Maite Fernandez de Casadevante: "Beste urrats bat egin nahi nuen, eta ezin izan nion aukerari ihes egiten utzi"

Aitziber Arzallus 2024ko ira. 19a, 11:00

Maite Fernandez de Casadevante, Estoniako Vimsii taldearekin. (Utzitakoa)

Maite Fernandez de Casadevante (Zarautz, 2002) elkarrizketatu du Gukasteka Zarauzko astekari digitalak. Estoniako Viimsi taldeak fitxatu berritan, bere egunerokoaz eta ametsez jardun du erdilari zarauztarrak.

Estoniako Viimsi taldeko jokalaria zara duela hilabete pasatxotik. Nola sortu zitzaizun Zarautz utzi eta horra joateko aukera?

Txikitatik jokatu izan dut futbolean, eta Zarautzen egin ditut urterik gehienak, 2020-2021 denboraldia izan ezik; urte horretan Oiartzungo taldearekin aritu nintzen. 11 urte nituenetik Realarekin entrenatzen ere ibili izan naiz; talderako ere hartu nahi izan ninduten, baina neure burua, mentalki, ez nuen horretarako prest ikusten, eta Zarautzen geratzea erabaki nuen. Azken urtean, ordea, gogoa neukan beste urrats bat aurrera egiteko, aukera hau sortu zitzaidan, Estoniako lehenengo mailako talde batekin jokatzekoa, eta ezin izan nion aukerari ihes egiten utzi; hemen nago duela bost bat astetatik.

Estoniako Viimsi taldeak nola izan du zure berri?

Hasiera batean Tenerifeko [Espainia] talde batera joateakoa nintzen, baina fitxa egiteko-eta pixka bat berandu ibili ginen, eta azkenean, ezinezkoa izan zen. Tenerifeko taldeak eta Estoniako talde honek hitzarmen bat dutenez, hona etortzeko proposamena egin zidaten, eta ikusita aukera hau bakarrik neukala, baiezkoa eman nuen. Lagun baten bidez sortu zitzaidan aukera. Idatzi zidan esanez Tenerifeko taldeko entrenatzailea profil jakin bateko jokalari baten bila zebilela, eta jokalari hori ni izan nintekeela. Lagunaren kirol agenteak lagundu dit gauza guztiak lotzen.

Zarautzek ez du lehen mailan jokatzen, baina Vimsiik, bai. Alde handia nabaritu al duzu batetik bestera?

Bai, aldea oso nabarmena da esparru guztietan. Lehiatzeko orduan ez ezik, bestela ere antzeman egiten da; hemen askoz profesionalagoa da dena, askoz planifikatuago dute dena, eta gehiago begiratzen diote errendimenduari. Gainera, nire kasuan, futbolerako bakarrik nago hemen eta futboletik bizi naiz, beste lanik egin beharrik gabe, eta horrek, futbola beste era batera hartzeko aukera ematen dit. Egia esan, neu ere harrituta nago ikusita hemen zer-nolako apustua egiten duten emakumeen futbolaren alde.

Elkarrizketa osorik Gukasteka Zarauzko astekari digitaleko seigarren zenbakian dago irakurgai. Gukasteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide