2024-2025 ikasturteko Mintzalagun programa martxan da, eta izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazi du Urola Kostako AEK-k. Egitasmoak euskaraz dakiten pertsonak –bidelagunak– euskara ikasten ari direnekin –bidelariak– elkartzen ditu, astean ordubetez, euskaraz aritu daitezen. Horrek aukera ematen die euskara doan eta denbora librean praktikatzeko. "Mintzalagun egitasmoa aukera ezin hobea da euskara praktikatu nahi, baina norekin egin ez dutenentzat. Aldi berean, oso egitasmo interesgarria da euskaraz lagun berriak egin eta euskara ikasten ari direnei lagundu nahi dieten herritarrentzat", azpimarratu dute antolatzaileek.
"Partaideak hiruzpalau pertsonako taldetxoetan elkartzen dira, euskaraz hitz egin dezaten. Batzuek paseoak ematen dituzte; beste batzuek kafetxoa hartzen dute; bada pintxo-poteaz gozatzen duen talderik ere", esan dute. "Euskaldun berriak euskaraz hitz egiteko aukera du, bertako hizkera ezagutu eta ikasteko; jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzeko aukera du. Euskaldun zaharrak, berriz, euskaldun berriei laguntzen die, bertako hizkera erakutsiz, egiten ari diren ahalegina sarituz eta aitortuz".
Izena Internetez eman daiteke, baita 625 485 215 telefono zenbakira deituta edo urolakosta@aek.eus helbidera mezua bidalita ere.
Online taldeak eta partaideentzat zozketa eta sariak
Aurrez aurre aritzeko aukeraz gain, urriaren amaieran online taldeetan parte hartzeko aukera ere zabalduko du AEK-k. "Horretaz gain, tarteka, aparteko jarduera osagarriak ere antolatuko ditugu: hitzaldiak, txangoak, irakurtzale-klubak...".
Minzalagun programan parte hartzea doan dela gogorarazi dute, eta baita "hamaika abantaila" daudela ere partaideentzat, hala nola deskontuak eta opariak. Izena ematen dutenen artean, hilero-hilero hamar sari kutxa ere zozkatuko dituzte.
Mintzalagun programak hemezortzi urteko ibilbidea egin du Urola Kostan, 2006an ekin baitzioten egitasmoari, eta, harrezkero, "ibilbide emankorra" izan duela iritzi diote antolatzaileek. Programa Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da, eta programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Zarauzko Udal Euskaltegiak, Urola Kostako AEK euskaltegiek, eta udaletako eta udal elkarteko euskara zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak, berriz, Urola Kostako AEK-k egiten ditu.