'Agerpenak, paper gaineko arkitekturak' erakusketa zabaldu du Belen Arevalok Photomuseumen

Intza Trula 2024ko ira. 4a, 13:00

Iruñean jaiotako artistak metalean eta paperean tolestutako piezekin ondu du erakusketa, eta haiek landuz, ilusio optiko bat sortzea lortu du. Erakusketa urriaren 20ra arte egongo da zabalik, Photomuseum argazki eta zinema museoan.

Aldi baterako erakusketen barruan, Agerpenak, paper gaineko arkitekturak erakusketa zabaldu berri du Belen Arevalok Photomuseum argazki eta zinema museoan. Arevalok osatutako proiektuan, piezak hormen gainean flotatzen ikus daitezke, ilusio optiko bat sortuz. Atzo zabaldu zuen erakusketa, eta urriaren 20ra arte bisitatu ahal izango da, asteartetik igandera bitartean, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Erakusketa osatzen duten piezak paperean eta metalean tolestuta daude, eta begiratzeko modu desberdinen ideiaren inguruko proposamen kontzeptual bat dakarte. Pieza horietako bakoitzak, gainera, QR kode bat ere badu, haren sorkuntza hiru dimentsiotan ikustea ahalbidetzen duena.

Hala, Arevalok kalitate laminar zehatz, sintetiko eta biribileko irudiak sortzea lortu du, batez ere paisaiak irudikatuz. Irudi horiekin, gauzen oroimena eta haien trinkotasuna bi dimentsiotakoa izango litzateke, azalekoa bakarrik, baina, lamina horiek erupzio, presio eta tolesturen mende jarri ditu artistak, gizakiak bere baitan dituen eta inguruan proiektatzen dituen argi-itzalen hiru dimentsioak azaleratzea lortuz.

Belen Arevalo Iruñean jaio zen, eta diziplina anitzeko artistatzat du bere burua. Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hainbat diziplinatako lanak egin ditu: hala nola xilografia, litografia, argazkigintza edo zeramikakoak. Sorkuntzaren arlo guztietan esperimentatzea gustatzen zaio Arevalori eta argazkigintza, pintura, obra grafikoa, eskultura edo bideogintza ditu adierazpide.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide