Babes klimatikoa eskaintzeko hainbat lanketa egin du udalak

Aritz Mutiozabal 2024ko abu. 4a, 10:00

Gloria Vazquez eta Ainara Garcia, Asti bidean. (Zarauzko Udala)

Udaberrian Asti bidean landutako lizarrek jada itzala ematen dutela jakinarazi du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak. Beroari aurre egiteko ere baliagarriak izan diren landaketak egin dituzte Eraztun Berde Urdinean.

Hirietako bero olatuen aurrean, babes klimatikoak aurreikustea beharrezkotzat jotzen du Zarauzko Udalak, eta helburu horrekin, bederatzi lizar landatu zituzten udaberrian Astiko bidean, eguzkitan geratzen den aldean. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak aditzera eman duenez, zuhaixkek jada itzala ematen dute eta bertatik igarotzea "askoz atseginagoa" da eguzkiak jotzen duenean. "Espazio falta zegoenez, lanketa berezi bat egin behar izan dugu eta emaitza oso polita izan da”, gaineratu du.

Eraztun Berde Urdinean ere landaketa desberdinak egin dituzte bertako landaretza berreskuratzeko, eta, aldi berean, beroari aurre egiteko ere baliagarriak direla nabarmendu du zinegotzia. Aipatu landaketa horiek duela gutxi egin dituzte Iritan, baina argi utzi nahi izan du lehendik ere egin dituztela beste gune batzuetan: Igerainen, Buztinzurin eta Gesoerrekan, esaterako.

Mezu zuzena helarazi nahi izan du udalak: "Gure Eraztun Berde Urdinak babes klimatikoa eskaintzen du, bero aldietan muturreko tenperaturei aurre egiten laguntzeko". Hori horrela,  Eraztun Berde Urdinaren ibilbidean dauden "aukerarik freskoenak" zerrendatu ditu: Igerain-Hiruerreketako ibilbidea, Buztinzuriko haltzadia, Vista Alegreko parkea eta Santa Barbara-Mutxio jaitsiera, hain zuzen ere.

Ibilbide horiek goizean goiz egitea gomendatu dute, eguerdiko orduak saihestuz. Bestalde, gogora ekarri dute irteera gidatuak eskaintzen ari direla naturgune horiek ezagutzeko, eta irteera ordutegiak egokituta daudela eguneko ordu beroenak alboratzeko..

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide