Asteburuan hasiko dituzte Eraztun Berde Urdinaren irteerak

Julene Sorarrain 2024ko uzt. 3a, 15:00

Lehen irteera ostiral honetan izango da, Arkamurkako ibilbidean, 17:00etan Aldapetako igogailutik. Larunbatean bigarren irteera egingo dute, Iñurritzako ibilbidean, 10:00etan Borghettotik abiatuta.

Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak Eraztun Berde Urdineko bisita gidatuei ekingo die berriro, elkartearen balio naturalak ezagutarazteko asmoarekin. Bisita gidatuak 3 ibilbidetan egingo dituzte: Arkamurkakoa, Hezeguneetakoa eta Iñurritzakoa. Lehenengo biak ostiral arratsaldeetan eskaintzen dira udan, txandaka, eta Iñurritzakoa larunbat goizetan bi astean behin, uztailean, abuztuan eta irailaren 6an amaituz.

Lehen irteera ostiral honetan izango da, Arkamurkako ibilbidean, 17:00etan Aldapetako igogailutik. Larunbatean bigarren irteera egingo dute, Iñurritzako ibilbidean, 10:00etan Borghettotik abiatuta. Bestalde, hezeguneetarako lehen irteera uztailaren 12an izango da, 17:00etan, eta suhiltzaileen biribilguneko autobus-geltokitik aterako dira. Ordutegi eta abiapuntu horiek udan zehar mantenduko dira. Irteerak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira beti, eta, horretarako, bi talde antolatuko dira irteera bakoitzean. 

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak bisita gidatuen helburuak adierazi ditu: "Eraztun Berde Urdinean dauden ekosistemen ingurumen-balioa ezagutaraztea, natura zaintzea helburu duen azpiegitura berdea, eta herritarrak ingurumen-balio horien inguruan sentsibilizatzea".

Bisita gidatuetan naturguneen ezaugarriak erakutsiko dituzte, hala nola eremu bakoitzeko habitatak, fauna, flora, hidrogeologia, paisaia, klima-aldaketan duten eragina, espazioaren kudeaketa, babes-figurak, kudeaketa-planak, orain arte egindako berreskuratze-lanak, hemendik aurrera egingo direnak, etab.

Gehieneko aforoa 20 pertsonakoa izango da. Edukiera mugatua izango denez, interesdunek aldez aurretik izena eman beharko dute (telefonoz, aurrez aurre edo e-mailez) Zarauzko Turismo Bulegoan. Irteera bakoitzean, inguruko ekosistemekin lotutako dokumentazio zehatza eskainiko da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide