"Berariazko agur zintzo bat egin nahi izan dugu"

Aritz Mutiozabal 2024ko mai. 30a, 10:00

Eraso! musika taldea. (Eraso!)

Zarauzko Eraso! laukoteak ia 30 urteko musika ibilbideari amaiera jartzea erabaki du, eta horretarako Azken batean agurreko diskoa kaleratuko du gaur.

Eraso! laukoteak Azken batean azken diskoa argitaratuko du gaur. Azkena da, azkena. Hiru hamarkadaz eskaini duten rock-metal gudak lubakiak hautsiko ditu. Bake prozesua bailitzan, agurreko diskoaz eta biraz gozatzeko lanketa berezia egin dutela jakinarazi du taldeko abeslari eta gitarrista Sergio Ruiz Gonzalez de Txabarri Sertx-ek (Zarautz, 1975).

Azken batean, amaierak iritsi behar zuen.

Azkenaldian ikusten hasi ginen guztiak duela hasiera eta bukaera bat, eta jada hasi ginen lantzen beharbada agurra eman behar geniola proiektu honi. Ez genuen agur sinple bat izatea nahi, baizik eta ariketa zintzo bat egin nahi genuen geure buruarekin eta geure jarraitzaileekin. Ariketa horretan, pentsatu genuen kantu berriak sortu eta agurreko diskoa egitea, eta horrekin batera, agurreko bira batekin amaitzea guztia. Azken finean, zor genielako zaleei, baina baita geure buruei ere.

Poliki-poliki etorri den prozesu bat izan da. Konturatu gara nahikoa egin dugula honetan, eta agian geratu egin nahi dugula. Askotan zaila da biraka doan gurpila gelditzea... Nik pentsatzen nuen inoiz ez genuela utziko, barruan neraman zerbait zela, baina konturatzen zara etorri den bezala joan daitekeela. Azken batean diskoarekin ariketa zintzoa egiten saiatu gara taldekide guztiok, eta zintzotasun hori urte hauetan guztietan erakutsi dugu, ahal dugun onena emanez, baina honaino iritsi gara.

Ia 30 urteko ibilbidea osatu duzue. Talde gutxik esan dezakete hori!

Harro egoteko modukoa da. Ia 30 urte diskoak argitaratzen eta batetik bestera kontzertuak jotzen eman ditugu, beti taldea buruan dugula; azkenean, bizitza erdia baino askoz gehiago eskaini diogu. Norberarekin hazi eta hezi den zerbait izan da Eraso!. Beraz, pasada bat izan da, eta oso harro egoteko moduko ibilbidea izan dugu.

Berri Txarrakek utzi zuen, baina Zea Mays eta Kokein taldeek segitzen dute. Gutxi dira aktibo dauden zuen belaunaldiko taldeak, ezta? 

Egia esan, ez dute askok jarraitzen. Anestesia eta Soziedad Alkoholikak hor jarraitzen dute, adibidez. Nolabait esateko, eskuko hatzez konta ditzakegun taldeak dira, eta geratzen direnek gauzak beste modu batera egin dituzte; denbora eskaini diete disko batetik besterako lanketari, adibidez. Guri dagokigunez, izan ditugu geure argiak eta itzalak, guztiok izan gara guraso, eta horrek ere jaitsi gintuen egunerokotasuneko lerro horretatik. Hala ere, guk ez diogu inoiz jotzeari utzi, astero-astero elkartu gara entsegu lokalean, eta beti pausoak aurrera emanez joan gara.

Nola ekin zenioten sortze prozesuari jakinda zuen azken diskoa izango dela?

Diskoa grabatu ondoren etorri zitzaigun zapore mingotsa. Guztia egin eta gero, entsegu lokalean elkartu eta agurreko birarako betiko abestiak lantzen hasi ginen, eta orduan konturatu nintzen azkena izango zela. Orduan eman zidan niri beherakada animikoa. Sortu genuen guztia bukatuko zenaren benetako kontzientzia izan nuen. Gero, beste nostalgia ukitu bat ere izan nuen Oroitzapenak aurrerapen abestiaren bideoklipa ikusi nuenean. Taldearen ibilbide guztiko irudiekin eta abestiaren hitzekin uztartuta ikusi nuenean, halako beherakada bat eman zidan, eta negarrez hasi nintzen. Negarrez, baina erabat hunkitu nintzelako.

Azken finean, Oroitzapenak abestiak Eraso!-ren ibilbidea laburbiltzen du.

Hala da, bai. Gainera, bideoklipa argitaratu genuenean, mezu pila bat iritsi zitzaizkigun jarraitzaileak ere asko hunkitu zirela esanez. Espero duzu betiko biziraungo duen zerbait izango dela, baina errealitateak erakusten dizu gauzak ez direla horrela. Gogorra? Jakina, erabaki gogorra izan da.

Diskoa aski kontzeptuala da. Igarri da barne hausnarketa bat dagoela kantuen hitzetan Eraso!-ren ibilbideari buruz; besteak beste, zer galdu den eta zer irabazi.

Gure ibilbideko disko guztietan gaitegi ezberdinak erabili izan ditugu, denetarikoak eta askotarikoak. Gustuko ditugun eta gustuko ez ditugun gauzen inguruan oihu egiteko plataforma bailitzan izan da Eraso! Azken batean, diskoan oso tarte gutxi geratu da horrelako gaietarako, eta hausnarketa gehiago izan da bizitzen ari garen egoeraren ingurukoa: idatzi dudan esaldi bakoitza eskerrak emateko eta hau bukatu egingo dela esateko baliatu dut. Bizitzen ari garen momentuak bideratu gaitu lanketa kontzeptual hau egitera, eta egoerak nigan pisu handia izan duenez, horri buruz idatzi dut.

Badirudi terapia psikologiko bat ere izan dela idazte prozesua. Batzuetan haserre nabari zaizu, besteetan akabera barneratzen, hurrengoan  gogoeta arrazionalak egiten...

Terapia hutsa da, zalantzarik gabe. Lanketa bat da, esperimentazio bat: duela bi urte gauza bat nerabilen buruan, eta orain beste bat, baina ideia bera da; batzuetan triste nago, eta besteetan pozik. Sakona da, benetan. Abestietan idatzitakoa hausnartuz gero, esaldi bakoitzak bere zentzua duela antzematen da. Nahiko nuke jendeak abestiak entzuterakoan arreta jartzea hitzei, zer abesten dugun, eta aurkezten dugun disko hau gure agurrekoa dela nabaritzea. Ez daitezela mugatu gure azken birara bakarrik, bukaerak diskoarekin duelako zentzua. Berariazko agur zintzoa baita gurea.

Musikalki, inoiz egin duzuen diskorik anitzena dela esan al daiteke?

Kontuan izan behar da diskoa bera luzea dela, eta, guztira, hamabi abesti jaso ditugula. Horrek, nolabait ere, errepertorio zabalagoa sartzeko aukera eman digu. Baina ez pentsa, guk beti bezala egin dugu lan: riff bat atera eta gustuko badugu aurrera jo, eta, ondoren, horren gainean melodiak eransten joan gara. Guri, taldekideoi, Eraso!-ren disko guztiak ezberdinak direla iruditzen zaigu; agian, zaleei ez zaie hala irudituko. Disko bakoitzak zerbait berezia du, momentuagatik edo zerbaitegatik. Oraingo honetan ere ez gara joan zerbait ezberdina egitera. Betiko lan prozesu bera jarraitu dugu, eta emaitza entzungai dagoena da. Ez gara propio doinu edo erritmo jakin baten bila joan. Hala ere, ohartzen naiz izan daitekeela gure ibilbideko diskorik anitzena, baina hamabi abesti izateak, beharbada, ematen du ikuspegi zabalago hori.

Agurreko bira ere etorriko da irailean. Sekula baino bateratuago zaudete taldekideok azken txanparako?

Bai, bai. Orain arte, bidean joan eta joan aritu gara, baina bat-batean erabakitzen duzunean azkena izango dela, konturatzen zara zer egin duzun urte luze hauetan eta horrek ematen dizu halako konplizitate bat zure taldekideekin. Azken finean, hainbeste bizipen partekatu ditugu batera, onak zein txarrak, eta orain, gainera, agur esango dugu ozen guztien aurrean, gustura eta pozik. Amaiera txukun bat egiteak ere asko elkartzen zaitu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide