Doinu elektronikoak, ilunpetik argitara

Aitziber Arzallus 2024ko urr. 9a, 11:00

Bermuda Kolektiboa igande eguerdian, Musika Plazan, Adarretatik jaialdian. (Adarretatik)

Igande eguerdian Bermuda Kolektiboak emanaldia eskaini zuen Musika Plazan, Adarretatik musika jaialdiaren barruan. Saioaren aurretik gogotsu ziren Xiarroman eta Anwolt DJ zarauztarrak.

Musika elektronikoaren zaleak aspalditik dira Danel Esnal Xiarroman (Zarautz, 1996) eta Iñigo Aramendi Anwolt (Zarautz, 1997). Zaletasun horrek lotu zituen bi lagunak, eta denboraren joanak eta gustuko zuten horretan sakontzeak estutu baino ez dute egin lotura hori. Bermuda Kolektiboko kideak dira biak, beste bi lagunekin batera, eta Arraio Irratiko Bermudatik saioaren gidariak ere bai. 

Igande eguerdian, Adarretatik jaialdiaren barruan, musika jartzen aritu ziren Musika Plazan. Saioaren aurretik gogotsu zeuden Bermuda Kolektiboko kideak, doinu elektronikoak ilunpetik argitara ateratzeko aukera polita izan zitekeela iritzita, eta izan zuten harrera ikusita, argi dago jendeari proposamena gustatu zitzaiola. Jaialdiaren antolatzaileek ere balorazio "oso positiboa" egin dute, milaka herritarren babesa jaso dutelako, eta eskerrak eman dizkiete antolatutako ekitaldietan parte hartu zutenei.       

Zarautzen musika elektronikoari lekua emateko nahiak elkartu zituen geroxeago Bermuda Kolektiboa sortu zuten lau lagunak, eta hain zuzen ere, hutsune hori betetzeko asmoarekin sortu zuten taldea: "Ikusten genuen herrian, festa giroan, musika aukerarik ez zegoela, toki guztietan estilo bereko musika jartzen zutela, denean musika bera, eta ez zen gure gustuko musika. Hutsune bat zegoela iruditzen zitzaigun, eta hori betetze aldera erabaki genuen kolektibo bat sortzea, giro horretatik erabat aldentzeko eta guri gustatzen zaigun musikaz gozatu ahal izateko", azaldu du Anwoltek. "Helburu nagusia horixe zen, alternatiba bat eskaintzea, ordura arte herrian zegoenetik aparteko aukera bat; guk nahi genuen musika jartzea, eta jendeak horretaz gozatu ahal izatea; eta nola ez, guk geuk ere gozatzea", borobildu du Xiarromanek.

Bermuda Kolektiboa abian jarrita, festa batzuk antolatzeko aukera izan zuten, baina proiektua martxa hartzen ari zenean, pandemia etorri zen, eta harekin, pikutara joan zitzaizkien buruan zerabiltzaten asmo guztiak. Gerta zitekeen horrek Bermuda Kolektiboa desagertzera kondenatzea, baina ez zen halakorik gertatu, justu alderantzizkoa baizik. Arraio Irratian musika elektronikoa ardatz izango zuen saio bat egiten hasteko aukera sortu zitzaien, eta bi aldiz pentsatu gabe baiezkoa eman zuten. Halaxe ekin zioten Bermudatik irratsaioari, musika elektronikoaz jarduteak pandemiak eragindako asperdura nolabait arinduko zielakoan edo. 

Horiek eta gehiago kontatu dizkiote Guskateka Zarauzko astekari digitalari. Eduki horiek aurrez jaso eta Zarauzko astekari digital berriko harpideduna izan nahi baduzu, esteka honetan egin dezakezu. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide