Itsasoari aurrea hartzeko sare bideometrikoa

Alaine Aranburu - Gipuzkoako Hitza 2024ko uzt. 26a, 15:00

Zarauzko bideometria aparatua. (AZTI)

Hamazazpi urte pasatu dira Pasaiako AZTI zentro teknologikoak euskal kostaldean lehen bideometria kamera instalatu zuenetik. Euskal itsasertzeko informazioa ikertzeko ez ezik, klima aldaketari aurre egiteko politiketarako ere balio du. Erreportaje hau Gipuzkoako Hitzak eman du argitara.

Ameriketako Estatu Batuetako Oregon estatura joan behar da Pasaian dagoen AZTI zentro teknologikoaren azken berriak jakiteko. Han hasi ziren bideometria bidez kostaldeko informazioa jasotzen, 1980ko hamarkadan. Informazio hori baliagarri izan zaie hango erakundeei, hondartzen kudeaketa hobetzeko. Hegaldi bidezko kamerak erabiltzen ziren ordura arte itsasertzari buruzko informazioa lortzeko, eta bideometriak aurrerapen nabaria ekarri zuen itsas zientzien ikerketara eta kostaldeari buruzko jakintzara. Hamazazpi urte pasatu dira AZTIk lehen instalazioa jarri zuenetik, eta egun 27 ditu jarriak Euskal Herriko kostalde osoan.

AZTIk 2007an ekarri zuen euskal kostaldera bideometria sistema: Urdaibaiko biosferara, hain zuzen ere, eta Kostasystem izena jarri zioten proiektuari. Paueko (Okzitania) eta Aturriko Unibertsitatearekin eta SUEZen Rivages ProTech zentroarekin elkarlanean sortu zuten. Kostasystem bideometrian oinarritzen den sistema bat da; hau da, itsasoaren egoera erreala irudikatzeko ekuazioak irudikatzen ditu, eguzki panelez elikatutako bideokamerak eta adimen artifizialeko algoritmoak konbinatuz.

Hamazazpi urte igaro dira lehen instalaziotik, eta Euskal Herriko kostaldean beste 26 estazio daude gaur egun. Irati Epelde AZTIko itsas teknikariak azaldu du lehendabiziko kamera horiek bertako elementu morfologikoak aztertzeko jarri zituztela. Hastapenean, Europa mailako proiektu bat zen, eta Mundakako (Bizkaia) olatuen indarra edota Laida hondartzaren (Bizkaia) hondarrik gabe geratzeko joera aztertu zituzten. Orain, berriz, etorkizuneko arrisku klimatikoei aurre egitea ere badu xede euskal kostaldeko bideometria sistemak. 

Epeldek esan du kamera sare horrek ematen duen informazioarekin erakundeek gaitasun handiagoa dutela kostaldeko politiketan erabakiak hartzeko. «Topografia edo beste tresna tradizional batzuk baino eraginkorragoa eta merkeagoa da». Bizkaian bi estazio instalatu ondotik, Zarautzen jarri zuten hurrena, 2010ean, udalaren finantzaketaren laguntzaz. Estazio horren asmoa ere bazen itsas lerroaren morfologia aztertzea, baina Zarauzko Udala ohartu zen udako denboraldia aztertzeko ere izan zitekeela baliagarria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide