Duela mende bateko Zarautz bertatik bertara ikusteko zazpi behatoki atondu dituzte

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 1a, 13:00

Xabier Eizagirre eta Leire Arana. (Jabi Gonzalez Toston)

Xabi Eizagirre ekintzaile zarauztarrak garatu du proiektua eta Turismo departamentuaren laguntza izan du aurrera eramateko.

Herritarrek duela ehun urteko Zarautz nolakoa zen bertatik bertara ikusteko aukera dute joan den asteartetik. Horretarako, zazpi begiratoki digital atondu ditu Zarauzko Turismo departamentuak QR kodea duen panelak kokatuta: hiru Mollarrin daude, bi moilan eta bana Turismo Bulegoaren parean eta malekoian. Mugikorreko kamerarekin kodea irakurri ondoren bidaiatuko dute mende bat atzera herritarrek eta puntutik puntu horretatik ikus zitekeen guztiaren bista osoa izango dute, begiradaren jarraipena egingo baitu gailuak. Zehatzago azalduta, mugikorra alboetara mugitu ahala paisaia zabaltzen joango da, 360 graduko ikuspegia eskaintzeraino.

Iraganera Begirada deitu dute proiektua eta Xabier Eizagirre gazte ekintzaile zarauztarra da ideologoa. Jakinarazi duenez, udal artxibategiko informazioa baliatu du aspaldiko paisaia horiek berreraikitzeko. Horrekin eta zineman erabiltzen dituzten efektu bisualeko tekniken bidez, kokaleku bakoitzeko moldeak sortu ditu hiru dimentsiotan. "Helburua da sarean ditugun irudiei presentzi fisikoa ematea. QR kodeak dituzten panelak kokatu ditugun puntuetan gaudenean, gure begiekin gaur egungo paisaia ikusiko dugu eta mugikorrean duela ehun urteko Zarautz izango dugu. Horrek aukera emango digu alderaketa momentuan egiteko eta herria zenbat aldatu den ikusteko", azaldu du Eizagirrek.

Iraganera Begirada proiektuak Malekoitik eskaintzen duen duela 100 urteko Zarautzen bista.


Leire Arana Turismo zinegotziak jakinarazi du, gainera, "Iraganera Begirada herriko beste hainbat puntuetara zabaltzeko asmoa" duela udalak, nahiz eta badakien zailtasun handiak dituela lanak. Bada, azken horiei buruzko xehetasunak ere eman ditu gazteak: "360 graduko ikuspegia hiru dimentsiotan eskaini ahal izatea konplexua da, zeren argazkiek ez digute paisaia osoa ezagutzen. Demagun Grand Hoteleko argazkia dugula, irudi horrek ez digu erakusten zer dagoen argazkilaria dagoen puntuan; horregatik, informazio asko da behar izan duguna inguru osoa eraiki ahal izateko".

Eizagirrek argitu du, halaber, ez dituela soilik argazki zaharrak erabili paisaiak berreraikitzeko: "Mollarriko paneletatik bertan zegoen zamalekua funtzionamenduan ikusiko da, baina hori ez dugu argazkiekin berreraiki, ez dagoelako bakar bat ere. Horretarako, aurrez egindako lana –duela bi urte grabatutako film laburra Mollarriko zamalekuaren martxa erreala simulatzeko– ekarri dugu eta planoak interpretatuta garatu dugu".

Zarauztar guztiei zuzendua

Iraganeko bista horretara iristeko herritarrek eman beharko dituzten pausoei lotuta, Aranak adierazi du "zailtasunik ez" ez duela: "Gaur egun herritar guztiok izaten dugu mugikorra gainean eta denek dute argazki kamera. Hori baino ez da behar. Zerbait erabilerraza izatea nahi genuen adin guztietako herritarrentzat erosoa izateko. Horregatik, ez da beharrezkoa mugikorrean aplikaziorik instalatzea. Kamera zabaldu, QR kodea enfokatu eta pantailan agertuko den webgunera joateko lotunea klikatzea aski izango da herriaren duela ehun urteko bistara iristeko".

Turismo zinegotziak dio, halaber, berak zuzentzen duen departamentuaren lan lerroetako bat dela "bertako bizilagunei zuzendutako ekintzak bultzatzea". Hala, egiteko horren barruan kokatu du Iraganera Begirada proiektua, azpimarratu duenez" batez ere zarauztarrentzat delako polita".

Ildo beretik, Esther Facchin Turismo teknikariak gaineratu du kalean egiteko ariketa ere badelako egin zitzaiela erakargarria Eizagirreren proposamena: "Xabierrek proiektua aurkeztu zigunean interesgarriena iruditu zitzaigun tokira bertaratu behar duzula duela ehun urteko Zarautzen bista ikusteko eta egungoarekin alderaketa egiteko. Ondorioz, etxetik irtetera behartzen ditu herritarrak".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide