Irisgarritasuna sustatze aldera, Zarauzko Udalak Eraztun Berde Urdinaren programako esku-orria moldatu du, Ikusmark enpresaren laguntzarekin. Proiektua lehen fasea da honakoa, eta aipatu liburuxka irakurterraza bihurtzeaz gain, braille hizkuntza ere txertatu diote jende guztiak ulertu ahal izateko. Turismo Bulegoan daude eskuragarri, edonork hartzeko moduan. Gainera, Zarauzko plano bat sortu dute erliebean herritarrek zein bisitariek EBUren hiru ibilbideak erraztasunez identifikatzeko.
Gloria Vazquez Eraztun Berde Urdineko udal arduradunak adierazi duenez, Euskadiko Gaixotasun Arraroen Elkartearekin (ASIEBER) bisita gidatu bat egin zuten Inurritzako biotopoan, eta horren haritik, ikusmen murriztua dutenen Begisare elkartearekin jarri ziren harremanetan. "Haiek azaldu zizkiguten zer botatzen zuten faltan, eta horrela hasi ginen egokitzapen lanean”.
Aldi berean, app bat ere sortu dute, pertsona orok erabiltzeko eta ulertzeko helburuarekin; euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta zeinu-hizkuntzan dago, eta audioak ere txertatu dituzte. “Oraingoz bi eremutan hasi gara, biotopoan eta Vista Alegreko parkean. Hala ere, hedatzen jarraitzeko asmoa daukagu, eta Eraztun Berde Urdinera zabaldu nahi dugu app-a”, azaldu du Vazquezek.
Panelak aldatu
Aldaketa fisikoak ere egiteko proposamenak dituzte, baina horiek proiektuaren beste fase batean egin asmo dituzte. “Momentuz, soilik ibilbideetan dauden panelak aldatuko ditugu. Alturaz jaitsiko ditugu gurpildun aulkietan doazen pertsonentzat”, baieztatu du zinegotziak. Aldaketa horiek, halaber, mesedegarriak izango dira umeentzat eta adinekoentzat.
Eraztun Berde Urdineko teknikari Ainara Garciak jakitera eman du eduki eta audio giden azalpenak ez dituztela "modu zientifikoan" egin nahi izan. "Hori horrela, herriko pasadizoak erabiliko ditugu pertsona guztiengana iristeko modu bat izan daitekeelako”. Gainera, distantzia zein oztopo arkitektonikoei aurre egiteko lan prozesua “poliki-poliki” burutuko dutela gaineratu du teknikariak.
Azkenik, Jaione Azconak, Ikusmak enpresaren eskuragarritasunaz arduratzen den teknikariak, pozik agertu zen proiektuan parte hartzeko izan duten aukeragatik: “Guretzat plazer bat izan da proiektu honen kolaboratzaileak izatea. Proiektu honek inklusioari pauso bat emango dio”.