Bukatu da Zarautz-Lur enpresa publikoaren auziko epaiketa, fiskaltzak akusazioak atzera bota ostean. Jon Urien Zarauzko alkate ohia absolbitu egin dute administrazio prebarikazioa egitea egotzita leporatzen zizkioten bi karguetatik. Auziko bigarren akusatuak, berriz, Kenari Orbe Zarautz-Lurreko kudeatzailea zenak, onartu egin ditu gauzatutako irregulartasunak, alegia, prebarikazioa egin izana eta diru publikoa bidegabeki erabili izana, eta onartu egin du bi urteko kartzela zigorra eta 55.000 euro itzultzeko betebeharra bere gain hartzea ere.
Berez, astelehenean ziren epaiketa hastekoak, baina 48 orduko tartea eman zien epaileak aldeei akordio bat egiteko. Enpresa publiko horretan izandako ustezko irregulartasunak direla eta, hamazazpi urteko inhabilitazioa eskatu zuen fiskalak Urienentzat, eta hamar urteko kartzela zigorra Orberentzat.
Epaiketa bukatuta, "pozik eta lasai" agertu da Urien. "Hamahiru urte auzi honi bueltaka luze joan dira, baina egin beharrekoa egin genuen eta, azkenean, bukatu behar zuen bezala bukatu da auzia", adierazi dio Gukari.
Urien alkate ohiak —EA eta Hamaikabateko kide ohia— fiskaltzara jo zuen 2011. urtean, Orbe salatzeko, eta horrekin batera abiatu zen gaur arte luzatu den auzia. Orbe Zarautz-Lurren kudeaketaz arduratzen zen, AGM Abogados enpresako —egungo BMP Abogados— ordezkari gisa, eta, 2006 eta 2009 bitartean, Zarautz-Lurren kudeaketan, 175.000 euro inguruko ustezko irregulartasunak egin zituen. Zarauzko Udalak 2005ean sortu zuen Zarautz-Lur, udal zorua kudeatzeko.
Irregulartasunak gertatu zirelako zantzu nahikoak ikusi zituen fiskalak Urienen salaketaren harira, eta Azpeitiko Epaitegira bideratu zuen kasua. 2013ko apirilean deklaratu zuen han Urienek, lekuko gisa. Baina deklarazio horren ondotik, epaileak Urien bera ere inputatzea erabaki zuen, argudiatuz haren sinadura beharrezkoa zela hainbat gastu egitea baimentzeko. Urienen esanetan, epaileak egin beharrekoa egin zuen orduan. "Ni inputatzea, neurri batean, erabaki logikoa izan zen, 12.000 eurotik gorako kobraketak egiteko nire sinadura beharrezkoa zuelako, baina gauzak ondo begiratu izan balituzte, ez zatekeen auzia hamahiru urtez luzatutako, eta ez ziguten horrenbesteko nekerik eragingo. Orduan egin behar zutena egin dute orain".
Gertatuak gertatu, mezu baikorra helarazi du Urienek: "Auzi honekin argi ikusi da kargu publiko bati horrelako gauzak gerta dakizkiokela. Beste batzuekin elkarlanean ari zaren momentutik, haietako edonoren akatsek eragin egin diezazukete. Dena dela, jarraitu nahi nuke jendea animatzen beren herriko udaletan karguak hartzera, baina gomendatuko nieke argi eta kontuz ibiltzeko eta gauzak txukun egiteko. Bakarrik erantsi, guk, gure aldetik, egin behar genuena egin genuela, nahiz eta horrek hamahiru urteko auzi neketsu honetara eraman gaituen. Orain pozik eta lasai nago dena bukatu delako".