Azukarera del Ebro, herriko gazte sortzaileen erakusleihoa

Julene Sorarrain 2024ko eka. 6a, 12:30

Apirilean Azukarera del Ebro eremuan egindako erakusketa. (Utzitakoa)

Artea eta musika bateratzen dituen egitasmoa sortu du Zarauzko gazte talde batek: Azukarera del Ebro. Larunbatean egingo dute bigarren edizioa, Ebro-Etxean.

Zarauzko gazte talde batek, herriko talentua erakusteko asmotan, Azukarera del Ebro sortu du, gazte sortzaileen erakusketa eremua. Apirilean egin zuten lehenengo erakusketa Ebro-Etxean, eta izan zuen arrakasta ikusita, martxan jarri dute bigarrena. Larunbat honetan bilduko dira berriro, eta oraingoan artista ezberdinak ekarriko dituzte, herriko gazteei ikusgarritasuna emateko helburuari eutsita. "Lehenengo ekitaldiaren kontzeptuaren jarraipena izango da", azaldu dute antolatzaileek.

Arratsaldean irekiko dituzte Azukarera del Ebroren ateak, eta bertaratzen direnek diziplina ezberdinetako artelanak ikusi ahal izango dituzte erakusketan. Besteak beste, Jone Alberdiren ilustrazioak, Ainara Aymaten eta Iker Gozategiren argazkiak, Maia Berastegiren ehun gaineko estanpazioak, Sandra Izquierdoren poemak eta Clara Zubiaren zeramikazko piezak egongo dira ikusgai Ebro-Etxeko lorategian. Erakusketa 17:00etatik aurrera zabalduko dute, eta sarrera doakoa izango da. Bestalde, freskagarriak eta janaria egongo dira salgai gerturatzen direnentzako, Sukkamaiaren eskutik.

Erakusketaz gain, Jai/Egun bakarlariak kontzertua eskainiko du 20:00etan. Iazko azaroan kaleratu zuen Aitor Martinezek bere lehen diskoa, Argiek istilu, bederatzi abestiz osaturiko lana. Iluntzean, gainera, Ebro-Etxeko lorategia girotzen arituko dira Bermuda Kolektiboko Anwolt eta Xiarroman eta Ainara DJak, 21:00etatik 23:00etara bitartean.

Aurreko edizioa

Apirilean aurkeztu zuten lehen erakusketa Azukarera del Ebron. Bertan ikusi ahal izan ziren Josu Basañezen eta Josu Larrearen ilustrazioak, June Erostarberen eta Gorka Lizasoren argazkiak, Alex Mororen kartelak, Markel Velezen eta Alvaro Azkueren arropa diseinuak eta Oihana Zelaiaren arkitektura proiektua. Ondoren, Darrk markaren azken diseinuen desfilea egin zuten, Bermudako DJen musika saioaren laguntzaz.

Ebro-Etxea 1980ko hamarkadan Azucarera del Ebro enpresako langileen haurren udaleku izan zen, eta hortik dator haren izena. Lekuari probetxua atera nahi izan dio Zarauzko gazte talde batek. "Eguneko ekitaldi bat egin nahi genuen, herritar guztientzat erakargarria izango zena. Potentzial handia duen eremua da. Askok ezagutzen ez duten leku publiko bati etekina atera nahi genion, leku horri beste bizitza bat eman", azaldu dute kideek. Antolatzaileek azken urteetan artearen munduko jendearen sorkuntzak areagotu egin direla nabaritu dute.

"Gazteei zuzendutako ekitaldiak oso mugatuak dira, are gehiago autogestionatuak. Zarauztarren identitatea erakusteko asmotan, horrelako jarduerak antolatzea aurrerapauso bat dela uste dugu". Etorkizunera begira, edizio gehiago egin nahi dituzte, herriko gazteei ikusgarritasuna ematen jarraitzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide