Prezio publikoak eguneratuta, zenbait udal zerbitzu garestitu egingo dira

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 5a, 13:15

Zarauzko udaletxea. (Zarautz Guka)

Eskaintza defizitarioei aurre egiteko hartutako neurria dela azaldu du udalak eta kritiko agertu da oposizioa aplikatutako prezio igoeratan "desoreka" dagoelakoan.

Zarauzko Udalbatzak herriko prezio publikoak eguneratzeak onartu zuen joan den asteko ohiko plenoan hamabi aldeko botorekin eta bederatzi kontrakorekin. Udal gobernua osatzen duten bi alderdiak, EAJ ea PSE-EE izan ziren, hain justu, oniritzia eman zutenak, eta, hala zenbait zerbitzuren prezioak igo dituzte. Azken horren harira, Iker Basurko Ogasun zinegotziak argudiatu zuen, "halabeharrez" igo dituztela hainbat zerbitzutako prezioak, "legez, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak ezin direlako defizitarioak izan, eta hala direnean, galera hori murrizteko ahaleginak egin behar direlako, urtez urte".

EH Bilduren udal taldea, bestalde, kritiko agertu zen prezio publikoak eguneratzeko udalak egindako proposamenarekin eta aurka bozkatu zuen. "Desorekatua" dela argudiatu zuen Ion Arozena hautetsiak, defizitarioak diren zenbait zerbitzu bere horretan utzi dituztelako eta beste zenbaitetan igoera handiak aplikatu dituztelako. Adibide zehatza ere eman zuen Arozenak: "Erabiltzaile asko dituzten arren, udalekuak defizitarioak dira; izan ere, inbertitutakoaren %40 berreskuratu zuen udalak 2022an eta %30 iaz. Aurten, kasurik onenean, plaza guztiak beteko balira, alegia; %37,95 berreskuratuko da, baina zerbitzuaren prezioak bere horretan jarraituko du. Kontrara, psikomotrizitate zerbitzuan ia %60ko igoera aplikatuko da datorren ikasturteari begira, eta %34 izan zen 2022-2023 ikasturtean berreskuratu zena eta %45 azkenengoan hogei erabiltzailerekin".

Hori horrela, EH Bilduko ordezkariak galdegin zuen ea zein izan den udalak jarraitu duen irizpidea defizitarioak diren zerbitzu batzuen prezioak igotzeko eta beste batzuenak ez. Bada, Basurkok erantzun zuen "zerbitzuetako bakoitza eskaintzen duen departamentuetako arduradunek egindako proposamenak jarraituta" aplikatu dituztela igoerak "haiek egin dutelako analisia eta haiek dakitelako zein den zerbitzu bakoitzaren egoera zehatza".

Basurkok emandako erantzun horrekin ere kritiko agertu zen Arozena: "Egia da departamentuetako teknikariek proposamenak egiten dituztela, baina azken erabakia politikoa da. Horregatik, uste dugu prezio batzuk ez ukitzearen eta beste batzuk nabarmen igotzearen erabakia politikoa dela. Akaso kalean entzun ditzakeen kritikak dira saihestu nahi direnak, esan bezala, udalekuek erabiltzaile asko dituztelako psikomotrizitate zerbitzuaren aldean".

Prezioen eguneraketarekin garestitu egingo diren beste zenbait zerbitzu zein izango diren ere aipatu zuten joan den asteko pleno hartan. Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak, esaterako, zehaztu zuen Aritzbatalde kiroldegian eskaintzen dituzten ikastaroen prezioak %4 igoko dituztela, "duela hilabete batzuk tasak eta zergak igotzeko ordenantza fiskalarekin bat etorrita". Horrez gain, jangela zerbitzua %7,8 garestituko da datorren ikasturtean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide