoen taldea sortzeko. Larrañagak aurreratu duenez, proiektu bat badago mahai gainean, nahiz eta aurten oraindik ez duten martxan jarri. "Zarauzko eta Lasarte-Oriako neskak elkarrekin entrenatzen hasi dira dagoeneko. Guztira, 25-30 lagun elkartzen dira, eta momentuz ez dugu inon izena eman, gehienak hasiberriak direlako; dena den, tartean badira garai batean ibilitako beterana batzuk ere". Oinarrizko gauzak lantzen ari dira une honetan, eta txapelketa batzuk jokatzeko aukera ere izango dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide