Euskal ohituren erakusleihoa izango da malekoia, etzi

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 12a, 15:00

2022ko irailean egin zuten lehenengo aldiz Malekoia 365 Egun egitasmoa. (Mireia Galarza Bastida)

Euskara, musika eta dantza uztartuko dituen egitasmoa antolatu dute herriko eragileek. Asmoa da udako bisitariek "herriaren benetako izaera" ezagutzea.

Herriko hainbat eragilek antolatuta, Malekoia 365 Egun egitasmoa egingo dute etzi, udako bisitariei erakusteko Zarautzen euskara eta euskal kultura urte osoan daudela presente. Horretarako, euskal kantak eta dantzak eskainiko dituzte 12:00etatik 13:00etara, eta esku orriak banatzen ere arituko dira bitartean, kanpotarrek haien aldarrikapenen berri izan dezaten. Mezua euskaraz idatzita egongo da, noski, baina baita beste lau hizkuntzatan ere: katalanez, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Ekitaldia ibiltaria izango da, eta izenetik ondoriozta daitekeenez, malekoi osoan egingo dute. Azken geldialdia Gurutze Gorriaren parean egingo dute, eta, manifestua irakurri ondoren, kontzertua emango du GZR musika taldeak.

Arrai Zopa kantu taldea, Arranoko gitarra taldea, Montetxio abesbatza, herriko hainbat dantzari eta Zirika euskara elkartea dira egitasmoaren atzean dauden eragileak, eta jakinarazi dute "egonkortu" egin nahi dutela, "urtero egiteko, udan". Era berean, gogorarazi dute igandekoa ez dela izango ekitaldiaren lehenengo edizioa, 2022ko irailean ere egin baitzuten oso antzeko formatuan. Amaierako kontzertua izango da berritasun nagusia, hain zuzen ere.

"Udan gurera datozen kanpotarrek Zarauzko benetako izaera zein den ezagutu dezaten sortu genuen egitasmoa duela bi urte; izan ere, askotan, horren arrastorik izan gabe itzultzen dira etxera, zonalde turistikoenak soilik bisitatu dituztelako", azaldu dute antolatzaileek. Egitasmoaren bultzatzaileen hitzetan, hondartza eta inguruko tabernak dira bisitari gehien erakartzen dituztenak; horregatik, haiek ere hara jotzea erabaki dute: "Zaila izaten denez kanpotarrak gu egon ohi garen lekuetara gerturatzea, erabaki dugu guk eramatea malekoira urte osoan egiten dugun hori. Hartara, bisitariak hondartzan daudenean eta musika entzuten dutenean, buelta erdia emango dute eta herriaren berezko mugimendua ezagutzeko aukera izango dute".

Bat eta bakarra

Urte osoan zarauztarrek egiten dutena zer den ere gogoratu dute, bide batez: "Batez ere, erakutsi nahi dugu euskaraz bizi den herria garela, iruditzen zaigulako bisitarietako asko euskarak duen dimentsioaren ideia argirik izan gabe joaten direla hemendik. Zenbait hitz ezagutzen dituzte eta badakite erabiltzen ditugula, hala nola kaixo eta agur, baina gehienek ez dakite gainerako hizkuntzekin alderatuta, erabat desberdina dela gurea eta edozein esparrutan erabiltzen dugula, kaleko egunerokoan, unibertsitatean, lan munduan...". Hori horrela, herrian denbora pasatuko dutenei "euskarara gerturatzeko deia" egingo dietela ere aurreratu dute.

Horrez gain, igandeko ekitaldia Zarauzko eta, oro har, Euskal Herri osoko «kultura aberastasunaren» erakusgarri izan dadin nahi dute. "Kanpotik datozenek ikusiko dute baditugula tradizionalak diren dantza, abesti eta bestelako arte propioak, inguruko herrialdeetako kulturarekin zerikusirik ez dutenak, baina, aldi berean, berritzen ere ari garela", azpimarratu dute.

Parte hartze handia

Hilaren hasieran iragarri zuten Malekoia 365 Egun egitasmoa antolatzaileek, eta entsegua ere egin zuten joan den astean igandean eskainiko dituzten dantzak prestatzeko. Bada, saio hark izandako harrerarekin "oso pozik eta ilusionatuta» agertu dira eragileak, «esperotakoa baino jende gehiago" bertaratu zelako: "Jalgi dantza taldearen aretoan jarri genuen hitzordua, eta ia kabitu ezinik aritu ginen".

Zehaztu dutenez, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak eta ETS taldearen Zurekin batera kanten erritmora ariko dira dantzan. "Lehenengo abestirako duela urte batzuk Euskal Herri osoan egin zuten ekintza baterako sortu zuten koreografia erabiliko dugu. Bideoz grabatu zuten sortzaileek Interneten zabaltzeko, eta, hala, hainbat herritan aldi berean dantzatu ahal izateko. Bigarren abestiko koreografia, berriz, hileko lehenengo igandeetan Musika Plazan aritzen diren muxikoek sortu dute. Hain justu, haiek aritu ziren bi dantzak irakasten joan den asteko entseguan parte hartu zuten herritarrei", argitu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide