Badira zazpi urte inguru Martin Murua (Zarautz, 1992) soinuaren unibertsoan murgildu zenetik. Haren ametsa musika ekoizlea izatea zen, baina 2017an iPad bat erosi eta handik bi urtera Kaixo lagun abesti bilduma kaleratu zuen. Rock, jazz, indie eta psikodelia doinuak uztartzen zituen fusio martzianoa aurkeztu zuen jendaurrean. Hara nondik datorren Martin de Marte izen artistikoa!
Espazio-ontzian hiru lagun –Nikolas Eizagirre, Ion Ferrera eta Xabier Aramendi– jaso eta bide oparoa egin dute azken urteetan; Red River Ride bigarren diskoa sortu eta han eta hemen kontzertu ugari eskaini dituzte. Dena den, taldearen dinamikan gorabehera batzuk izan dituzte, eta etenaldi bat egitea adostu zuten. Hala eta guztiz, gorabeherak gainditu eta berriro elkartu dira, eta itzulerak eman du bere fruitua: Migajas EP berria aurkeztu dute, eta gaur bertan Bilboko BBK Live jaialdiko publikoa berenganatuko dute.
Sevillan (Espainia) grabatutako EP berria kaleratu zenuten aurreko hilabetean. Nola iritsi zarete hara?
Prozesu hori Red River Ride diskoa kaleratu ondoren hasi genuen. Kutxa Kultur eta Villa Sound jaialdien programetan sartu ginen, eta jende garrantzitsuarekin jarri gintuzten harremanetan; manager lanetan aritzen direnekin. Sevillan zegoen estudio batera joatea aholkatu ziguten, La Mina izenekora. Etxe handi batean dago estudioa, instrumentuz beteta. Igerilekua eta guzti du! Bertan grabatu genituen orain atera den EPko hiru abestiak, hau da, Bobby's Lesson, Migajas eta May Shower. Talde guztia batu ginen bertan, eta hiru-lau egunetan grabatu genituen abesti guztiak. Hasiera batean, nik demoak sortu nituen, eta gero denen artean aukeratu genituen onenak. Ondoren, forma eman genien, eta ondo grabatu genituen.
Zer aldaketa sumatu dituzue zuen estiloan urteak igaro ahala? Lirikan, soinuan, estetikan...
Musika aldetik, aldaketa gutxi sumatu ditut, nire estiloa mantentzen jarraitu dudalako. Sevillako egonaldian, talde osoak grabatu genuen estudioan, baina, hala ere, abestien sortze prozesua nire esku dago. Bilakaera, noski, sumatu dudala. Orain dela bost urte egin nituen abestiak entzuten ditut orain, eta garapena nabari dezaket. Urteak pasatu ahala, hobetzen goaz eta gure lanarekin gusturago sentitzen gara.
Hainbat zarauztarrek parte hartu dute zuen azken proiektuaren sormen prozesuan...
Bai, herrikoek eta ingurukoek ere lagundu digute proiektua aurrera eramaten. Prozesu luzea izan da, baina emaitzarekin gustura gaude. Izan ere, aurrera begira erritmo azkarragoan sortu nahi dugu materiala, agian, emaitza etxekoiagoarekin. Gure azken bideoklipa, Bobby's Lesson abestiarena, Mattin Saldiasek grabatu du, eta Manetok lagundu dio edizioarekin. Bestalde, grafikak Josu Larreak egin dizkigu. Eta diskoaren azala eta kontzeptua Andoni Beristainek sortu ditu. Beraz, azken finean, 'lagunartean' sortu dugun lan bat da.
BBK Live jaialdiari begira, nola jaso zenuten berria eta nola ari zarete prestatzen zuen emanaldia?
Posta elektroniko bidez jaso genuen jaialdian parte hartzeko proposamena, orain dela hiru hilabete inguru. Albistea pozez hartu genuen, eta esperientzia berri bat bizitzeko gogoz, baiezkoa eman genien. Taldea alde batera utzi genuen denboraldi batez; disko berria grabatu nahi genuen, gehienbat material berria aurkezteko kontzertuak ematerakoan. Taldeari bultzada emateko aitzakia ere izan da, motibazio handiagoa izateko modua. Azkenaldian entsaiatu gabe egon garenez, orain, proiektu berri honekin, inoiz baino gogotsuago gaude berriz eszenatokira igotzeko.
Beste hainbat artistarekin izango zarete BBK Liven. Aukera ona izan daiteke beste taldeekin harremanak sortzeko...
Egia esan, ez dut horretan pentsatu! Ez dakit aukera izango dugun beste artistekin egoteko. Agian, gure inguruko talde txikiagoekin bai, baina artista handiekin... ezinezkoa izango da, segurtasun neurri handiak dituztelako inguruan. Gerturatzea ez da beti erraza izaten. Gu ondo pasatzera goaz.
Zuzeneko ugari egongo dira jaialdian. Zein artista ikusi nahi dituzue?
Ostegun gaueko DJ saioak ikusteko gogoa dut. Taldeei dagokienez, Jungle, Parcels, Lewis ofMan, Khruangbin... Estilo horretako kontzertuetara joan nahi dut. Baina, bereziki, Lewis ofMan entzun nahi dut, nire erreferenteetako bat izan delako.
Jaialdiko taldeez gain, zein dira zure erreferenteak?
Steve Lacy eredutzat izan dut hasieratik. Musika egiten hasi nintzenean, ez nituen grabatzeko baliabideak. Lacyren lehenengo kantak mugikorrarekin grabatuta zeudela jakin nuenean, begiak ireki zitzaizkidan. Horregatik, iPad batekin hasi nintzen nire lehen abestiak sortzen.
Etorkizunari begira, zer proiektu dituzue esku artean?
EP berriko kantak aparteko lanak dira. Uda amaitu ostean, bilduma osoa ateratzeko asmoa dugu, abesti berriekin. Bestalde, abuztuaren 3an kontzertua eskainiko dugu Orion. Beraz, urte hau nahiko biribila izango da guretzat.