Omenaldi kontzertuak izango dira ardatz Adarretatik jaialdian

Aritz Mutiozabal 2024ko ira. 23a, 16:35

Mikel Makala antolatzailea eta Iruñe Urbieta Kultura zinegotzia, Adarretatik jaialdiaren aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Urriaren 4, 5 eta 6an izango da Enbor elkarteak antolatzen duen VII. Adarretatik musika jaialdia. Munoa eta Musika Plaza agertoki nagusi bihurtuta, programazio "anitza" bezain "erakargarria" prestatu dute.

Adarretatik musika jaialdiaren zazpigarren edizioa prest dago, eta azken urtetako dinamika beretik, urriaren 4tik 6ra ospatuko da. "Hiru egunez Euskal Herriko eta munduko hainbat txokotako musikariren plaza" bihurtuko da Zarautz. Udaleko Kultura zinegotzi Irune Urbietak zehatz definitu du jaialdiaren muina, eta urtero bezala, aparteko musika eskaintzaz "gozatzeko" abagunea eskainiko duela gaineratu du. Zentzu horretan, esker hitzak baino ez ditu izan egitasmoa antolatzeaz arduratzen den Enbor elkartearentzat.

Zazpigarrenez antolatzea ez dela "batere makala" hitz-jolasa eginez ekin dio hitzartzeari Mikel Unzurrunzaga Makala-k, eta "espero dugu beste horrenbeste betetzea". Txantxak albo batera lagata, jaialdiak betiko ildoari eusten diola nabarmendu zuen, baduela asko musika beltzetik; hala nola soul, funk, latin, jazz eta halako generoetatik. Edonola ere, ez dela batere hertsia, "iaz erakutsi genuen moduan", eta aurten ere, bistakoa dela "aniztasuna" programazioari gainbegirada bat emanez gero. Gainera, berezitasun moduan, aurten tributu edo omenaldi kontzertuek pisu handia izango dute.

Bartzelonako Nacion Funk Soul Station taldeak, Michel Clavero abeslariaren kolaborazio bereziarekin, James Brown artista handiaren abestiak taularatuko ditu Munoa plazan; urriaren 4an izango da, 23:15etik aurrera. Soularen aitabitxia edo Mr Dynamite goitizenez ezaguna izan zen Brown, eta Michel Claverok, hain justu, Mr Dynamite bezala aurkeztu du bere burua Zarauzko emanaldirako.

Hurrengo egunean, urriaren 5ean, Bilboko Munlet bikoteak 2023an argitaratu zuen Munlet Plays Devo diskoa joko du. AEBeko new wave eta post-punk taldearen abesti gogongarria interpretatuko ditu haiek erabiltzen zuten janzkera erabilita. Urriaren 6an, azkenik, Gernikako Aundience boskoteak Bob Dylan berrikusia emanaldia eskainiko du, 19:00etan hasita, Modelon; Xabier Paya idazleak euskaratutako Dylanen poemak izan zituen oinarri taldeak, 2023an Bide Huts ziguluarekin diskoa ateratzerakoan. Azken kontzertu hori ordainpekoa izango da, 5 euroren truke, eta dagoeneko salgai dago Modeloko leihatilan eta online bidez.

Erakargarritasun handikoa

Urtetik urtera, gero eta interes handiagoa sortzen ari da jaialdia, bai Euskal Herrian bai kanpoan. Ondorioaz, Adarretatik musika zirkuituan ongi egonkortu den seinale dela dio Makalak. Aipatu hiru kontzertu bereziez gain, egundoko erakargarritasun duten emanaldiek osatuko dute urriko lehen asteburua: Jamaikako doinuak Txarly Brown disko jartzaile ezagunaren eskutik; Katapulta Tour zirkuituarekin elkarlanean, Esanezin taldearen gaztetasuna; Crazy Jazzers emanaldi ibiltaria; eta Tito Ramirez maisuaren ikuskizuna, Espainiako rhythm & blues eszenako artista ospetsuenaren deskarga musikala.

Bestalde, herriko musikari eta artistei ere bide eman nahi die Enbor elkarteak, eta hala, Zarauzko Bermuda Kolektiboko Danel Esnal Xiarroman eta Iñigo Aramendi Anwolt kideak gonbidatu dituzte, DJ emanaldia egin dezaten. Saioa urriaren 6an izango da Musika Plazan, eguerdian, poteo orduan. "Badute irratsaio bat, Bermudatik izenekoa, Arraio irratian, oso interesgarria dena, eta Euskal Herriko musika elektronikoa lantzen duten izen ezagunenak bertatik pasatu dira", zehaztu du Makalak. "Gaztetxean hainbat festa antolatu izan dituzte, Lege Berriarekin batera, eta oso jende aktiboa da. Beraz, oso inportantea iruditzen zitzaigun herriko harrobia aldarrikatzea, eta haiei plaza eskaintzea"

Bi agertoki nagusi izango ditu jaialdiak: bata, Munoa plaza, eta bestea, Musika Plazako kioskoa. Bidenabar, Modelo aretoa ere erabilgarri izango dute eguraldi txarra egingo balu; horrez gain, azken eguneko Audience taldearen kontzertua Modelon bertan dago iragarrita. Publiko guztiari zuzendutako programazioa osatu dutela azpimarratu du Adarretatik-eko antolatzaileak, eta "herriak erantzutea" nahi du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide