Izaskun Forkada: "Nahiago dut eszenatokietara kamuflatuta atera"

Andrea Zipitria 2024ko eka. 8a, 15:00

Izaskun Forkada.

Duela hiru urte iritsi zen Zarauztik Oriora Izaskun Forkada. 2Kate taldean aritzeagatik da ezaguna, baina haren bizitzak erabateko bira eman du, eta duela hogei urtetatik Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin dabil han eta hemen. Garai batean ez bezala, eszenatokietara itxura aldatuta ateratzen da; horrela nahiago duela dio. Maiatzeko Karkara aldizkariko elkarrizketa da honakoa, eta orain sarean dago irakurgai.

Rocka, musika gogorra eta musika eletronikoa batetik, eta haurrentzako musika nahiz pailazoen mundua bestetik. Bi mundu paralelo izan daitezke horiek, inondik inora lotu ezin daitezkeen bi mundu. Bada, ordea, txanponaren bi aldeok uztartzen dituenik: Izaskun Forkada (Andoain, Gipuzkoa, 1974), hain zuzen ere. Izatez andoaindarra da, baina duela hiru urtetik Orio du bizitoki. Askok 2Kate musika taldean aritzeagatik ezaguzen dute; gaur egun, ordea, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin ibiltzen da emanaldiz emanaldi. Koreografiak prestatzeaz eta dantzatzeaz gain, antzeztu ere egiten du. Nola egin duen salto mundu batetik bestera? Berak ditu azalpen guztiak. 

Aurkeztu zure burua.

Dantzari koreografoa naiz, eta abeslaria ere bai, nahiz eta gaur egun abesten ez jardun.

Dantzarekin hasi zinen, ordea, lehenengo. Zein izan zen dantzarekin eduki zenuen lehen harremana?  

Umea nintzela, euskal dantzak ikasten hasi nintzen, eta urte luzez jardun nintzen horretan. Gero, motz geratu zitzaidan, eta 13 urterekin dantza modernoa praktikatzen hasi nintzen. Klase horietan eskaini zidaten Andoaingo Areski gimnasioan aerobik saioak ematea. Nagusiarekin ibili nintzen han eta hemen ikastaroak egiten, eta 17 urterekin hasi nintzen dantzako irakasle lanetan. 

Gaztetatik eduki duzu garbi dantzaria izan nahi zenuela...   

Bai, hala da; txikitatik oso garbi eduki dut dantzaria izan nahi nuela. Irakasle lanak egiten hasi nintzenean, aldi berean hainbat ikasketa egin nituen dantzaren inguruan, eta hip-hopean espezializatu nintzen. Ordutik, Gipuzkoako herri askotan aritu naiz klaseak ematen; batzuk aipatzearren, Andoainen, Donostian, Tolosan, Zizurkilen edota Zarautzen.  

Eta noiz piztu zitzaizun abeslari sena?  

Andoaingo BAP!! talde famatuaren Zuria Beltzez diskoan koru batzuk egin nituen 1992an. Orduan abestu nuen lehen aldiz, eta taldearekin kontzertuetan kantatzen hasi nintzen. Gero, nire talde propioa osatu nuen, Mikel Kazalis Anestesia taldekoarekin batera: 2Kate zuen izena. Bi disko atera genituen: lehena, 1997an, Bide Laburra izenburupean, eta bi urteko tartean, 1999an, bigarrena jaio zen, Birziklatu. Kontzertu asko eman genituen. Gure musika estiloak trast eta makina doinuak uztartzen zituen. Kantatzeaz gain, nire lagun batek eta biok, dantza egiten genuen kaiola batzuen barruan. Oso berritzailea zen garai hartarako musika gogorra dantzarekin nahastea. Ordura arte ez zen halakorik ikusi Euskal Herrian. 

Nola otu zitzaizuen musika taldea sortzea?

Mikel musikaria zelako, eta ni dantzaria. Gure ideia izan zen taldea sortzearena. 2Kate izena, berriz, Fermin Muguruzari otu zitzaion. Mikel Laboaren abesti batean aipatzen da "bi kate" esamoldea. Bost urte ingurutan ibili ginen han eta hemen, eta kontzertu asko eman genituen. Hasi nintzen bere garaian emanaldi kopurua apuntatzen, baina gero kontua galdu nuen. 

Fermin Muguruza aipatu duzu. Negu Gorriak taldearekin eta Fermin Muguruzarekin lan egindakoa zara...

Bai, Negu Gorriak taldearekin abestu eta dantzatu, biak, egin ditut. 1996an, adibidez, Salam agur diskoan koruak egin nituen, eta zuzenean zein dantzan ere aritu nintzen Begirunea Tour 96 biran. Fermin Muguruzarekin, berriz, dantzatzen aritu izan naiz. Gogoan dut 2002an Inkomunikazioa eta Puzka bideoklipetan hartu nuela parte, eta Zarautzen 2013an eman zuen kontzertu batera atera nintzen zuzenean dantzatzera. 

Nola egin zenuen salto musika industrialetik umeen mundura? 

Haurren mundura hurbiltzen hasi nintzen 2003an. ETBn haurrentzako eta gazteentzako egiten zen Betizu izeneko saioan, koreografiak irakasten hasi nintzen. Orduan hasi nintzen, era berean, pailazoekin lan egiten. Joxe Marik [Agirretxe], Porrotx-ek, asko kontrolatzen ditu Euskal Herriko artistak, eta berak deitu zidan, bazekielako dantzatu egiten nuela eta musika taldea ere banuela. Laguntza eskatu zidan; koreografiak prestatzea nahi zuen, beraiek ez zirelako dantzariak. Lehenengo abestiak pasatu zizkidan, eta koreografiak prestatu nizkien; beraiei ere irakatsi nizkien. Horrela hasi nintzen, eta gaur egun arte. Hasieran koreografiak bakarrik prestatzen nituen, eta gero, beste pauso bat eman eta zuzenekoetara joaten hasi nintzen: gaur egun koreografiak prestatu, dantzatu eta antzeztu egiten dut. Hiru gauzak kontuan hartuta, antzeztea izan da gehien kostatu zaidana. 

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen abesti guztiak, orduan, zure eskuetatik pasatu dira... 

Bai, hala da. Koreografia asko egin ditut urte hauetan guztietan; Maite zaitut abesti ezagunarena, adibidez. 

Euskal Herriko haur guztiek zure koreografiak dantzatzen dituzte. Horrek presiorik sortzen al dizu?

Pentsatzen jartzen naizenean, ikaragarria iruditzen zait. Euskal Herriko haurrek ez ezik, gurasoek ere jakiten dituzte. Askok, gainera, ez dakite nor naizen. Nire itxura nahiko rockeroa da, eta eszenatokira tapatuta edota, hobeto esanda, kamuflatuta ateratzen naiz; horregatik, oholtzan ikusten dutena ez dute nire berezko irudiarekin lotzen. Jakingo balute zein naizen...

Beraz, nahiago duzu agertokira tapatuta ateratzea?

Bai, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldietan beti atera izan naiz tapatuta, eta, egia esan, nahiago dut kamuflatuta ateratzea. Nahiago dut ez nabaritzea haurrek Izaskun naizela, nahiz eta lehen askoz ere lotsa handiagoa ematen zidan horrek. Bestalde, kalean jendeak ezagutzea ere ez dut oso ondo eraman izan. Telebistan esperimentatu nuen hori, eta ez zitzaidan asko gustatu. Nahiago dut nire intimitatea zaintzea. 

Tatuajeak aipatu dituzu. Elkarrizketa batean esan zenuen tatuajezale amorratua zarela...

Bai, asko ditut, eta guztiak bizitzan eta heriotzan daude oinarrituta. Bizitza heriotzaren parte bat da, eta alderantziz: heriotza bizitzaren parte bat da. Orduan, nire azalean irudikatu nahi izan dut hori. Betitik izan naiz oso garezurzalea, eta azalean asko daramatzat. Izan ere, niretzat garezurrak dira heriotzaren isla. 18 urterekin egin nuen lehenengo tatuajea, eta oraindik badut asmoa tatuajeak egiten jarraitzeko. Noiz ez dakit, baina izango da momentua. Gainera, gustatzen zait tatuajeek beraien artean jarraipena edukitzea. 

Gauza asko egin dituzu urte hauetan guztietan. Arantzarik ba al duzu?

Egia esanda, gustatuko litzaidake berriz ere talde bat edukitzea. Horretarako, ordea, musikari onak behar dituzu ondoan, eta behar duzu lagunak izatea musikari horiek ere. Niretzat oso garrantzitsua da taldekideak lagunak izatea. Dena den, momentu honetan ez dut bideragarria ikusten. Pailazoen munduan oso sartuta nabil, eta bi seme-alaba ditut.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide