Zarauzko Udal Euskaltegiak 42. ikasturteari ekingo dio aurki, eta hori baliatuta, eskaintzari buruzko azalpenak emateko aurkezpena egin dute gaur Irune Urbieta Euskara zinegotziak eta Maite Egiguren Zarauzko Udal Euskaltegiko zuzendariak. Urtero bezala, 2024-2025 ikasturtean ere eskaintza "zabala" izango dutela azaldu dute aurkezpenean, maila guztiak eskainiko baitituzte, A1tik hasi eta C2raino.
Ikasketa moduari erreparatuz gero, Urbietak azaldu du aurrez aurreko ikastaroak nahiz autoikaskuntza bidezkoak eskainiko dituztela iaz bezala. Aurrez aurreko ikastaroei dagokionez, C1 mailara arte eskainiko dituzte, eta autoikaskuntza bidezkoetan maila guztiak. Urbietak gogoratu du jubilatuentzat ere egongo direla ikastaroak, baita AISA-harrera ikastaroak ere, Gizarte Zerbitzuetako sailarekin elkarlanean. Ostalarientzako programak eta DBH mailan dabiltzan etorkin gaztetxoentzat ere eskainiko dituzte aurten saioak.
Egutegiari buruzko azalpenak ere eman ditu Egigurenek. Bere hitzetan, oinarrizko mailatako eskolak astean lau egunetakoak izango dira, eta aurreratuagokoak hiru egunetakoak. Autoikaskuntza bidezkoei dagokionez, EuskaraOn euskaltegi birtuala erabiliko dute, ikasleei etxetik ikasteko aukera emateko, baita bertatik lan egiteko unitateak eskuratzeko ere. Bertan, ikasleek tutoretza saioak izaten dituzte irakasleekin, baita mintzapraktika saioak ere. Tituluak lortzeko laguntza ere eskaintzen dutela gogoratu nahi izan du Egigurenek.
Laguntza ekonomikoa euskara ikasteko
Finantziazioari dagokionez, beka sistema eskainiko du aurten ere udalak. Horren bitartez, ikasleek %75eko deskontua izan dezakete matrikulan, betiere klaseetan %80ko asistentzia bermatzen badute -ikastaroak erabat doan izango dira langabetuentzat-. C1 maila helburu duten 16-18 urteko gazteek ere diru laguntzak eska ditzakete, baita A1 mailan euskara ikasten hasi nahi duten herritarrek ere. Bestelako laguntzak ere eskaintzen dituztela azpimarratu du Euskaltegiko zuzendariak.
Gai horri buruzko nahiz bestelako zalantzak dituztenek, edota ikastaroetan izena eman nahi dutenek horretarako aukera izango dute irailaren 20ra arte. Beraiekin kontaktuan jartzeko bideak zeintzuk diren azaldu du Egigurenek: 943-13 11 53 edo 943- 85 50 84 telefono zenbakietara deitzea, edo euskaltegira bertara joatea, Iturribide kaleko 28-30 zenbakietara, 9:00etatik 19:00etara.
Ateak edozeinentzat irekita
Irune Urbieta Euskara zinegotziak aditzera eman duenez, udal euskaltegiaren helburua euskara ikastea da, "bai zerotik hasten direnek edota maila hobetu nahi dutenek". Orokorrean ikasleek "emaitza onak" izaten dituztela gehitu nahi izan du, eta horregatik animatu nahi izan ditu zalantzan daudenak pausoa ematera. "Laguntzak eskaintzen jarraituko dugu azterketak gainditzeko, baina guretzat garrantzitsuena gure hizkuntza ikasi eta erabiltzea da", gaineratu du.
Egigurenek, bere aldetik, azaldu du beraien esperientzia guztia baliatzen dutela "hizkuntza ahalik eta ondoen irakasteko", eta nabarmendu nahi izan du Udal Euskaltegiaren metodologia eta hizkuntza mailak Europako Erreferentzia Markoaren barruan daudela. "Ardatza ikaslea eta bere beharrak dira", azpimarratu du.