Eneko Nazabal: "Ezjakintasun handia dago moda jasangarriaren inguruan"

Ian Ruiz Lizaso 2024ko uzt. 17a, 10:00

Moda jasangarriak kalitatezko pieza bakanak eskuratzeko aukera ematen du. Bigarren eskuko arroparen balioa sustatu nahi du Nazabalek Zarautzen antolatutako 'pop up'-ean.

Eneko Nazabal (Zarautz, 1997) bigarren eskuko arroparen munduan murgilduta dago. Hark betidanik babestu eta kontsumitu du moda jasangarria. Hori dela eta, orain dela hiru hilabete denda bat ireki zuen Logroñon (Espainia). Full Closets Vintage izenpean, vintage arroparen garrantzia sustatzen saiatzen ari da, jantziei bigarren aukera bat eman ahal izateko. Joan zen astean zabaldu zuen Zarauzko malekoian vintage arroparen pop up-a [azoka modukoa], Marina Txiki tabernaren ondoan. Larunbatera arte egongo da zabalik. 

Nola sortu zitzaizun moda jasangarriarekiko interesa?

Beti izan dut gai horrekiko interesa. Arropa nire kasa erosten hasi nintzenetik, moda jasangarriaren munduan murgildu naiz. Gainera, joera hori oraindik ez dago guztiz hedatuta gizartean. Logroñon bizi naiz, eta, bertan, vintage arroparen salmentaren inguruan informatu naiz. Hori dela eta, denda bat ireki nuen orain dela hiru hilabete, eta autonomo gisa ari naiz lanean.

Nola jaio zen Zarauzko pop up-aren proiektua?

Urtero, uda sasoian, herrira itzultzen naiz familiarekin eta lagunekin egotera. Denda orain dela gutxi ireki dudanez, Zarautzera zerbait ekarri nahi nuen. Aldi baterako saltoki bat irekitzea pentsatu nuen, zerbait txikia. Horregatik, pop up-aren ideia bururatu zitzaidan. 

Moda jasangarria babesteak zer abantaila ditu?

Abantaila asko ditu. Lehenik eta behin, jasangarritasunaren alde egiteak enpresa multinazionalek sortzen duten kutsadura gutxitzen du. Prezioari dagokionez, errazagoa da jantzi merkeak eskuratzea. Horrez gain, ezberdin janzteko aukera ematen du bigarren eskuko arropak. Denok enpresa handien dendetan erosten badugu, berdin jantziko gara. 

Zarautzen irekitako merkatuak erantzun positiboak izan ahal ditu?

Lanean ni bakarrik ari naizenez, oraindik zailtasun batzuk ditut. Marketin arloa, esaterako, oraindik ez dut guztiz menderatzen. Nire marka eta identitatea garatzen ari naiz, eta ez da lanketa prozesu erraza. 

Dena den, herritarrei nire proiektua asko gustatzen ari zaiela sentitzen dut. Gazte asko gurasoekin gerturatu dira. Nire ustez, etorri diren gurasoek ez dute inoiz bigarren eskuko arroparik erosi, baina guztiak gustura ateratzen direla nabari dezaket. Zorionez, ez ditut aurpegi txarrak ikusi.

Jendea gai honen inguruan informatuta dagoela uste al duzu?

Gaur egun, belaunaldi gazteen artean modan dagoen gai bat da moda jasangarriarena. Zoritxarrez, helduagoek oraindik aurreiritzi asko dituzte. Gehienek bigarren eskuko jantziak zaindu gabeak direla uste dute, baina hori ez da horrela. Horregatik, jendearen onespena jasotzea zaila izaten da. 

Jantziak ondo zaintzen ditut. Arropa guztia garbituta bidaltzen didate, eta hala ere, nik bigarren aldiz garbitu edo tintategi batera eramaten ditut. 

Beldurrik izan al duzu proiektu honekin?

Beldurra ez, ilusioa baizik. Proiektu hau ez dut egin negozio arrakastatsu bat sortzeko helburuarekin, mundu hau atsegin dudalako baizik. Horregatik, harro sentitzen naiz. Nire familiari eta lagunei benetan gustuko dudana erakustea oso polita iruditzen zait.

Kontzientziak astintzea lortzen duzula uste al duzu?

Gizarte bezala, oraindik asko dugu ikasteko. Ezjakintasun handia dago gai honen inguruan, baina horrelako egitasmoak martxan jarrita, jendearen heziketan eta kontzientzian eragin dezakegu. Hurrengo urteari begira, ekitaldi gehiago egiteko prest nago. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide