"Magikoa ari da izaten Euskal Herria oinez zeharkatzea"

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 25a, 13:30

Oriotik eta Zarauztik pasatu ziren atzo eguerdian Euskarabenturan parte hartzen ari diren gazteak, tartean Urko Makazaga eta Lur Kazalis zarauztarrak, baita Maddi Etxeberria oriotarra eta Urko Arakistain zumaiarra ere. Laurekin izan da Guka.

Kilometro gutxiren barruan bizi dira Maddi Etxeberria oriotarra, Urko Arakistain zumaiarra eta Lur Kazalis eta Urko Makazaga zarauztarrak. Adin berekoak ere badira –aurten 16 urte–. Baina Euskal Herriko beste puntara joan behar izan dute elkar ezagutzera: Atharratzera (Zuberoa), aurtengo Euskarabentura hasi den herrira. Euskal kultura, historia eta euskara bera ardatz hartuta, herrialdea oinez zeharkatzen ari dira hilaren 1etik 31ra arte, eta esperientzia ederra ari dira bizitzen, "goizetan jaikitzea kostatu arren", denek azpimarratu dutenez.

Atzo zapaldu zuten eskualdea, Donostiatik barna Oriora iritsi baitziren eguerdian. San Martin auzotik plazara jaitsi parrokiko aldapatik, han indarrak hartu, eta Oria ibaia errepideko zubitik zeharkatuta, Zarautzera segitu zuten, han atseden luzeagoa hartzeko. Hango udalak harrera egin zien, gainera, arratsaldean. Etxeberriak kontatu du Euskarabenturari buruzko bideoak ikusi eta "inbidia" sentitu zuela, eta hala animatu zela parte hartzera; "nik ere hor egon nahi nuen", esan du. Orain arte bizitakotik "egindako harremanak" azpimarratu ditu oriotarrak; "denbora gutxian pertsona asko ezagutu ditut, eta oroitzapen asko geldituko zaizkit beraiekin".

Arakistain zumaiarra, berriz, arrebagatik apuntatu zen, hura iaz ibili zelako Euskarabenturan. "Kristoren kuriositatearekin utzi ninduen, eta mendizalea ere banaizenez, gustatu zitzaidan nahasketa hori: udalekuak, mendia eta euskara uztartzea". Makazaga zarauztarrak ere lagun bat izan zuen iazko espedizioan, eta hark esandakoek animatu zuten izena ematera. "Lagun batzuekin apuntatu nintzen, baina ni bakarrik hartu naute", zehaztu du. Izan ere, aurkezpen bideo bat eta lan bat egin behar izaten dira Euskarabenturan parte hartu ahal izateko, eta ondoren, antolatzaileek aukeratzen dituzte gazteak. Kazalis zarauztarrak ere eman du Euskarabenturan apuntatzearen arrazoia: "Beti nahi izan dut udalekuren batera joan, baina Euskarabenturaren berri izan arte ezerk ez ninduen erakartzen. Honek harreman asko du euskal kulturarekin, eta bideoak ikusitakoan inbidia eman zidan".

Aniztasuna gustuetan

Euskarabenturan pozarren dabiltzan arren, badago alde ilunen bat edo beste ere, eta horietako bat da goiz esnatzearena. "Batzuetan 06:00etan esnatzen gara", azaldu du Arakistainek. Etxeberriarentzat ere horixe da gogorrena: "Ez da goiz esnatzea bakarrik; esteretan egiten dugu lo, eta ez da oso atsegina", azaldu du. Gauez "berriketan denbora askoan" aritzen direla ere aitortu du Arakistainek. Makazagarentzat, berriz, horrenbeste jenderentzat "herri batzuetan komun bat edo bi bakarrik egotea" da okerrena. Kazalisentzat, "etapa batzuk eguzkipean egitea" da gogorrena.

Kontuak kontu, onetik askoz gehiago du txarretik baino: orain arte, Gasteizko Errekaleor auzoa gustatu zaie gehien Etxeberriari eta Arakistaini. "Oso interesgarria izan zen auzo hori bisitatzea eta bertakoekin hitz egitea", esan du oriotarrak. Kazalisi, berriz, Baionan ikusitako RTZ raperoen emanaldia gustatu zaio gehien. Makazagak ere musikarekin lotutako ekintza bat aukeratu du: "Baionan gaubela egin genuenean Punttu Kakotx izeneko erromeria taldea ekarri ziguten, eta oso ondo pasatu genuen".

Faltan diren egunetan zer ikusteko gogoa duten galdetuta, Etxeberriak herritik pasatzeko nahia aipatu du: "Bihar [atzo] Oriotik igaroko gara, eta badut gogoa". Hain zuzen, plazan zituen zain senitarteko eta lagun batzuk atzo, eta eduki zuen haiek agurtzeko tartea. Makazagak ere horixe esan du "Zarautzera joateko gogoa dut jada, lagunak ikusteko. Ea bisitan etortzen diren". Kazalisek, berriz, "ezustean beste musika talderen baten bisita jasotzea" nahi luke Euskarabentura amaitu aurretik. Arakistainentzat "magikoa ari da izaten Euskal Herri osoa ikustea oinez".

Eta hala jarrai dezala hilaren 31n abentura amaitzen duten arte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide