Hitzordu berezia izan zuen atzokoan ZarautzOn elkarteak Modelon. Izan ere, bere 10. urteurreneko ekitaldi nagusia egin zuten leku horretan. Ez ziren elkarteko kideak bakarrik egon; bertan izan ziren beren familiartekoak, herritar xumeak eta ekitaldian zehar parte hartuko zuten hizlari nahiz omenduak.
Ana Belen Juaristi elkarteko presidenteak eman zion hasiera ekitaldiari, bertaratu zirenei "eskerrak" emanez. Jarraian, 10 urteetan zehar hitzaldiak eskaini zituzten zientzialariek hartu zuten hitza, bai bideo bidez eta bai aurrez aurre. Miren Altuna neurologoa, Carlos Briones astrofisikaria, Fernando Valladares biologoa eta Ula Iruretagoiena arkitektoa elkarteari buruz mintzatu ziren, eta denek nabarmendu zuten horrelako elkarte bat herrian egotearen "beharra eta garrantzia". Aldi berean, orain arte bezala lanean jarraitzeko gonbidapena egin zieten.
Jarraian iritsi zen taldeko ohorezko bazkide berriak izendatzeko momentua. Ane Bustinduy elkarteko lehendakariordeak eta Joxe Mari Larramendi lehendakari ohiak aurkezpen goxo bezain gertukoa egin zieten Ana Galarraga eta Felix Zubiari, eta azken horiek "ohore handiz" jaso zuten oroigarria. Biek nabarmendu zuten zientziak beste diziplina batzuekiko duen beharra, eta aldi berean azpimarratu zuten hori guztia euskaraz egitea ere "ezinbestekoa" dela. Hori eta gero, Anjel Lertxundi idazleak Zarautzi buruzko kontakizun bat egin zuen, hamar puntutan banatuta. Oriotik mugitu zenean bi herrien artean nabaritutako desberdintasunei buruz hitz egin zuen, azken hamarkadetan herrian eraikitako lekuez, trenbideaz, hondartzaz, herritarrez... Jardunaldiari amaiera eman zion Juan Ignacio Perez Zientza, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, eta nabarmendu zuen demokraziarentzat beharrezkoa dela horrelako elkarteak egon eta ezagutza hori zabaltzeko plazak existitzea.