Udalak Mugikortasun Laborategia "esperientzia oso motibagarria" izan dela adierazi du

Julene Sorarrain 2024ko ira. 21a, 12:00

Herritarrak Mugikortasun Laborategian parte hartzen, malekoian. (Zarauzko Udala)

Haurrek, gazteek, helduek eta dibertsitate funtzionala duten pertsonek bi proba pilotutan parte hartu dute, espazio berean modu desberdinean mugituz, elkarbizitzarako duten gaitasuna ezagutzeko.

Mugikortasunaren Europako Astearen barruan Zarauzko Udalak antolatu dituen jardueren artean, irailaren 18an eta 19an Zarauzko Malekoian burutu diren "Mugikortasunaren Laborategiko" bi saioak nabarmendu ditu Zarauzko Udalak. 

ArantzazuLaben eskutik, Mugikortasun Laborategiaren bi jardunaldi egin dituzte. Ekimen honen bi saioetan, herritarrek ariketa praktikoak egin dituzte udaleko Bide-Hezkuntzako eta Mugikortasuneko taldeak zuzenduta, eta haurrek, helduek eta dibertsitate funtzionala duten pertsonek parte hartu dute. "Esperientzia oso motibagarria izan da, eta parte-hartzaileek lehen pertsonan bizi ahal izan dute zer den espazio komun bat partekatzea mugikortasun eredu ezberdinekin; harmonia, elkarbizitza eta enpatia ariketa izan da", azpimarratu dute udalak.

Ariketak Malekoian egin dira, eremu mugatu batean; bertan, parte-hartzaileek bizikletan, patinete elektrikoan edo oinez mugitzeko aukera izan dute. Haurrek, bitartean, eremu mugatuan pilatu diren ibilgailuen artean, antolatzaileek banatutako fitxak jaso behar izan dituzte. Denbora tarte horretan, mugikortasun eredu ezberdinen arteko elkarbizitza gertatu da. Hau da, araurik gabeko espazio partekatu batean zer gerta daitekeen aztertzea izan da jardueraren xedea.

Esperimentu honen arduradunen hitzetan, "batez ere, enpatia ariketa bat izan da, adin eta joera ezberdinetako herritarrek elkar entzuteko parada izan dugu. Oso ariketa interesgarria izan da, eta, bide batez, etorkizuneko beharrak identifikatzeko baliagarria”.

Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza

"Mugikortasun Laborategia", Zarauzko Udalak uztailean aurkeztu zuen ‘Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza’ berrikuntza sozialeko proiektuaren jarduera-ildoen barruan kokatzen da, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren eta Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren markoan.

Aurkezpenean, Iker Basurko Zarautz 2030, Proiektu Estrategikoak eta Mugikortasuneko zinegotziak gogoratu zuen bezala, "guztion ardura da udalerriko mugikortasuna hobetzea eta eredu ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzea. Hori da Zarautz seguruagoa eta atseginagoa bihurtzeko bidea. Lankidetza funtsezkoa da helburuak lortzeko, erakunde ezberdinen artekoa, baita udalerri mailakoa ere: eragileak, herritarrak... Guztion arteko zeharkako inplikazioa espero da, elkarbizitzaren eta mugikortasun jasangarriaren alde ".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide