Larunbatean bukatu ziren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final-zortzirenak, Azpeitiko Soreasu antzokian jokatutako saioarekin; bertan, Maider Agirre oñatiarrak irabazi zue.
Sailkapen fasea bukatuta, final-laurdenei ekingo diete orain 30 bertsolarik, eta horien artean bi dira zarauztarrak: Aner Peritz Euzkitze eta Iñigo Mantzizidor Mantxi. Aipatu bi horiez gain, Urola Kosta beste lau ere ariko dira: Aitor Salegi zestoarra eta Eneritz Artetxe azkoitiarra zuzenean lortu zuten sailkatzea, eta Oier Etxeberria eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrek, zarauztarrek bezalaxe, aurreko fasean egindako puntuazioari esker lortu dute hurrengora pasatzea.
Final-zortzirenetatik aurrera egin duten bertsolariei 2019ko txapelketan sailkatutakoak batuko zaizkie datorren fasean: Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.
Aner Peritz Euzkitze Aitor Salegi zestoarrari pega-pega eginda dago sailkapenean, puntu bateko aldearekin. Txapelketa "gogotsu baina baita urduri ere" hasi duela aitortu du zarauztarrak: "Gogoa nuen hasteko, baina urduri sentitu naiz ezjakintasun horren aurrean, ea zer zetorren jakin gabe". Bere saioa amaitu ostean, ordea, "sentipen onarekin" geratu zela argitu du. Hurrengo faseari begira, bertsolari gazteak azaldu du ez duela "mugarik ezta helburu derrigorrik ere" finkatu nahi: "Oholtzara igo eta kantatu behar dena kantatuko dut. Hori bai, saio on bat egin nahiko nuke; ilusio horrekin noa. Emaitzei begira, ez dut helbururik finkatu nahi, niretzat hori ez delako garrantzitsuena".
Oier Etxeberria azpeitiarrarekin batera, Lasarte-Orian izan zen ere Iñigo Mantzizidor Mantxi. Txapelketa "gogotsu" hasi duela adierazi arren, lehenengo fasean ez zuela "batere disfrutatu" aitortu du zarauztarrak: "Ez nengoen bereziki urduri, baino ez izan nuen gozatu". Bere saioa amaitu ostean, aldiz, beste jarrera bat erakutsi zuen bertsolariak: "Nirea zazpi saiotatik bigarrena izan zen. Esperantza banuen, oraindik bost saio geratzen ziren eta ez neukan bereziki puntuazio txarra. Txapelketan zehar, sailkatzeko aukerak ikusi nituen". Hurrengo faseari begira, 30 bertsolari jardungo dira oholtzan, eta horietatik 18 sailkatuko dira soilik. "Puntuazioak hutsetik hasten dira orain eta ikusi egin beharko da zer saio mota ateratzen den", gehitu du Mantxik. Gazteak "oso gogor" dabiltzala azpimarratu du ere: "Haiek urduritzea gertatu daiteke. Edo agian ni urdurituko naiz, auskalo. Itxaropena badut, hori bai, baina eskailerak banaka igo behar dira".
Final-laurdenetako aurreneko saioa urriaren 19an izango da, 17:00etan, Eibarko Coliseo aretoan. Saio horretan ez da eskualdeko bertsolaririk ariko. Saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke.
Eskualdeko bertsolarien saioak:
- Urriak 20 (17:00), Errenteria, Lekuona Fabrikan: Aitor Salegi, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Iñigo Gorostarzu, Oihana Arana eta Unai Gaztelumendi.
- Urriak 26 (17:00), Azkoitia, Baztartxo antzokia: Ane Labaka, Asier Azpiroz, Eli Pagola, Maialen Akizu, Oier Etxeberria eta Unai Mendizabal.
- Urriak 27 (17:00), Irun, Ficobako auditoriuma: Amaia Iturriotz, Aner Peritz Euzkitze, Eneritz Artetxe, Eñaut Martikorena, Iñaki Apalategi eta Oihana Iguaran.
- Azaroak 3 (17:00), Tolosa, Leidor aretoa: Aitor tatiegi, Andoni Rekondo, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Jon Gurrutxaga, Maider Arregi eta Nerea Elustondo.