Joan den urtearen amaieran, Zarauzko Udalak udalerriko etxebizitzaren egoerari eta apartamentu eta etxebizitza turistikoen eraginari buruzko azterlana martxan jarri zuen, datuetan oinarritutako diagnosia egin eta antzemandako beharrei ahalik eta erantzunik egokiena emateko borondatearekin.
IKEI Aholkularitzak egindako azterlana jaso du udalak eta txostena udal webgunean jarri du eskuragarri. Emaitzen lehen errepaso bat ere partekatu nahi izan dute herri ordezkariek. “Gaur egun Zarautzen 11.913 etxebizitza daude, Iñurritzan eta Alde Zaharrean dago etxebizitza gehien, 2.827 eta 2.527 etxebizitza hurrenez hurren” azaldu du Zarauzko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza arloetako zinegotzia den Garbiñe Oiarbidek.
Gipuzkoako datuekin alderatuta, Zarautzen etxebizitza bat erosteak edo alokatzeak, "esfortzu handia" suposatzen duela azpimarratu du Oiarbidek. "Gipuzkoako batez-bestekotik nahiko gora gabiltza” azaldu du eta jarraitu du “bide horretan gure konpromisoa da etxebizitza babestuak sustatzeko egiten ari garen lanari jarraipena ematea, zarauztarrei etxebizitzarako sarbidea errazteko”. Etxebizitza zinegotziak azaldu du azken bi legealditan 222 etxebizitza babestu eraiki direla Zarautzen, momentu honetan beste 454 eraikitzen ari direla eta legealdi honetan, edo hurrengoan, beste 275 egiteko plangintzak martxan direla dagoeneko. “Etxebizitza planaren fase berri honetan alokairu babestuak garrantzia berezia hartuko du, 406 etxebizitza eraikiko dira erregimen horretan”, azaldu du Oiarbidek.
Etxebizitza turistikoen inguruan ere hitz egin du zinegotziak: “Nolabaiteko kezka sumatzen da kalean gai honen inguruan, ohiko etxebizitzari lekua kentzen ote dion etxebizitza turistikoak, eta esan beharra dago ohiko bizileku diren etxeen ehunekoak gora egin duela azken hamarkadan”. INEk 2011n kaleratutako datuen arabera, Zarauzko etxebizitzen % 73,7 ziren ohiko bizitoki eta gaur egun ehuneko hori ia %80ra igo dela azpimarratu du zinegotziak. “1.000 etxebizitza gehiago dira egun ohiko bizitoki” azaldu du.
Azterlanak zehazten du herrian 907 etxebizitza huts daudela, guztizko kopuruaren %7,6, eta etxe hutsen ehuneko altuenak dituzten auzoak Itsasertza, Iñurritza eta Itxasmendi dira. Etxebizitza hauen jabeak zarauztarrak edo gipuzkoarrak dia.
Lokal hutsen kasuan, Zarautzen 1.607 lokal huts daude, kopuru aldetik gehienak Alde Zaharrean daude, 156 lokal, baina Itxasmendin (% 71,9) eta Azken Portun (% 58,5) daude lokal huts portzentaje altuenak. “Lokalei dagokienez, auzoz auzo era desberdinetako esku hartzeen beharra agerikoa da” azaldu du Hirigintza zinegotziak, “merkataritza suspertzeko kasu batzuetan edota lokalei etxebizitza erabilera emateko beste batzuetan”.
Azterketako datuetan oinarritutako diagnosiak eta gomendioek aukera emango diote orain Udalari herritarrekin eta gaiari lotutako eragileekin hausnarketa prozesu bat martxan jartzeko eta, honen bitartez, hartu beharreko erabakiak eztabaidatzeko, bai epe laburrean.