Berdintasunerako lehen Barne Plana onartu du Udalbatzak

Aritz Mutiozabal 2024ko ira. 29a, 12:00

Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia eta Irati Baroja Berdintasun teknikaria. (Zarauzko Udala)

Udaleko alderdi politiko guztien babesa jaso zuen proposamenak osteguneko ohiko bilkuran. Zenbait neurri "sakondu eta garatuko" dituzte, berdintasun printzipioak bermatzeko.

Genero Berdintasunerako I. Barne Plana onartu zuen ostegunean Zarauzko Udalbatzak, iraileko ohiko bilkuran, aho batez. 2022tik indarrean dagoen IV. Berdintasun Planarekin alderatuta, plan berriaren helburua da administrazio publikoko langileek berdintasunaren arloan dituzten lan eskubideak zaintzea eta genero bereizkeriarik ematen ez dela bermatzea.

Berdintasun saileko zinegotzi den aldetik, "harro" agertu da Gloria Vazquez. Zarauzko Udala berriro ere aitzindaria dela dio emakumeen eta gizonen arteko berdintasun lortzeko neurri bat ezartzen. Izan ere, "Euskadiko udal gutxik dute berdintasunerako barne-plan bat". Zentzu horretan, zinegotziak zehaztu du barne-planarekin bultzatuko dutena dela zenbait neurri "sakontzea eta garatzea", betiere emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioak bermatzeko lanpostuen, ordainsarien eta gainerako lan-eskubideen definizioan, "lan-baldintza duinak eta ez-diskriminatzaileak ziurtatuz”.

Kontziliazioa bultzatzeko neurrien garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta onartu du Zarauzko Udalak baduela horren inguruko neurriren bat, ordutegi-malgutasuna adibidez. Hala ere, beharrezkoa ikusi dute neurri horiek zabaltzea, kasuistika desberdinak kontuan har daitezen, besteak beste, gizartean dauden familien aniztasunagatik.

Lau urteko epealdia

Planak izaera estrategikoa du, eta udaleko lan-ildoak zehaztuko ditu lau urteko epealdian (2024-2027). Ildo horiek bost ardatzetan egituratzen dira: Berdintasunarekin konprometitutako estrategia eta antolaketa; Berdintasunari buruzko prestakuntza; Tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa pertsonen kudeaketan; Lan-osasuna; eta Kontziliazio erantzunkidea. Gainera, kronograma eta adierazle-sorta bat ere definituko dira, neurri horien ezarpen-maila eta udalean duten eragina ebaluatzeko.

Plan osatu dute aurrez udaletxe barruan egindako diagnostiko bat oinarri hartuta, eta bertan jasotzen ziren emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan indartu eta hobetu beharreko arloak zeintzuk ziren. Beraz, planaren onarpenak "gure kudeaketa-sistema hobetzeaz" gain, "genero diskriminaziorik gabeko barne-egitura" izatea ekarriko duela zehaztu du Vazquezek. Aldi berean, eraginkorra eta benetakoa den gizarte berdinago baterantz aurrera egiten laguntzen duela gaineratu du. "Plan hau genero berdintasunarekin eta udaleko plantillan ekitatea lortzearekin dugun konpromiso irmoaren isla da".

Begi onez

Osteguneko bilkuran, EH Bilduko udal taldeko Ainara Landak adierazi zuen koalizioak beharrezkotzat jotzen duela halako plan bat, baina "zenbait puntu irekiak geratu" direla iruditzen zaie. Horren adibide gisa, kontziliazioan hobetu beharreko eta gehiago xehatu beharreko gauzak daudela adierazi zituen Landak. Hala ere, EH Bildu jakitun da onartu duten lehen plana dela eta pixkanaka zehaztasunak txertatzen joango direla. Halaber, udalak planaren inguruan egindako lanketa begi onez baloratu zuen.

Garbiñe Oiarbide bozeramaile jeltzaleak azpimarratu zuenez, plana "beharrezkoa" izateaz gain, "eredugarria" ere izan behar du. Plana osatzerakoan parte hartu dutela, izan dituen fase guztietan, eta hemendik aurrera ere Jarraipen Batzordeak abian jarraituko duela gogorarazi zuen, "guztia baloratzen eta ñabardurak gehitzen".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide