EH Bilduk kritikatu du TAO sistemarako aldaketak onartu gabe sartu dela indarrean zerbitzua

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 1a, 10:00

Gaurtik martxan da udako TAO zerbitzua. (Jabi Gonzalez Toston)

Oposizioko alderdiak bere proposamenak zein diren azaldu du eta ohartarazi du oraindik badagoela alegazioak eta iradokizunak egiteko aukera.

Gaurtik indarrean da udako TAO zerbitzua eta kritiko agertu da EH Bilduren udal taldea, ordenantzaren aldaketa proposamena ez delako behin betiko onartu oraindik. Hala, oposizioko alderdiak dio "askotan gertatzen den bezala, azken momentuan" dabilela udala.

Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, joan den apirileko udalbatzarrean eman zioten hasierako onespena, eta, ondoren, jendaurrean jarri zuten interesdunek erreklamazioak eta iradokizunak egiteko. 30 egun balioduneko epea betakoan, proposamenak baleude, osoko bilkurak ebatzi beharko ditu, eta behin betiko onespena eman. Hori horrela, herritarrak eta eragileak animatu ditu ordenantza aztertzera eta proposamenak aurkeztera, oraindik egin ez badute. EH Bilduren iritziz, Udal Gobernuak proposatutako aldaketak "partxezkoak" dira, eta, ondorioz, "ez dute lagunduko zerbitzua hobetzen".

Oposizioko alderdiak dioenez, "TAO sistemaren helburu nagusiak trafikoa gutxitzea eta egoiliarrei beren etxe inguruan aparkatzeko erraztasunak ematea dira, baina aldaketek ez dute bide horretan inolaz ere laguntzen". Adibideak ere eman ditu, kritika argudiatzeko: "Lehen zonaldeko egoiliarrei bigarreneko zenbait kaleetan aparkatzeko aukera ematea praktikan oso nahasgarria den beste zonalde misto bat sortzea ekarriko du".

Proposamen zehatzak

Itziar Murua buru duen udal taldeak bere proposamenen berri ere eman du. Hala, azaldu du iradokizun nagusietako batek Zarautzen bizi ez arren, herrian etxebizitza duten herritarrekin lotuta dagoela. Honakoa proposatu du, zehazki: "Hiru txartel eskatzeko aukera izan beharrean, bigaren zonaldeko gune urdinetarako txartel bakarra eskatu ahal izatea".

EH Bilduk uste du, halaber, "herrian etxebizitza duen edonork" izan beharko lukeela aukera txarteletako bat lehen mailako ahaidetasuna duen pertsona bati eskatzeko. Harago ere joan da: "Ez dauka zentzurik beste herri batean bizi den zarauztar batek txartel bat edukitzeko aukera ez izatea baina kanpoan bizi den eta Zarautzen bigarren etxebizitza duen baten semeak edo alabak txartel bat lortu ahal izatea".

Horrez gain, desadostasuna agertu du txartel bereziaren erabilerarekin: "Ez zaigu ondo iruditzen udaltzainek beren auto pertsonala aparkatzeko dituzten txartel bereziak edukitzea, ez eta herriko ikastetxe batetako langileek gune konkretu batean aparkatzeko aukera edukitzea ere. Bai batzuek eta bai besteek kanpotik datorren beste edozein langilek bezala udako txartela lor dezakete hori ordainduz gero, eta hala izan beharko lukeela uste dugu."

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide