Udalak gizarte berrikuntzarako proiektua aurkeztu du

Ian Ruiz Lizaso 2024ko uzt. 13a, 10:00

Mugikortasuna, errespetua eta elkarbizitza. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana eta 2030 Agendaren baitan egituratua dagoen proiektua da. Udalak bizikletaren erabilera sendotu nahi du, eta honen kudeaketa hiri-mugikortasunean egokitu.

Zarauzko Udalak, Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren (PMUS) eta 2030 Agendaren esparruan, proiektu berritzailea aurkeztu du. Oinezkoen, bizikleten eta gainerako ibilgailuen arteko espazio partekatua identifikatu dute. Iker Basurkok, Zarautz 2030, Udaleko proiektu estrategiko eta berrikuntzako zinegotziak, honako hau adierazi du: "Guztiok dugu Zarautzen mugikortasuna eta elkarbizitza hobetzeko ardura. Horrela, gure herria leku seguruagoa izatea lortuko dugu". 

Gervasio Gabirondo Zarauzko Hiri Segurtasunerako zinegotziak gizarte-onurarako proiektu honek bere lehen jarduera-ildoak dituela baieztatu du. Lehenengoa, araudia garatzera bideratuta dago; bigarrena, trafiko-fluxuak kontrolatu eta gatazka-guneak hobetzera; hirugarrena, herritarrak hezi eta informatzera; eta azkenik, laugarrena, garraio publikoa hobetzea da. Guztia Mugikortasun Planean eta Zarautz 2030 planean ezarritako erronkekin bat eginez.

Hiri-mugikortasunari dagokionez, egoera aurreratua da eta Zarautz erreferentea da estatu-mailan. Berrikuntza-erronkari aurre egin behar dio udalak, errespetua, bizikidetza eta segurtasuna sustatzeko jarraibideak martxan jarriz. Basurko eta Gabirondok azpimarratu dutenez, bide honetan elkarlana izango da helburuak betetzera gidatuko dituen bitartekoa. Honela, elkarbizitza eta mugikortasun jasangarriaren alde zeharkako inplikazioa espero da, bai erakunde artean, eta baita herriko eragile eta biztanleriaren aldetik ere.

Hiru urterako hasi da gauzatzen proiektuko lehen fasea. Etapa hontan, erantzunkidetasuna sustatzen duten ekintzak egingo dituzte, herritarren kontzientziazioa landuz eta gizarte-komunikazioko eta -marketinerako plan batek lagunduta. Basurkok aditzera eman du: "Lehen lan lerroen artean Zarautzen erabilera partekatuko eremu bat sortzea dugu, non herritarrak eroso eta seguru sentituko diren. Horretarako, beste ekintza batzuekin batera, proba pilotu bat egingo da laster Malekoiko pasealekuan”. Honekin batera, irailean egingo dira jarduera horietako batzuk, Mugikortasun Astean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide