Izar Arregi: "Nerabezaroan, aldaketa handiak lor daitezke gauza gutxirekin"

Miren Mujika Telleria - Gipuzkoako Hitza 2024ko uzt. 9a, 11:00

Izar Arregi psikologoa, 2020an, Azpeitian, artxiboko irudi batean. (Guka)

Izar Arregi psikologo kliniko eta familia terapeutak 'Nerabeen gurasoen harremanak, jarrerak mugak...' hitzaldia emango du bihar eta uztailaren 15ean, Errezilen. Nerabeen jarrerei aurre egiteko, gurasoak ahalduntzen laguntzea da solasaldien helburua. Gipuzkoako Hitzak egin dio elkarrizketa.

Ekainaren 14an, Errezilgo festetan, eraso homofobo bat jasan zuten bikotekide diren bi gizonezkok, beren bizitokian. Herriko nerabe batzuek txirrina jo zieten, atea behartu, eta harriak bota zizkieten leihora, "espainol zikinak" eta "marikoiak" oihukatuz. Errezilgo Udalak jakinarazi zuen erasoa egin zuten nerabeek aurpegia estalita zeramatela eta indarkeriaz aritu zirela. Aurrez ere eginak zituzten halakoak herriko nerabe batzuek. Nondik datoz, baina, jokabide horiek? Nola jokatu behar dute gazte horien gurasoek? Hain zuzen ere, galdera horiek erantzun eta gai horren gaineko gakoak emango ditu Izar Arregi psikologo kliniko eta familia terapeutak (Azpeitia, 1976) bihar eta uztailaren 15ean Errezilgo Borondegi kultur etxean emango duen Nerabeen gurasoen harremanak, jarrerak mugak... hitzaldian.

Zertaz arituko zara Errezilen?

Errezilgo hainbat guraso eta gazte kezkatuta daude herriko nerabe batzuk izaten ari diren zenbait jarrerarekin, bai festetan eta baita lehenago ere. Alarma sozial bat piztu da. Gertaera horiei erantzun bat eman nahi zieten udalak eta herriko gurasoek. Uztaila ez da izango halakoak egiteko hilabeterik onena, agian, baina orain gertatzen ari dira halakoak, eta, beraz, irailean erantzun beharrean, orain erantzun behar dela pentsatu du udalak. Lehenago ere herrian eginak zituzten esku hartzeak, baina Errezilgo jaietan gertatutakoarekin areagotu zen kezka. Guraso batzuek egoerarekiko kezka azaldu zioten udalari, eta eurak izan ziren zerbait egiteko beharra agertu zutenak. Ez naiz udaleko langileekin eta gurasoekin aurrez aurre egon oraindik, baina igartzen da oso inplikatuta daudela. Orduan, udaleko gizarte sailetik deitu zidaten galdetzeko ea zer egin ote zezaketen. "Nondik hasi gaitezke?", galdetu zidaten.

Eta nondik hasiko dira?

Bi hitzaldi antolatu ditugu herrian. Gurasoen diziplinaren eta funtzioen gaineko pauta batzuk prestatu ditut. Batetik, nerabe bat eta haren ezaugarriak ulertzen hasteko puntu batzuk azaldu nahi ditut, nerabea zer momentutan dagoen jakiteko eta harekiko enpatia pizteko. Bestetik, nerabearen ezaugarriak identifikatu ondoren, gurasoek horri aurre egiteko dituzten erronkez eta zailtasunez arituko ginateke. Erronkak eta zailtasunak aztertuta hasiko ginateke finkatzen gurasoek zer funtzio dituzten. Helburua da zailtasunak errazteko tresnak ematea eta ahalduntzen laguntzea. Nerabezaroan, aldaketa handiak lor daitezke gauza gutxirekin. Gurasook, askotan, beldurtu egiten gara nerabeek hartzen dituzten zenbait jarrerarekin, eta beldurrak paralizatu egiten gaitu. Momentu horretan gaudenean, zigortu egiten ditugu, baina ez dugu benetako arazora jotzen.

Zein da arazoa?

Nerabea zigortu aurretik, ez dugu pentsatzen zer gertatu ote zaion era horretako jarrerak izateko. Zeren beharra dauka? Bakarrik sentitzen da? Noraeza sentitzen du? Zer pizten dio guraso bati bere semea edo alaba jarrera horiek hartzen ari dela ikusteak? Gurasoak oso eredu garrantzitsuak dira nerabeentzat, eta guraso asko iristen dira euren burua zalantzan jarri eta suntsitzera. Nik, egingo ditudan bi saioetan, ahalegindu nahi dut bertaratzen diren guraso horiei sinetsarazten lan ona egiten ari direla. Lan ona egiten arituko ez balira, ez lirateke halako hitzaldietara joango. Benetan uste dut egingo ditudan saioak baliagarriak izango zaizkiela gurasoei pauta bat osatzeko, eta jakiteko nola landu nerabe baten arazoak eta zer muga jarri.

Elkarrizketa osorik irakurri daiteke gipuzkoa.hitza.eus atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide