Gukasteka

Iratxe Esnaola: "Euskara eta Euskal Herria nazioartean aitortuak izatea lortu du Puntueusek"

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 19a, 11:00

Iratxe Esnaola. (Onintza Lete Arrieta)

Interneteko euskal domeinuak hamar urte bete ditu, eta haren sorreran parte hartu zuen Iratxe Esnaola (Zarautz, 1981) informatikariak prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Hastapenetatik zara Puntueus fundazioko kide. Nola gogoratzen dituzu domeinua sortu zenuteneko urte haiek?

Katalunian Puntcat domeinua sortu zutenean, hemendik inbidia apur batekin bizi izan genuen prozesua, eta guk ere halako zerbait behar genuela pentsatu genuen. Azken finean, gurea bezalako kultura txikientzat eta hizkuntza gutxituentzat edozein espazio eta erakunde dira garrantzitsuak gure izatea defendatzeko. Ondorioz, Puntcat sortu zutenean, eta espazio horretan egotea posible zela ikusi genuenean, argi izan genuen bidea hasi behar genuela Puntueus ere erreala izan zedin. Katalanek 2005ean jarri zuten martxan beren domeinua, eta artean ez genekien ez prozesua nolakoa zen, ezta nola gauzatu behar genuen ere. Beraz, gogoratzen dudana da hastapen prozesu guztietan gertatzen den bezalaxe, konplexua izan zela, baina ilusio handiz abiatu genuela. Parte hartu genuen guztiok geunden lanerako gogotsu, eta ateak beti izan genituen irekita. Hala jarraitzen dute.

Hasieratik izan zuen babes zabala proiektuak, ezta?

Bai. Gainera, Puntcat domeinuaren bultzatzaileek eman ziguten gomendio nagusietako bat izan zen gureak ez zuela etsairik sortu behar, eta, egia esan, ez genuen arazorik izan. Oso zaila zen horren kontrako ahotsen bat azaltzea, baina eman ziguten gomendio hori oso presente izan genuen beti eta arretaz zaindu genuen. Horregatik, kanpotik ikusi da denen gustukoa izan den proiektua izan dela Puntueus, eta benetan hala izan da. 

Aspaldiko elkarrizketa batean adierazi zenuen proiektuak asko zuela "sinbolismotik", eta hori toki guztietan dela garrantzitsua.

Lehen esandakoaren bidetik, euskal kulturak eta euskarak espazio oro aprobetxatu behar du. 2006an, elkartea sortu genuenean, indarra hartzen ari zen espazio birtuala, eta argi zegoen egonkortu egingo zela. Sare sozialik ez zegoen oraindik, eta beste hainbat gauza ere falta ziren iristeko, baina aurreikusten zen espazio garrantzitsua izango zela eta guretzat garrantzitsua zen gure hizkuntza eta kultura hor egotea.  

Puntcatekin ikusi genuen tresna baliotsua zela Kataluniako kulturaren eta hizkuntzaren dimentsioa eta lekua handitzeko. Horrez gain, nortasun katalanari aitortza egiten zion, exisititzen zela erakusten zuelako, nolabait. Hortik dator sinbolismo hori, Puntuesekin lortu genuelako euskararen komunitatea eta Euskal Herria bera nazioartean aitortuak izatea. Era berean, tresna praktikoa da bere horretan egunerokotasunerako.

Domeinua martxan denetik hamar urte igaro diren honetan, helburuak bete al ditu?

Momentu hartan bideragarria eta iraunkorra izatea zen helburu nagusia, eta hori guztiz bermatuta dago. Gainera, arlo horretan ez da inongo arazorik izatea aurreikusten. Beste xedeetako bat euskararen presentzia areagotzea zen, baina ez da nahi adinakoa izan.

Honako elkarrizketa GUKAsteka Zarauzko astekari digitaleko hirugarren zenbakian argitaratu da. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide