Herrimamituz bertso ikuskizunaren bigarren alearekin abiatuko du gaur iluntzean Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak udazkenerako antolatu duen kultur programazioa. Andoni Egaña eta Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariak ariko dira beste behin, Xabier Alberdi historialaria lagun dutela, herriko pasarteak bertsotan mamituta taularatzen. Emanaldia 20:00etatik aurrera izango da Modelo aretoan, eta sarrerak 6,25 euro balio du.
Kultur agenda irailean hasiko da eta abendura bitartean luzatuko da, hainbat diziplinatako eskaintza eginez: antzerkia, musika, dantza, erakusketak eta literatura solasaldiak, besteak beste. Musikari dagokionez, urriaren hasieran Adarretatik jaialdiaren zazpigarren edizioa hartuko du herriak, Enbor elkartearen eskutik; azaroaren 22an, Anari bakarlari azkoitiarrak Giza Zarata lan berria aurkeztuko du bere taldearekin; eta abenduaren 13an, Zarautz Trik elkarteak antolatuko jaialdiaren barruan, Tapia eta Leturia Band taldeak joko du .
Arte eszenikoek protagonismo nabarmena izango dute beste urte batez. Galiziako Colectivo Glovo konpainiak Tabú dantza ikuskizuna eskainiko du urriaren 18an; bost dantzarik bost emakume interpretatuko dituzte, haien tabuak erakutsi asmoz. Astebete geroago, Katapulta plataformarekin elkarlanean, Lauzpabost stand up bakarrizketa saioa izango da dohainik, eta Julen Portillo, Iker Plazaola, Mikel Irazusta, Maria Blanco eta Maialen Sorzabalberek hartuko dute parte.
Antzezlan nabarmenak
Kultura sailak kontuan hartzeko antzerki obrak ekarriko ditu herrira. Urriaren 30ean, Pabellon 6 taldeak Lizar Begoña, Grace Doniz eta Ainhoa Artetxek ondutako Llamalo X antzezlana. Azaroaren 8an, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza aktoreak protagonista dituen Artea umorezko ikuskizuna izango da ikusgai. Abenduaren 5ean, aldiz, Artedrama konpainiaren Miñan taularatuko dute; Amets Arzallusen liburu arrakastatsuan oinarrituta, Gineatik anaiaren bila abiatutako Ibrahima Balderen istorioa izango du kontagai, Ander Lipusen zuzendaritzapean.
Haurrei zuzenduta ere ez faltako eskaintzarik eta, orotara, bost ekitaldi antolatu dituzte. Irailaren 29an, Olaiaren lorategia eskainiko du Pájaros Pintados konpainia nafarrak; urriaren 27an, Kontu kontari III. Zimurren artean kontu kantari antzezlana; azaroaren 24an, Di Filippo Marionette konpainia italiarraren Hari batetik zintzilik txotxongilo ikuskizuna; eta abenduaren 22an, familia osoarentzako Gabonetako Magia Gala, Odei, Marsel, Peio Rivas eta Eriz magoekin.
Zirku ikuskizuna ere izango da abenduan. Hain zuzen ere, Berdinki konpainiak bere azken lana estreinatuko du hilaren 20a, Leinu izenburupean. Irati Gonzalez irundarrak eta Koldo Arakistan zarauztarrak haien proiekturik berriena eskainiko dute Modelon.
Programazioaren barruan jasota dauden musika, antzerki eta dantza emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak gaur bertan jarriko dituzte salgai Modeloko txarteldegian eta Kutxabanken sarrera salmenta plataforman.
Nabarmendutako ekitaldiez aparte, programazioa beste hainbat elkarte eta udaleko departamentuk antolatutako emanaldiekin osatuko da. Horrez gain, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetako bat jokatuko da herrian; Aritzbatalde kiroldegian izango da, azaroaren 24an.
Erakusketak erakusketa
Ohi bezala, hainbat erakusketaz gozatzeko parada izango da herriko hiru gune publikotan, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Merkatu plazako lehen solairuan Euskal Jaia 100 urte erakusketa dago ikusgai, baina hauek bisitatzeko azken egunak izango dira, izan ere, igandean itxiko ditu ateak.
Sanz Eneako erakusketa aretoak bi mostra jasoko ditu: bata, Carlos Indaren pintura lanek, urriaren 3tik azaroaren 10era, eta bestea, klasiko bat den Zarauzko Nazioarteko Argazki Mostra, azaroaren 15etik urtarrilaren 12ra.
Torre Luzean ere bi erakusketa egingo dituzte datozen hilabeteetan. Lehena, datorren ostegunean zabalduko dute, eta Iñaki Morenoren marrazkiez osatuta egongo da; bigarrena, Zarauzko Argazkizale Elkartearen erakusketa izango da, azaroaren 8tik urtarrilaren 5era.
Bestalde, aurten ere irakurle taldeak elkartuko dira solasaldietan: euskaraz, Nerea Loiolaren gidaritzapean, eta gaztelaniaz, berriz, Slawka Grabowskarekin.