Kronika

Kris Kristoffersoni gustatuko zitzaion

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 7a, 16:30

Audience Gernikako taldea, Zarauzko Modelo aretoan. (Juan Luis Romatet)

Pasa berri den den asteburuan Zarautzen egin duten Adarretatik emanaldi sortari amaiera eman zioten Audience gernikarrek urriaren 6an, igandea, arratsaldez Modelo aretoan eskainitako kontzertuan. Entzule ugari bertaratu zen Zarauzko aretora boskotearen kontzertua jarraitzera. 

Pasa den astean zendu zen Kris Kristofferson handia. Country estiloko konposatzaile eta abeslaria, outlaw (gaizkilea) generoko izen garrantzitsuenetakoa izan zen. Aktore lanak ere egin zituen eta, adibidez, bera izan zen Billy the Kid Sam Peckinpahen Pat Garrett and Billy the Kid westernean. Film hartan Bob Dylanekin egin zuen topo eta hark historiara pasatu zen Knocking on heaven’s door mitikoa konposatu zuen pelikularako. Gauzak borobiltzeko, Audiende taldeak abesti horren euskarazko bertsioa grabatu du bere azken lanerako, 2023 Bob Dylan berrikusiarako. 

Mendebaldera begira egon da betidanik Audience taldea. Izan rock alternatiboa (Big affair, 2013), country atmosferikoa (Amerikanuak, 2010) edo Kubako melodiak (Isla, 2017), Ameriketako musikaz elikatu dira gernikarrak. Beraz, jakinda aurrez ere Dulutheko maixuaren abestien bertsioak jo izan dituztela, ez zuen inor harritu jakiteak azken diskoa Dylanen bertsioekin osatuko zutela. Horretarako, Xabier Payak euskaratutako hitzez baliatu ziren, beti ere beraien terrenora eramanda.  

“Ez gara Dylanen talde tributo bat!”, oihukatu zuen abeslari eta gitarrista Gaizka Insunzak emanaldiko une batean. Izan ere, kontzertuko bosgarren abestira arte egon behar izan zen zain Minnesotakoaren lehen abestia entzuteko (Gazte betiko). Abestiaren izenak entzuleen adinarekin bromatan aritzeko aukera ere eman zion abeslariari. Dylanekin jarraituta, ondoren etorri ziren Mendian trumoiaDena hautsi da hemen edo Euri jasa latza dator elektriko eta apokaliptikoa. 1963an misilen krisien garaian ondutako abestia, egun bizi duten gerra egoerarekin primeran datorrela ondorioztatu zuen abeslariak, eta Palestinari animoak bidali zizkion Modeloko agertokitik. 

Emanaldia, baina ez zen estatubatuarraren abestietara mugatu. Beraien abestiak ere jo zituzten emanaldian zehar. Hala, doinu instrumentalei tartea egin zieten (Rope, Triñeko ogigaztaia), baita rock kutsu handiagokoei ere: Tolesdurak (2021) disko bikoitzeko Mauka, Trinkete edo, beraiek esan bezala, kantu erreibindikatzaile duten Mendaro fiddler jo zituzten, esaterako. Kaki Arkarazoren aginduetara Kuban grabatutako diskoko Egunsentia Habanan edota emanaldiaren lehen zatiari amaiera eman zion Egun da Bayamon dantzagarria ere gogotsu hartu zituzten entzuleek.  

Aipagarria da taldeko bost kideek instrumentuekin erakusten duten trebezia. Gitarra eta harmonika joko du batek, organoa eta akordeoia besteak, eta gitarra, pianoa, pedal steel gitarra eta biolina hirugarrenak. Kontzertuari amaiera eman zion Garaiak aldatzen baitiran, Dylanena hau ere, bost musikariak agertokiaren ertzean jarri ziren, mikrofonorik gabe, eta gitarrista danborra jotzen jarri zen, eta ordura arte bateria jo zuenak gitarra hartu zuen esku artean, harmoniak egiten zituen bitartean. Esandakoa, txapela kentzekoa. Txalo zaparrada handi baten artean agurtu zituzten entzuleek bost musikariak.  

Eta ez, nahiz eta diskoan jaso, ez zuten zuzenean jo Zeruko ateak joaz, Knoking on heaven’s door-en euskarazko bertsioa. Hala ere, seguru Kris gustura egongo zela kontzertua jarraitzen, San Pedrori zeruko sarbidea eskatuz, edo, nork daki, infernuko atean, tekila botila bana eskutan dituela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide