Nola murgildu zinen moda munduan?
Nahiagabe ekin nion. Bat-batean moda eskola bat topatu nuen, eta «Uste dut hau dela egin nahi dudana» pentsatu nuen nire kolkorako. Beraz, izena eman nuen eta ohartu nintzen moda zela bizitza honetan egin nahi dudana.
Modak aldaketak izan ditu ala urteak igaro arren beti ildo berari eutsi dio?
Moda oso aldakorra da, eta beti dago aldatzen. Beti daude joera berriak, baina atzera ere itzultzen gara, 60-70-80eko hamarkadetara, eta, azkenean, sorgin-gurpil batera garamatza. Edonola ere, gure garaietara egokitzen ditugu, eguneratu egiten ditugu.
Une honetan zer proiektu dituzu esku artean?
Orain nire kolekzio berria aurkeztuko dut, baina oraindik ez dakit noiz eta non izango den. Erdoil 2024. Ongietorri infernura izena dauka, eta gay esparruaz hitz egiten du, Grinder aplikazioari buruz; besteak beste, nola pertsona diskretuak dauden eta gay femenino eta maskulino batek nola jolasten duten app horretan. Une honetan, proiektu horretan nago buru-belarri.
Nondik sortu zitzaizun ideia?
Egia esan, portfolio bat egiten ari nintzela sortu zidatzaidan. Lagun batekin hitz egiten ari nintzen, eta hark erdoil hitza aipatu zuen. Oso izen polita iruditu zitzaidan euskaraz, baita bere esanahaia ere. Buruari buelta batzuk eman ondoren, Grinderrarekin lotu nuen, izan ere, aplikazioaren logoa maskara laranja bat da. Beraz, kolore hori erdoilarekin erlazionatu nuen, eta proiekturako ezin hobe etorri zitzaidan.
Zer-nolako materialak erabiltzen dituzu?
Normalean, birziklatutako materialekin egiten dut lan; erabilitako arropak hartzen ditut, eta hortik abiatuta jantzi berriak sortzen ditut.
Etorkizunari begira, zer espero duzu?
Espero dut dena goraka joatea. Gutxinaka-gutxinaka noa, eta horrela oso ongi doa. Egia esanda, ez naiz gehiegi konturatzen, gauza bat bestearen atzetik egiten ari naizelako, baina atzera begira jartzen naizenean, ohartzen naiz 2020tik asko hazi naizela diseinatzaile moduan.
Bideo-elkarrizketa GUKAsteka Zarauzko astekari digitaleko seigarren zenbakian dago ikusgai. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.