Mende erdi bateko ibilbidea du Zarauzko Garoa liburu dendak. Flor Illarramendik ireki zuen denda, eta haren seme Imanol Agirre Illarramendi (Zarautz, 1978) da gaur egun arduraduna, orain dela hamasei urtetik. Askotariko liburuak dituzte saltokian: sona handikoak zein txikiagokoak, Agirrek uste baitu badirela oihartzun handirik gabeko liburuak erakusleihoan egotea merezi dutenak.
Garoa liburu denda aipatuta, zein da burura datorkizun lehen oroitzapena?
Liburu dendari bera eta ataria. Denda gainean bizi ginen. Familiako eraikina zen: lehengusuak-eta lehenengo solairuan bizi ziren, gu bigarrengoan, eta behean, denda zegoen. Nire lehen oroitzapenak horiexek dira: dendaren kanpoaldean, Musika plazan, baloiarekin jolasean.
Familiako liburu denda da Garoa. Noiz zabaldu zuten?
Iaz egin genituen 50 urte. Honen guztiaren atzean historia bat dago. Orain liburu denda dagoen tokian lokal bat zuen aitonak; ardotegi bat zen, eta handizka saltzen zuen ardoa. Atzealdean, berriz, orain denda handitu nahi dugun espazioan, Pio jatetxea zegoen, eta gure aitonaren anaiak ziren jabeak. Aitonak inprimatzeko makina bat ere bazuen, eta, denbora-pasa moduan, makina horrekin aritzen zen lanean. Tarteka, Otzarreta inprimategiko lagun bat etortzen da dendara, eta aitonaren istorioak kontatzen dizkit.
Zer istorio, adibidez?
Esan ohi dit Otzarreta inprimategiaren bidea gure aitonaren makina zaharrarekin hasi zela. Izan ere, gure aitona zenak baldintza batekin saldu zien makina: makina erabiltzen ikasten zuenean, orduan emango ziela.
Zer dela-eta zabaldu zenuten denda?
Amak [Flor Illarramendi] zabaldu zuen. Londresen egon zenean, liburu denda batetik bestera ibiltzen omen zen. Zarautzera bueltatu zenean, 1973an, denda bat ireki zuen bere aitaren ardotegi zaharrean. Gurasoek zioten oso garai desberdina zela. Frankismoaren azken urteak ziren, eta gogoan zuten orain haurren txokoa den lekuan egiten zituztela beren bilera klandestinoak. Duela hamasei urte inguru konturatu ginen gure ama gaixo jartzen ari zela. Etxean beti egon da gaixotasun bat, guk galtzeimer esaten dioguna; burua galtzea, alegia. Gure amona zenak izan zuen gaixotasun hori, eta amak ere bai. Amaren gaixotasuna ikusi nahi ez, eta Londresera joatea erabaki nuen garai batean. Behin, ama eta izeba Londresera gonbidatu nituen, azken bidaia bat egitera. Han neuk eraman nuen Foyles liburu dendara, hark gaztetan bisitatzen zuen lekura, eta han esan nion amari hurrengo egunean haiekin itzuliko nintzela etxera, eta geuk, orduan Madrilen zegoen anaia Enekok eta nik, hartuko genuela liburu denda. Ni dendaz arduratuko nintzen, eta anaiak beste bide bat zabalduko zuen. Internet munduan aholkularitza moduko bat ireki zuen anaiak, Osoigo izenekoa, eta gaur egun ibilbide oparoa du. Ipuin moduko bat ematen du, ezta? Askotan esaten dut ipuinak beharrezkoak ditugula, literaturarekin errazago sinisten baita errealitatea.
"Gure amak zioen liburuek horizontalean egon behar dutela, gurpil aulkian doan bezero bat ezin baita behartu lepoa mugitzera"
Txikitatik egon zara liburuen inguruan bueltaka. Aldentzeko gogorik ez al duzu izan?
Zalantzak beti izan ditut, eta, denok bezala, dena pikutara bidaltzeko gogoa ere bai. Egia da familiari lotuta egoteak sekulako zama eragin duela. Hasiera hartan, liburu denda hartzea amari omenaldi bat egiteko modu bat zen. Nork bere bidea egin beharrean, izan garen horretara ainguratuta geunden. Pauso bat atzera ematea oso garrantzitsua da, baina, horrekin batera, garrantzitsua da aurrera beste bi pauso ematea ere, jakiteko nora goazen edo zer nahi dugun egin.
Aurrerapausoak emanez egin ditu dendak 50 urte?
Edozein negozio txikik egiten duen zerbait da, dagoenera moldatu beharra duzu. Egindako jarduera guztiak paperaren bueltan izan dira beti. Hasieran irakurle talde bat antolatu genuen, Paperezko lagunak izenekoa; gero, Paperezko kontzertuak egitasmoa egin genuen, baita Paperezko antzerkia eta Paperezko zinema ere. Liburuetatik abiatutako filmak erakusten genituen Paperezko zinema-n, eta Euskadiko Filmotekak lagundu zigun horretan. Paperezko pulpitotik egitasmoa ere abiatu genuen, eta politikariak izan genituen dendan, literaturari buruz solasean. Sarea bota izan dugu jendea dendara erakartzeko: jendea ez bada liburu dendara etortzen, eraman dezagun liburu denda jendearengana.
Donostian, Gros auzoan, ireki zenuten liburu denda bat orain dela urte batzuk, baina ez zuen askorik iraun.
Bi urte egon ginen. Ama oso gaizki genuen, eta ez zitzaigun omenaldi hoberik bururatu Donostian liburu denda bat zabaltzea baino. Hor nik egin nuen pott: han nengoenean hemen nuen burua, eta hemen nengoenean, han. Oso bizia izan zen garai hura, oso polita, baina egia da Zarauztik ihes egiten ari nintzela; lanarekin dena ezkutatzen nuen, eta hor nire inguruko jende guztia galdu nuen. Donostiako proiektu horretan ezkutatuta nengoen, eta ez nuen orekarik aurkitu. Jendaurrean ondo egon behar duzu, eta, agian, garai hartan ez nengoen momenturik onenean. Askotan pentsatzen dut orain nola egongo ote ginen denda zabalik mantendu izan bagenu.
Nola eusten dio gaur egungo aro digitalari zuenaren moduko saltoki txiki batek?
Azkenean, mirakulu antzerako bat da. Esango nuke egun dendan sartzen diren hamar bezerotatik zazpik eskatzen dituela gomendioak. Zera galdetzen dute: "Zer irakur dezaket?". Eta erabat fio dira proposatzen diegunaz. Udaro, adibidez, Zaragozako familia bat etortzen da, eta urte osorako irakurketa eramaten du maleta batean. Hurrengo urtean, berriro etortzen direnean, gomendatutako liburu bakoitzari zer puntuazio eman dieten esaten digute. Umeen kasuan, liburu denda bat izatea oso garrantzitsua da. Eskolen eta liburu dendaren elkarlana sustatzen bada, haurrak bide hori egingo du. Herri batean liburu dendarik ez badago, txikiek ez dute bide hori ezagutuko.
Beste herrialderen batera joaten zarenean edo Zarauztik ateratzen zarenean, ba al duzu hango liburu dendak bisitatzeko ohiturarik?
Bai, bai. Gero, ez da erraza ikuspegi profesionala alde batera uztea. Gai naiz beste liburu dendetako balden tamainei begira jartzeko. Begiratzen dut nola jartzen dituzten salgai liburuak, edo nola sailkatzen dituzten.
"Presaka bizi gara, eta irakurtzeko moduak aldatzen ari dira, aisialdia bera aldatzen ari den bezala"
Zuek horizontalean jartzen dituzue liburuak salgai. Zergatik?
Gure amari ikasitako zerbait da. Amak zioen liburuak horizontalean beharko luketela egon, gurpil aulkian doan bezero bat ezin baita behartu lepoa mugitzera.
Argitaletxe handietako liburuak saltzen dituzue, baita txikietakoak ere. Erraza al da bien arteko oreka mantentzea?
Dendariok askotan gure gustuen araberako galbahe lanak egiten ditugu. Berdin-berdin gertatzen da liburutegietako arduradunekin. Aukera oso handia dute herri batean liburu mota desberdinak erakusteko. Liburutegietara joaten naiz liburuak saltzera, eta bai, denek eskatuko dizkizute Dolores Redondoren liburuak, baina badaude beste harribitxi txiki batzuk ere, eta horiek ere erakutsi behar dira. Liburu dendetan, berdin. Argitaletxe edo idazle batzuek oso lan fina egiten dute, eta merezi dute erakusleihoan beren lekua izatea.
Ez al duzu dendako salmahaian egotearen falta sumatzen?
Lehen aitak [Imanol Agirre] egiten zuen lana egiten dut. Sototik kudeatzen dut liburu dendako aste bakoitza: eskariak egin, diru kontuak eraman... Ez dut ezetzik esango: sumatzen dut falta hori, bai. Baina duela lau urte aita izan nintzen, denboraren kontzeptua aldatu egin da, eta askotan diot denbora gehiago izan nahiko nukeela. Irakurtzen dut, baina ez nire lankideek bezainbeste, eta ez dut bezeroen galderei erantzuteko adina maila.
Esaten da jendeak ez duela irakurtzen...
Presaka bizi gara, eta irakurtzeko moduak ere aldatzen ari dira. Komikiek pisu handia hartu dute azkenaldian, arinagoak direlako. Ipuinak ere gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira. Irakurtzeko moduak aldatzen ari dira, aisialdia bera aldatzen ari den bezala.