Urrestillako Txikuri pilotalekuak lekukoa hartuko dio igandean hautesleku bihurtuko duten Izarraitz pilotalekuari, eta Egur Sport enpresak antolatuta eta Azpeitiko Udalak babestuta jokatuko dute aurten ere Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren finala, 27.a. Igandean izango da hitzordua, 17:45ean. Jaialdi berean jokatuko dute emakumeen Binakako Aizkolari Txapelketa, aizkolari gazteen hiru final ere bai; eta jaialdia borobiltzeko, taldekako harri-jasotze desafio berezia eta erakustaldia eskainiko dituzte.
Atzo arratsaldean udaletxean eman zituzten igande arratsaldeko jaialdiaren xehetasunak Egur Sporteko Luis Mari Bengoak eta Jon Oteiza Kirol batzordeburuak, Urrestillan lehiatuko diren hainbat kirolarik lagunduta. Guztira, aizkolari eta harri-jasotzaile, 24 kirolari elkartuko dira Txikuri pilotalekuan, eskualdeko ordezkaritza zabalarekin. 500-600 ikusle batzea espero dute antolatzaileek, eta frontoiko harmailak osatzeko harmaila mugikorrak jarriko dituzte horretarako. Sarrerak, berriz, egunean bertan salduko dituzte pilotalekuan, 25 euroren truke.
Harri-jasotze dema berezia
Aizkolarien finalak ez ezik, harri-jasotzaileen lanaz gozatzeko aukera ere izango dute igandean Txikuri frontoira joaten direnek. Batetik, Maddi Gesalagak, Udane Ostolaza oriotarrak eta Olaia Esnaola azpeitiarrak erakustaldia egingo dute. Eta bestetik, Juan Iguaranen oroimenezko desafioa jokatuko dute sei harri-jasotzailek, izen bereko txapelketan lehiatu diren sei onenek, hain zuzen.
Mikel Lopetegi Urra, Paulo Azpiazu Zarauzko bizilaguna eta Iraitz Arruti Burni Txiki Iguaranek 1962ko apustuan erabili zuen harriarekin ariko dira lanean; eta Imanol Royo Lartain –Jokin Eizmendi herrikidearen tokian ariko da–, Beñat Telleria eta Aimar Galarraga oriotarra, berriz, Lizeagaren harriarekin.