Lurralde Plan Partzialaz egiten ari den lanketaren berri eman die aldundiak Urola Kostako udalei

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 30a, 10:00

Azahara Dominguez diputatua, UKUEren egoitzan, eskualdeko udal ordezkariekin. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak idatzi ditu dagoeneko informazio eta diagnostiko dokumentuak eta aurrerapen dokumentuak, eta orain parte hartze publikoko prozesua hasiko du. Hori azaltzeko, Urola Kostako Udal Elkartean izan da Azahara Dominguez diputatua eskualdeko udal agintari eta teknikariekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez, Urola Kosta eremu funtzionaleko indarreko Lurralde Plan Partziala (LPP) berrikusteko prozedura hasita dauka Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak. "Informazio eta diagnostiko dokumentuak eta aurrerapen dokumentuak idatzi ondoren, horri dagokion parte-hartze publikoko prozesuari ekin dio orain", jakinarazi du.

Azahara Dominguez diputatuak dokumentu horiek aste honetan aurkeztu dizkie Urola Kostako bost udalerrietako udal agintari eta teknikariei, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan egin den jardunaldian. "Elkarlanaren oinarriak eta parte hartze publiko irekia, gardena eta zeharkakoa aktibatzeko helburuarekin, bere alderdirik esanguratsuenak azaldu ditu" diputatuak. Plana idatzi duen taldearekin batera egin du aurkezpena.

Erronka nagusiak

Diputatu sozialistak planak dituen erronka nagusiak azaldu ditu, "hala nola azpiegitura berdearen eta eten ekologikoen konfigurazioa eta artikulazioa, klima aldaketarekin lotutako arriskuen azterketa, ibaiko eta itsasoko uholde-arriskua, bizitegi hazkundea, nahiz Iraetako eta Igaratzako jardueretarako lurzoru-erreserbak". Gaineratu dutenez, LPPk beste gai batzuk jorratu beharko ditu, hala nola "erronka demografikoa, etxebizitzaren arazoa eta hiri hazkundearen perimetroak".

Dominguezek aurreratu du "prozesu luzea" izango dela, eta adostasunetara iristearen garrantzia azpimarratu du: "Guztion artean azkenean onartzen diren proposamenak egia bihurtu ahal izatea lortu behar dugu. Ilusioz, desioz, begirada zabalez, itxaropenez, baina oinak lurrean jarrita lan egin behar dugu horretarako. Izan ere, lanak ez du ezertarako balioko LPPren indarraldia igarota proposamen garrantzitsuenak eta estrategikoenak garatu ezin izan badira".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide