"Gu ere hemen gaude"

Nerea Uranga 2024ko urr. 9a, 09:11

Martin Arrillaga, Ainhoa Canseco, Anais Montero eta Jone LarraƱaga, Azpeitiko Osamen zentroko langileak. (Nerea Uranga)

Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna da bihar, urriak 10. Aurreko urteetan egun hori Donostian ospatu dute Azpeitiko Osamen errehabilitazio psiko-sozialeko zentrokoek; aurten, baina, Azpeitian ospatuko dute, Hemen gaude, ez zaude bakarrik lelo hartuta. Herritarrak kamiseta berdea jantzita haiek antolatutako deialdietan parte hartzera animatu dituzte.

2001. urtetik dago Osamen zentroa Azpeitian; aurreneko urteetan, Jesus-Maria komentuan egon zen, eta gaur egun Plaza Txikian dago, Baigerako eraikinaren bigarren solairuan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zumaiako, Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko udalen ekimenez sortu zen, eta haiek erabaki zuten zentroa Azpeitian izatea.

Osamen zentroan aurrez aurreko arreta eskaintzen diete buruko osasun arazo kronikoak –eskizofrenia, nahasmendu bipolarra, nahasmendu mentala, depresio handiak...– dituzten 18 eta 64 urte arteko gaixoei eta haien familiei. Egun hogei pertsona artatzen dituzte, eta haiekin lanean jarduten duten profesionalak honakoak dira: Ainhoa Canseco (Zestoa, 1977) psikologoa, Anais Monteiro (Azpeitia, 2000) gizarte integratzailea, Martin Arrillaga (Bergara, Gipuzkoa, 2000) terapeuta okupazionala eta Jone Larrañaga (Oikia, Zumaia, 1979) gizarte langilea eta koordinatzailea. Mentalia Salud enpresak kudeatzen du egun.

Zentroaren erabiltzaileak Azpeitikoak nahiz inguruko herrietakoak dira: Aia, Orio, Zarautz, Zumaia, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Zumarraga eta Legazpikoak. Erabiltzaileak 09:30etik 17:00etara egoten dira zentroan. Beti, baina, ez dira zentroaren barruan egoten, kanpoan ere ekintza ugari egiten dituzte: pasierak, kiroldegira irteerak... "Bizi kalitate hobea izateko eta ahalik eta bizitza normalizatuena egiteko aukera lantzen dugu zentroko erabiltzaileekin. Askotan esaten digute beraiek: 'Guk nahi dugu zuek egiten dituzuen gauzak egitea'. Eguneroko gauza sinple batzuk dira, baina ez direnak gai bakarrik egiteko. Haien nahia betetzeko, zentrokook taldean egiten ditugu", kontatu du Cansecok.

Isolamendutik atera

Helburu zehatzak dituzte Osamenen, Larrañagak azaldu duenez: "Buruko osasun arazoak dituztenen ongizatea eta bizi kalitatea hobeak izateko egiten dugu lan. Askotan, sozialki isolatzen joaten dira etxean, baina zentrora etorri behar dutenez, egoera hori aldatu egiten zaie. Horrez gain, zentroan bakoitzak bere abileziak manten ditzan egiten dugu lan, baita galduta edota ahulduta dituzten abileziak aktibatzeko edota berreskuratzeko ere". Azken batean, zentrora joaten direnei "errehabilitazio prozesu pertsonalizatua" eskaintzen diete, hainbat profesionaleko lantalde batekin adostuta. "Osakidetzako psikiatrak bideratuta etortzen dira erabiltzaileak zentrora, eta udaletako gizarte zerbitzuekin ere harremana dugu", adierazi du zentroaren koordinatzaileak.

Egunero zeregin bat edukitzea mesedegarria da Osameneko erabiltzaileentzat, hala azaldu du zentroko psikologoak: "Egunero zentrora etortzeko ordu jakin batean jaikitzea, dutxatzea, janztea, egunero jatordu egoki bat egitea... mesedegarria da haientzako, bestela asko ez lirateke ohetik irten ere egingo. Eguneroko zeregin bat izateak eta jaikitzeko arrazoi bat edukitzeak egonkortasuna ematen diete".

Osameneko erabiltzaile gehienak "galera kognitibo handiko" pertsonak dira, Larrañagaren arabera: "Ospitaleratze ugari izandakoak dira asko, eta ondorioz, galera kognitibo handia dute. Beraz, gure xedea da beraiek beren gaixotasuna kontrolatzen ikastea eta galduta dituzten gaitasunak berreskuratzen joatea". 

Profesionalek eguneroko jarraipen bat egiten diete erabiltzaileei, eta bakoitzaren garapena ikusteko balio die horrek. "Gero, guk ikusten duguna psikiatrarekin elkarbanatzen dugu, eta era horretan, bakoitzaren tratamendua hobeto egokitzea lortzen dugu", azaldu du Larrañagak.

Gizarteratzea asmoa

Hori dena Osamenekoek barrura begira egiten dutena da, baina Buruko Osasunaren Nazioarteko Egunaren aitzakian, zerbitzua bera eta zentroa gizarteratu, kaleratu, nahi izan dituzte, herriko beste eragile eta zerbitzu bat gehiago direlako. "Kalean ikusten gaituzte, herri erdian dagoelako zentroa eta kalera asko ateratzen garelako, baina askok ez dute Osamenen berri", esan du Larrañagak. "Zentroko erabiltzaileekin estigma lantzen dugu, baina askotan beraiek lotsatu egiten dira gauzak egiten, kalean oso seinalatuta daudelako... Zentrora etortzen zen emakume batek hala esaten zuen: 'Nik autobusean lanera noala esan ohi dut'. Lotsa ematen zion zentrora zetorrela esatea. Eta, ea kalera ateratzeak, buruko osasunaren eguna herrian ospatzeak, osasun mentala ikusarazteko eta gizarteratzeko balio duen. Hitzaldietan eta esan ohi zaie: 'Gaixotasun bat dute, eta gaixotasunak ez dira erabakitzen, etorri egiten dira'".

Joan den hilean Azpeitiko hiru ikastetxeetako DBH 4ko eta Azkoitiko Lanbide Heziketako ikasleei osasun mentalari lotutako hitzaldiak eskaini zizkieten, eta kartel lehiaketa ere egin zuten. Gero, jasotako 40 kartelekin erakusketa prestatu zuten irailean, Foru Ibilbideko erakusketa aretoan.

Bihar, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean, "inklusioa, errespetua eta normaltasuna" aldarrikatzera deitu dituzte herritarrak, kamiseta berdea jantzita. 

Egitaraua:

  • Bihar, urriak 10
    - 12:00. Elkarretaratzea, Osamen zentroaren sarreran, Plaza Txikian, Baigera atarian. Hemen gaude, ez zaude bakarrik lelo hartuta.
    - 12:05. Taldeko argazkia.
    - 12:10. Kalejira.
    - Ondoren, aldarrikapenaren amaiera plazan.
    - 13:30. Osameneko kideen bazkaria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide