Zarauzko Udalak hondartzaren zaintzaren inguruko mezua zabaldu du

Mireia Galarza Bastida 2024ko eka. 1a, 09:00

Hondartzan jarri dituzten plaketako bat. (Zarauzko Udala)

Erakundearen ustez, Zarauzko hondartza "aisialdirako, kirolerako edo eguzkia hartzeko gunea baino askoz gehiago da", eta horregatik, "denen ardura da hori zaintzea". Aurten hondartzako sarrera guztietan plakak jarri ditu udalak, kerik gabeko hondartza sustatzeko. Horretaz gain, EMAS banderak jarriko ditu, hondartzaren ingurumen kudeaketa ikusarazteko.

Hondartza denboraldia irekitzearekin batera, Zarauzko Udalak hondartzen zaintzaren inguruko mezua zabaldu nahi izan du herritarren artean. Erakundearen ustez, Zarauzko hondartza "aisialdirako, kirolerako edo eguzkia hartzeko gunea baino askoz gehiago da", eta horren erakusgarri dira udalak ingurumena kudeatzeko erabiltzen dituen EMAS eta ISO 14.001 sistemak. "Helburua da ekosistema baliotsu hori zaintzea eta babestea, eta babes hori herritarren aisialdiarekin bateragarri egitea", dio Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak.

Bide horri jarraika eta Zarautz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatutako Kerik gabeko hondartzak programako parte hartzailea izanik, aurten hondartzako sarrera guztietan plakak jarri ditu udalak, eskaileren ondoan, "Kerik gabeko hondartza. Playa libre de humo. Tabakorik ez! Eskerrik asko"  hitzekin. Programa honek hainbat helburu ditu: alde batetik, pertsonen osasuna hobetzea eta, bestetik, itsasoan amaitzen duten hondarreko zigarrokinak murriztea, bertan bizi diren izaki bizidunak kaltetuz. "Prebentzio arlotik ikusten dugu kerik gabeko hondartza bat sustatzea adin guztietako erabiltzaileen osasunerako onuragarria izateaz gain, tabakismoak osasunerako duen arriskuari buruz sentsibilizatzeko modu bat dela", adierazi du Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak. 

Beste berrikuntza bat EMAS bandera jartzea izango da, hondartzaren ingurumen kudeaketa ikusarazteko. Programa honen bidez, Ingurumen saila hondartzan lan egiten duten gainontzeko sailekin koordinatzen da, hala nola sorosleak kontratatzeaz eta malekoia garbitzeaz arduratzen diren Obra eta Zerbitzuekin eta Aldundiko Ingurumen Sailak kudeatzen duen hareatzaren eguneroko garbiketa-zerbitzuekin.

Gogorarazpenak

Berrikuntzez gain, udalak hainbat kontu gogorarazi nahi izan ditu. Txakurrek hondartzara sartzeko aukera dutela aipatu du Vazquezek, baina 21:00etatik 6:00etara. Gainera, txakurrek lotuta joan behar dutela ere azpimarratu du, eta ezin dutela dunan edota zubiaren azpitik mugaturiko eremuan sartu. "Txakurren jabeek gorozkiak jaso eta eskura dauden edukiontzietara bota behar dituzte", gehitu du. Horretaz gain, herritarrei ezinbesteko ura bakarrik erabiltzeko eskatu du udalak, hornidura sareko ura delako. 

Bestalde, urtero gertatutako gorabeherak, jarduera osoa eta ingurumen programak aztertzen direla gehitu du udalak, eta hobetzeko neurriak proposatzen direla. "Golfaren eremutik kanpo eta barruan duna babestea da gure lehentasunetako bat", gogorarazi du Vazquezek. "Ildo horretan, Aranzadi Zientzia Elkartearekin programa bat garatu genuen, Golf zelaiaren barruan duna landareen egoera kontrolatzeko. Eremu babestua errespetatzeko beharra ere azpimarratzen dugu. Gogoan izan behar da debekatuta dagoela zubi azpitik errekarantz igarotzea".

Bukatzeko, ingurumen zinegotziak gogorarazi duenez, "azpimarratzekoa da marmoka eta mikro alga toxikoen presentziaren kezka". Oraingoz ez da gertakari garrantzitsurik izan Zarautzen, baina horiek kontutan dituela azaldu du erakundeak. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide