Abokatua da ikasketaz eta udal aholkularia lanbidez Olatz Mercader (Zarautz, 1976). Minbiziaren gaineko tabuak hausteagatik eta Patxi Ezkiagarengandik jasotako sexu-abusuak salatzeagatik egin da ezagun. Bizitako dramez barre egiteko eta eginarazteko gai da, baina hitzek eraldaketarako duten indarra ahaztu gabe; ez du kontatzeagatik kontatzen.
Broma bat dirudi, baina minbiziari esker bihurtu zara ezagun.
Hau guztia dator Julene Illarramendi lasartearraren ama bularreko minbizi metastasikoaren ondorioz hil zelako, eta iruditu zitzaion minbiziaren inguruan tabu eta itzal asko zeudela. Orduan, Miren Cuerdorekin batera elkarte bat jarri zuen martxan. Ni burusoil nengoenean zapi solidarioen proiektua atera zuten, eta esan zidaten ea atera nahi nuen zapiarekin burusoil. Zarauzko torreoian elkartu ginen eta han azaldu ziren beraiek biak Iratxe Etxeandia argazkilaria, makilatzailea… Ez ninduten begiratzen minbizia zeukan Olatz gaixoa bezala, begiratzen zidaten pertsona bati bezala. Eta pentsatu nuen, nik zera horren parte izan nahi nuela.
Gerora, Izan Inurri elkarteak antolatutako bertso saioetan ikusi zaitugu gai-jartzaile, eta oso gai dramatikoak aurkeztu dizkiguzu, baina beti jarri gaituzu gu eta publikoa barreka.
Inurrin beti esaten dugu komedia dela drama gehi denbora. Guk bizi izan duguna drama bat da, baina barre egiten dugu aurretik negar asko eginda gaudelako, eta umorea gutako askorentzat bizirik irauteko tresna izan delako.
Minbiziarekiko ikuspegia aldatu diguzue askori.
Gure gizartean gauza negatibo guztiak tabuak dira: heriotza tabua da, gaixotasuna tabua da… guk esan duguna da hau bizitzaren parte bat gehiago dela. Minbiziaren errelatoa sendatu direnekin eraiki da, baina zer gertatzen da metastasia daukan eta ume biren ama den 35 urteko emakumearekin? Hura bizirik dago, baina gure gizarteak ez du ezer jakin nahi. Ez da polita, ez da larrosa: sekulako “marroia” da. Baina “marroi” horri heldu egin behar diogu. Minbizia dugunoi esaten zaigu mozorrotu zaitez pertsona osasuntsuz, jarri guapa eta izan zaitez lehen zinena, baina gaixorik dauden pertsona horiek izateko zilegitasuna daukate eta bizirik dauden bitartean letra guztiekin bizitzeko aukera izan behar dute.
Zuen leloetako bat da, hain zuzen, “hil arte bizi”.
Nik aitortzen dut ez naizela sekula drogatu kimioterapia hartzen hasi arte. Ez dakit haren eraginez edo, baina buru argitasun tarte bat izan nuen: “Aizue, erratuta gaude, txerri gantxoarekin goaz beti eta hau ez da bizitza, hau irautea da”. Drogak kendu zizkidaten, eta bueltatu naiz egunerokora, baina kapitalismoaren logikak aisialdian ere produzitzera eramaten gaitu: Zegama-Aizkorri, triatloiak… eta ez. Egon. Egon eta izan.
Badirudi kolpe bat behar dugula irauten baino ez gaudela konturatzeko, baina kolpea eta gero irautera itzultzen gara?
Bai eta ez. Ez zara aurreko planora bueltatzen. Norbere buruarekin konektatzeko halako gaixotasun bat pasatu beharra gogorra da. Jendeak zure burua zaintzeko zilegitasuna eman diezazun hara noraino iritsi behar duzun. Eta zuk pentsatzen duzu “hau gaixorik egon gabe ere ez legoke gaizki”.
Zenbateraino da garrantzitsua minbiziaren inguruko hizkuntza aldatzea?
Hizkuntza belikoak nazka ematen du. Minbizia nire zelulak dira: gaiztotu egin diren nire zelulak. Zeren kontra egin behar dut, nire buruaren kontra? Gainera, horrek zer esan nahi du: hil zaizkigun ahizpa guztiek porrot egin dutela? Ea joaten garen epika zeken horretatik lirika polit batera.
Zuen kasuan lirikara ez dakit, baina pertsonaletik kolektiborako bidea egin duzue.
Minbizia duzunean kulpa eta beldurra sentitzen dituzu. Medikuntzak oso harreman onak ditu minbizia duten zelulekin, baina minbizia daukagun emakumeekin ez hainbeste. Denok behar dugu ulertu eta besarkatuko gaituen kolektibo bat. Hautu konplikatuak egin behar dira: bularra kendu, berreraiki edo ez, tratamendua hartu, tratamenduari uko egin… eta espazio seguru bat izatea horretaz guztiaz askatasunez eta epairik gabe hitz egiteko beharrezkoa da. Gero noski, gaixook osasun sistemaren gabeziak pairatzen ditugu. Ez langileen aldetik, ze alde horretatik tratu ona jasotzen dugu normalean, baina entzuten duzu Amancio Ortegak dohaintza bat egin duela, eta protoiterapiarako makina batean 26 milioi euro inbertituko direla, eta pentsatzen duzu agian guk nahiago genukeela zoru pelbikoko fisioa, edo sexologoa, edo psiko-onkologoa edo nutrizionista. Ederra izango litzateke Abiadura Handiko Trena finantzatzea EITB maratoiarekin eta minbiziaren ikerkuntza eta gaixoentzako baliabideak gure zergekin. Hori da inurrion utopia.
Gizartean, hala ere, minbiziaz hitz egiten dugunean ez gara sexologoaz, nutrizionistaz, fisioaz… ari.
Diskurtso kolektiboan minbizia daukan pertsona burusoil dago, egun guztia botaka. Halako momentuak badira, baina jendeak minbiziarekin oposaketak atera ditu, edo joan da Stockholmera Erasmusen dagoen bere alaba bisitatzera. Eta hori ere minbizia da. Tratamenduak ez dira bukatzen kimio edo erradioterapiarekin. Gerora etortzen dira inmunoterapiak, hormonoterapiak… eta albo ondorioak latzak dira. Ni neu hiru urte eta erdi eta gero, tratamendua uztera noa. Erabaki zaila izan da, nik ez dut berriro gaixotu nahi, baina tratamenduak depresioa eragiten du, insomnioa, desio falta… eta nik ez dut nire bertsio gutxitua izan nahi.
Ordea, bizirik egoteko aukera izanda, zertarako nahi duzu desioa?
Nik nire grina eta gose guztiekin jarraitu nahi dut bizirik. Kontua da inork ez dizula konbertsazio hori planteatzen, eta zuk adorea behar duzu profesional bati hori azaltzeko, eta profesional horrek mari zikin bat izango bazina bezala begiratzen zaitu, eta esaten dizu ea probatu duzun aluan pote urdineko Nivea botatzea. Protoiterapia ez, arren: finantzatu sexologoak edo formatu pertsona hauek erantzun egokiak emateko gai izan daitezen. Izan ere, ni pribilegiatua naiz eta tratamendu asko finantzatu ahal izan ditut, baina zer gertatzen da baliabiderik ez duten emakumeekin?
Entzuten zaitudanero pentsatzen dut zein ahaldunduta zauden.
Ez, ez. Tote bag famatu batek dioen moduan: hemen denok gure traumak eta “mobidak” dauzkagu.
Hitz egingo dugu Patxi Ezkiagaz?
Bai.
"Niri bere bulegora joateko deitu zidan, eta zakila kanpoan zuela bere altzoan esertzeko eskatu. Nik ordurako banekien zer bilatzen zuen gizon hark, 16 urte neuzkan, eta ez ninduen nahastu"
Indartsuak ematen duzuen edo dugun askori ere gertatu egin zaigu.
Not all men (gizon guztiok ez) entzuten dugu askotan, baina azken batean, denak dira gizon, eta ondorioz, emakume gehienoi gertatzen zaigu. Bestalde, irratian hitz egin nuen haserre nengoelako. Beti atera behar dugu guk intimoak diren gaiei buruz gorputza jartzera, baina fokua gizon horri hogeita hamar urtetan sistematikoki emakumeei eraso egitea ahalbideratu dion sisteman jarri behar genuke. Zer gertatzen da gizonak eta boterea elkartzen direnean? Zer gertatzen da euskal kulturan?
Iruditzen al zaizu euskal kulturaren mundua isilik gelditu dela?
Erabat.