Adikzioen plana osatzeko galdetegia bete daiteke jada

Intza Trula 2024ko ira. 20a, 10:00

Ane Soraluze Sasoian elkarteko teknikaria, Sorkunde Portularrume Ekintza Soziokomunitarioko teknikaria eta Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotzia. (Intza Trula)

Urriaren 7ra arte izango dute herritarrek erantzuteko aukera. Bildutakoarekin datozen lau urteetarako prebentzio plana definitzea da Zarauzko Udalaren asmoa.

Adikzioen inguruko bosgarren planaren plangintza aurkeztu du Zarauzko Udalak Sasoia elkartearekin lankidetzan. Plana osatzeko bidean, herritarrei begirako galdetegi bat prestatu du; galdetegi hori urriaren 7ra arte bete ahal izango da honako lotura honetan, eta erantzunak guztiz anonimoak izango dira.

Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak azpimarratu duenez, adikzioen gaia "pil-pilean" dago egun, eta udalak 22 urte daramatza esparru hori lantzen. Urte hauetan adikzio bakoitzaren pisua aldatzen joan dela ere gehitu du: "Aldaketa horiek kontuan izan nahi ditugu bosgarren plan honetan, eta horregatik herritarrek parte har dezaten behar dugu". Substantzien kontsumoa ez ezik, jokoek eta teknologiek sorrarazten duten menpekotasuna ere aztertuko dute galderen bitartez.

Ane Soraluze Sasoia elkarteko teknikariak azaldu ditu prozesuaren nondik norakoak. Hark aipatu duenez, Zarauzko adikzioen plana osatzeko lehen urratsak eman dituzte jada: "Galdetegiak erantzuten ari dira Zarauzko zenbait ikastetxetako ikasleak; LH6. mailatik hasi eta Lanbide Heziketara bitarteko haurrak eta gazteak, hain zuzen ere". Datu horiekin herriko gazteen ikuspuntua jasoko dute; orain, ordea, herrira zabaldu dute galdetegia.

Behin galdetegi horiek betetzeko epea amaituta, jasotako datuak partekatu eta eztabaida taldeak osatuko dituzte, diagnostikoa egiteko eta hausnarketarako iritziak eta proposamenak biltzeko. Eztabaida taldeak osatzeko honako arloak hartuko dituzte kontuan: udaleko teknikariak eta politikariak, gizartea eta osasuna, Osakidetza, osasun publikoa, adikzioetan eta prebentzio-esparruan lan egiten duten elkarteak (Agipad, Gizakia Helburu, Minbiziaren aurkako elkartea…), aisialdia (Gaztelekuko hezitzaileak, herriko aisialdi taldeak, kirol elkarteak, jai batzordeak, dantza taldea…), hezkuntza (ikastetxeak, guraso elkarteak…) eta komunitatea (ostalari elkartea, dendari elkartea, auzo elkarteak, adineko pertsonen elkarteak…). "Kolektibo ezberdinen ikuspuntua jasotzea da asmoa, plana borobiltzeko", zehaztu du Soraluzek.

Helburua da, etorkizunerako neurri zehatz batzuk ezartzen lagunduko duen plan bat osatzea prebentzioaren, sentsibilizazioaren eta osasun-hezkuntzaren arloan eta maila komunitarioan garatzeko. Hori hala, adikzioen diagnostikoan bildutakoarekin eta eztabaida taldeetako proposamenetatik abiatuta datozen lau urteetarako prebentzio plana definituko du udalak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide