Gaztetasuna eta grina, eskutik helduta

Mireia Galarza Bastida 2024ko mai. 31a, 10:00

Iruretagoiena eta Gesalaga. (Mireia Galarza Bastida)

Herri kirolek Tolosako zezen plazan izango dute hitzordua igandean. Maddi Gesalaga 125 kiloko errektangular zaharra altxatzen saiatuko da, eta Jakes Iruretagoienak, berriz, I. Gazteen Mailako Pentatloian parte hartuko du.

Hitzordu garrantzitsua izango dute Jakes Iruretagoiena Izeta V.a-k eta Maddi Gesalagak igandean Tolosako zezen plazan (Gipuzkoa). Biak ala biak dira 2008an jaioak, eta biak dira zarauztarrak, baina bakoitzak erronka desberdin bati egin beharko dio aurre.

Hain zuzen ere, I. Gazteen Mailako Euskal Pentatloian parte hartuko du lehenengoak, eta 125 kiloko errektangular zaharrarekin errekorra ezartzen saiatuko da bigarrengoa bost minutuko tartean. Iruretagoienak Jon Zaldua Zaldua II.a-rekin neurtuko ditu indarrak, eta hurrengo lanak egin beharko dituzte: 63 kiloko bolari zortzi altxaldi, 250 kiloko harriarekin plaza bat, kanaerdiko bat aizkoran, 35 kiloko txingekin hiru plaza eta kilometro bat korrikan.

Hitzorduaren atarian, "gogotsu" daude bi zarauztarrak. Iruretagoienak azaldu duenez, parte hartuko duen txapelketa "polita" izango da, eta bere lehenengoa izanik, "iganderako prest" agertu da. Gesalagak ere badu iganderako apeta, eta gehitu du "hainbeste denbora" proba prestatzen igaro ostean, plazara irten eta erakutsi beharrekoa erakusteko nahia baduela. "Urduritasun edo tentsio" puntu bat ere erakutsi dute zarauztarrek, baina Gesalagak aitortu du hori ere «ezinbestekoa» dela plazara irten aurretik. "Egia da biok gaudela plazan aritzen ohituta, baina beti nabari da zerbait", diote herri kirolariek. 

Prestaketa, desberdin

Biak Izeta harri eskolako kide dira, baina igandeko probak desberdinak izanik, prestaketa ere horren araberakoa dela gehitu dute Iruretagoienak eta Gesalagak. Izeta V.a-ren kasuan, entrenamenduak aldatu ohi ditu, pentatloiaren barruan hainbat proba daudelako: "Aizkoran asko zentratuz gero, harria jasotzen teknika gal dezakezu, eta beraz, komeni da proba bakoitzari bere denbora eskaintzea". Gesalagak ere bere prestaketari buruzko azalpenak eman ditu: "Nire kasuan, pisu handia altxatu behar dudanez, agian ezin ditut ariketa aerobikoak egin, neuk ere pisurik ez galtzeko. Zentzu horretan, esan daiteke sakrifikatuagoa dela prozesua". Tolosako zezen plazak sor dezakeen presioari buruz galdetuta, bi kirolariek aditzera eman dute beraientzat "bat gehiago" izango dela, eta plaza edozein dela ere, beraien helburuak berbera izaten jarraituko duela: lanak ahalik eta ondoen egitea.

Iruretagoiena Zaldua I.a-ren semearekin irtengo da plazara, eta bost probak lehenago amaitzen dituenak jantziko du lehendabidizko gazteen pentatloiko txapela. Zarauztarrak badu harremana zumarragarrarekin (Gipuzkoa), eta harekin askotan hitz egiten badu ere, esan du igandekoari buruz "ia ezertxo ere ez" dutela aipatu. "Bakoitzak gure estrategiak izango ditugu plazan igandean, eta horiek ezin dira elkarbanatu", gehitu du barrez Izeta V.a-k. Txapelketan parte hartzeko ideia ohiko pentatloia antolatzen dutenen aldetik jaso zutela ere aipatu du gazteak: "Jende gaztea falta zen, eta proposamena egin zigutenean ideia polita iruditu zitzaigun. Horregatik esan genuen biok baietz".

Gesalagak 125 kiloko errektangularra izango du parez pare etzi, eta hori altxatzea lortzen badu ezarriko du marka. Izan ere, inoiz inork ez du mota horretako harririk altxatu 15 urterekin. Olaia Esnaola azpeitiarrak 16 urterekin lortu zuen pisu horretako harri mota hori altxatzea, eta Idoia Etxeberria oriotarrak, berriz, 120koa altxatu zuen 16 urterekin. Dena dela, zarauztarrak azaldu du ez dela lehen aldia errekor bat lortzen saiatzen dena, eta badakiela dagoeneko zer den "testuinguru horretan plazara ateratzea", nahiz eta beti izan "kezka" pisu hori altxatuko duen edo ez. Hain zuzen, Lazkaon (Gipuzkoa) lortu zuen Gesalagak 113ko zilindroa lau aldiz eta 100 kiloko kubikoa behin altxatzea. "Lazkaon ikasi nuen indarra eta lasaitasuna orekatzen, ez zelako behin bakarrik altxa behar harria".

Gazteak atzetik

Bai Iruretagoiena eta bai Gesalaga herri kirolaren belaunaldi gazteenean koka daitezke, eta beste belaunaldiak "erreferentetzat" dituzten arren, testuingurua asko aldatu dela gehitu dute. "Lehen, batez ere, baserri munduko gizonezko oso indartsuekin lotzen ziren herri kirolak, eta orain denetik ikus daiteke, baita emakumeak ere", dio Gesalagak. 

Biek familiaren babesarekin egin zuten salto herri kirolen mundura, eta bertan jarraitzeko prest agertu dira bi gazteak aurrerantzean ere. Txapelketez gain, udan egiten dituzten erakustaldiak ere aipatu dituzte bi herri kirolariek, eta azaldu dute horietan ere izango direla aurten. "Pixkanaka-pixkanaka lanean jarraituko dugu, eta gero gerokoak", azaldu dute.

Bigarren mailako pentatloia ere, igandean

Bi proba horietaz gain, II. Mailako Emakumezkoen eta Gizonezkoen Euskal Pentatloi probak ere jokatuko dituzte Tolosako zezen plazan. Lehenengoan Amalur Arbelaitz eta Ane Zapirain ariko dira, eta guztira bost proba egin beharko dituzte: 63 kiloko bolari zortzi altxaldi, 250 kiloko harriarekin plaza bat, 45 ontzako enbor bat moztu aizkoran, 35 kiloko txingekin hiru plaza eta kilometro bat korrika.

Gizonezkoetan, berriz, Jon Bengoetxeak, Iker Goldarazenak, Beñat Telleriak, Ander Altunak eta Daniel Españak jokatuko dute pentatloia, eta horiek ere bost probatan neurtuko dituzte indarrak: zortzi altxaldi 100 kiloko bolarekin, 400 kiloko harriarekin plaza bat, kanaerdiko bat aizkoran, 50 kiloko txingekin plaza bat eta kilometro bat korrika. Lehen lau sailkatuak lehen mailara igoko dira, eta irailean izango dute maila goreneko proban parte hartzeko aukera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide