Asteburuan izango da igerilarien ohiko topaketa

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 24a, 10:15

52. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren aurkezpena, moilan. (Aritz Mutiozabal)

Zarautz-Mollarri-Zarautz eta Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiak jokatuko dituzte larunbatean eta igandean. 3.600 parte hartzaile espero dituzte, guztira.

Ongi errotuta dagoen kirol ekitaldia da Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia, eta urtero erraz gainditzen du parte hartze muga probak. Aurten, igandeko zeharkaldiaren 52. aldirako 3.000 parte hartzailek eman dute izena; bezperan, larunbatean, Zarautz-Mollarri-Zarautz jokatuko dute, eta 400 igerilari lehiatuko dira; eta haurren proba ere egingo dute, igande goizean, 200 igerilari gazterekin. Beraz, uztailaren 27a eta 28a igeriketaz gozatzeko asteburua izango da.

"Antolatzaileon sentipena da itsas zeharkaldiak indartsu jarraitzen duela eta hori urte luzez egindako lanaren fruitua dela. Lan dinamika oso ona dago taldean, eta oso elkartuta daude kideak", adierazi du Pablo Cazalis Getaria-Zarautz probaren arduradunak eta Balea igeriketa taldeko kideak.

Urteen poderioz garatutako funtzionamenduari esker, guztia ongi lotuta dutela, eta, ondorioz, «inolako presiorik» ez dutela zehaztu du Cazalisek: "Kezka bakarra, hori bai, urterokoa da: ea zer-nolako eguraldia egingo duen". Gainerakoan, betiko autobus zerbitzuak jarriko dituzte igerilariak Zarauztik Getariako irteera puntura garaiz joan daitezen, eta helmugan jatekoa eta edatekoa izango dira.

Aurten, berritasun gisa, herritik kanpo bertaratuko diren igerilarientzat eta haien laguntzaileentzat autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte. Bilbotik, Gasteiztik eta Iruñetik 07:30ean abiatuko dira, eta Donostiatik, berriz, 08:30ean. Geldialdirik gabeko bidaiak izango dira, eta nahi adina eserleku plaza erosi ahal izango ditu bakoitzak.

Probaz proba

Larunbatean Zarautz-Mollarri-Zarautz proba izango da protagonista; 10:30ean hasiko da Zarauzko moilatik, eta toki berean izango du helmuga, Mollarrin itzulia eman eta 5.000 metro baino gehiagoko ibilbidea osatu ondoren. Ur Irekien Espainiako Zirkuiturako proba puntuagarria da, eta Tour 500 kalifikazioa du.

Lasterketa nagusia, Getariako portutik Zarauzko hondartzara bitartekoa –2.850 metroko ibilbidea–, igande eguerdian jokatuko dute. Ohi bezala, norbere denboraren araberako multzoetan banatuta egingo dituzte irteerak, txandaka: 11:30ean hasiko da igerilarien lehen taldea, eta ondoren, mailaka, gainerako taldeak aterako dira 12:40ak arte. Aurrez, igerilari gazteen txanda izango da moila eta hondartza bitartean. 10:00etan, 2012 eta 2013 urteen artean jaiotakoek 400 metro egingo dituzte igerian; eta 10:15ean, 800 metroko ibilbidea egingo dute 2010 eta 2011 urteen artean jaiotakoek.

Cristobal Rochas da zeharkaldiaren beste arduradunetako bat, eta haren esanetan, antolatzaileak "konprometituta" daude igerilariekin. Edozer pasa daiteke probaren egunean itsas barrenean: "Itsaso zakarra sartzen bada edo haizea aldatu, gorputzaldi txarra jarriz gero... babestuta sentitu behar du parte hartzaileak; laguntza une oro izan behar du aldamenean. Erabateko segurtasuna eskaini behar dugu".

Parte hartzaileak

Iazko garaile Ruben Van Gool eta Candela Sanchez madrildarrek baieztatu dute haien parte hartzea. Kontuan izan behar da azken edizioan biek ala biek irabazi zituztela Zarautz-Mollarri-Zarautz eta Getaria-Zarautz zeharkaldiak; proba nagusian, gainera, marka berria jarri zuten, 30:31ko eta 31:14ko denborekin, hurrenez hurren.

Horiez gain, Willy Pujol katalanak –ur irekietako Espainiako igerilari onenak– parte hartzeko interesa agertu zuen, baina azkenean ez dela etorriko ziurtatu du Cazalisek. "Une honetan, emakumeetan ur irekietako ikurra da Sanchez, eta ohore bat da bera proban izatea beste urte batez. Bestalde, ez ditugu ahaztu behar beti borrokan aritzen diren euskal igerilariak, eta ausartuko nintzateke esatera Zarauzko klubeko pare bat ere lehian ibiliko direla", aditzera eman du.

Hirugarren urtez jarraian, klubak bat egin du aldundiaren Emakumeok Mugimenduan egitasmoarekin, eta Zarauzko bizilagun Maria Jose Aizpurua aurtengo parte hartzaileetako bat izan da. Hura 60 urterekin hasi zen igerian, eta "inoiz ez da berandu" da haren leloa. Lehen zeharkaldia 65 urterekin egin zuen, eta aurtengoa zortzigarrena izango du. "Emakume guztiak animatu nahi ditut parte hartzera, inoiz ez baita berandu". Erritmo mantsoa duela dio, eta bere xedea hondartzara iristea dela: "Iristen naizenean polita izaten da, bilobak, alabak eta denak nire zain egoten baitira. Helmugatik hiru minutu geroago pasatzen naiz".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide