Euskal Jaiaren mendeurreneko logo lehiaketak badu irabazlea

Mireia Galarza Bastida 2024ko eka. 16a, 09:00

Caballero eta Arana, logo aurkezpenean. (Mireia Galarza Bastida)

Hain zuzen ere, Alberto Caballero Viskwit zarauztarraren buru-lore proposamena izan da epaimahaiak aukeratu duena. Logo "dinamikoa eta ezaguterreza" dela gehitu du Leire Arana Jai eta Ekitaldien zinegotziak, eta jakinarazi du Euskal Jaiaren mendeurrenaren eta Euskal Astearen inguruan sortzen diren euskarri guztietan erabiliko dutela.

Aurkeztu dute Zarauzko Udalak Euskal Jaien mendeurrenerako antolaturiko logo lehiaketako irabazlea. Hain zuzen ere, Alberto Caballero Viskwit zarauztarraren buru-lore proposamena izan da epaimahaiak aukeratu duena, eta nabarmendu dute egileak berak logoarekin batera landutako eta aurkeztutako erabilerak "oso aproposak" izan direla. 

Leire Arana Jai eta Ekitaldien zinegotziak azaldu duenez, udalak beharrezkotzat ikusi zuen mendeurrenarekin batera festa horietako logoa berritzea, eta "pozik" agertu da egin duten aukeraketarekin. Caballerorena logo "dinamikoa eta ezaguterreza" dela gehitu du Aranak, eta jakinarazi du Euskal Jaiaren mendeurrenaren eta Euskal Astearen inguruan sortzen diren euskarri guztietan erabiliko dutela. Guztira, 25 lan inguru aurkeztu dituztela ere eman du aditzera  zinegotziak, baina ez dakitela horien egileak zein adinetakoak eta nongoak diren, "irabazlearen identitatea bakarrik ezagutzen" dutelako. 

Caballerok, bere aldetik, logo proposamenaren azalpenak eman ditu aurkezpenean. Kontzeptu "asko" nahastu nahi izan ditu bertan, denak euskal kulturarekin lotuta: dantzariak, ikurrina, lauburua, eguzki lorea, zinta dantza, abarka soka... Horiekin guztiekin, sinbolo "dinamikoa" egiten saiatu dela azaldu du Caballerok. Orientazio eta aplikazio desberdinak ere proposatu ditu bere logoarekin, eta tipografiaren azalpenari ere eskaini dio denbora, baita erabilitako koloreei ere: "Euskal tipografia tradizionalak txertatzeaz gain, modernoagoak ere sartu ditut. Koloreetan, berriz, gorria eta berdea gailentzen dira, horiek ere euskal kulturarekin tradizioz lotura dutenak, baina zertxobait desberdinak dira ikurrineko koloreekin alderatuta".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide