Gukasteka

"Oholtza gainean gozatzen dugun bitartean, jarraitu egingo dugu"

Mireia Galarza Bastida - Ian Ruiz Lizaso 2024ko uzt. 25a, 16:00

Fan&Go erromeria taldeko hainbat kide Torreoian. (Mireia Galarza Bastida)

Hamabost urteko ibilbidea du Fan&Go Zarauzko erromeria taldeak eta kontzertu ugari eskainiko ditu hainbat herritako udako festetan.

Nolako uda aurreikusten duzue?
ARATZ OLAIZOLA: Uda polita aurreikusten dugu. Saio ugari ditugu hitzartuta, eta egutegia osatuta daukagu.

Nola sentitzen zarete Zarauzko festetan jotzen duzuenean?
UXOA ORBEGOZO: Etxean jotzen dugun bakoitzean ondo ateratzen da emanaldia, eta gustura aritzen gara beti. Ilusio puntu bat ere ematen digu etxean aritzeak, familiakoak, lagunak eta aurpegi ezagun asko bertaratzen direlako emanaldira. Urduritasuna ere eragiten du, baina polita izaten da jendearen goxotasuna jasotzen dugunean.

A. O. : Guztiok pentsatzen dugu Zarautzen beti jotzea jendeari astuna egingo zaiola. Hala eta guztiz ere, plazak beteta ikusten ditugu, eta asko eskertzen dugu hori.

Zenbat kontzertu eman dituzue azken hamabost urte hauetan?
MATTIN OSTOLAZA: Kontaketa egin dugu, eta 400 kontzertu inguru zenbatu ditugu. Hasieran, jende gutxi bertaratzen zen emanaldietara, baina urteak aurrera joan hala, jende gehiago etortzen da.

Ba al duzue gogoan bereziki kontzerturen bat?
M. O. : Bai. Gehien gogoratuko dugun kontzertua orain dela hamar urte Azken Portuko jaietan eman genuena izango da, Astazubi plazan. Eguraldi txarra zegoen, eta programatuko guztia bertan behera geratu zen. Hala ere, jendeak ez zuen etxera joan nahi, eta, horregatik, ekaitza igaro zenean, txosna barrura sartu ginen eta bertatik eman genuen kontzertua. 

Nola entseatzen duzue?
A. O. : Ez da erraza seirok elkartzea, bakoitzak bere bizitza duelako. Horregatik, aurrez etxeko lanak egiten ditugu, eta elkartzen garenean, abestiaren egituraketan zentratzen gara.

M. O. : Lau ahotsetara jotzen dugunez, puzzleko pieza guztiak ondo lotzen saiatzen gara. Entseguetara abestiak prestatuta eramaten ditugu, eta gehienbat ahotsen erosotasuna aztertzen dugu.

Fan&Go taldeak ibilbide luzea du, baina nola sortu zen?
A. O. : Ni aurrez trikitilari ibiltzen nintzen erromerietan eta bazkarietan Erlantz Allur zarauztarrarekin. Taldea handitzeko asmoa genuen, eta nire auzokide eta ezagun batekin ere jarri ginen harremanetan. Hortik bideratu genuen taldea.

M. O. : Gure lehen kontzertuak beste musikari batzuekin izan ziren. Hasieran, bost kideko taldea izan nahi genuen, baina ez genuen gustuko abeslaririk aurkitzen. Orduan, laukote bihurtu ginen hiru-lau urtez, ondo abesten ez genuela konturatu arte.

A. O. : Horregatik, bost kideko taldea sortzeko ideia berrartu genuen. Hasieran, Mattinen bikotekidea zen taldeko abeslaria. Ondoren, Eneritz Aulestiarekin ibili ginen kontzertuak ematen, Neomak taldearen proiektua martxan jarri zuen arte. Orduan, berriro norbait behar genuen abeslari lanetarako, eta Uxoa eta Irati Orbegozo ezagutu nituen, musika eskolan aritzen ziren bi ikasle. Handik fitxatu nituen.

IRATI ETA UXOA ORBEGOZO: Gure hirugarren urtea da taldean. Oso ondo zaintzen gaituzte, eta gustura gabiltza.

Etorkizunari begira, zer asmo ditu Fan&Gok?
M. O. : Bide horretan jarraitzea, ez da gutxi eta. 

A. O. : Oholtza gainean gozatzen dugun bitartean, jarraitu egingo dugu.

Fan&Go taldeari eginiko bideo-elkarrizketa GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen. GUKAsteka astean behin bidaltzen zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide