Arrakasta handia izan du Haimar Zubeldia Klasikoak

Julene Sorarrain 2024ko mai. 26a, 15:30

Inoizko parte hartze handiena izan du aurtengo edizioak. Guztira, 900 zikloturista baino gehiagok eman dute izena martxan, 854 gizonek eta 54 emakumek, hain zuzen.

Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatuta, 38. herriko martxa zikloturista egin dute gaur. Aurtengo Haimar Zubeldia Klasikoan 900 lagunetik gorak eman dute izena, 854 gizonek eta 54 emakumek, hain zuzen. Txirrindulariak goizean goiz hasi dira Aritzbataldeko Kiroldegi ingurura gerturatzen, eta apurka-apurka, guztiak irteerako metaren atzean kokatzen hasi dira. Bertan zen Haimar Zubeldia, jende multzoaren hasieran. Gerturatu dira Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia eta aurtengo omendua ere, Imanol Agirretxe futbolari ohia. Proba hasi aurretik, minutu bateko isiltasuna egin dute proban izena eman zuen txirrindulari baten omenez; izan ere, orain dela gutxi zendu zen.

Kiroldegitik abiatu dira 08:00etan, eta kostako bidea hartu dute Zumaiarantz, eta hara iritsitakoan Azpeitira egin dute. Ondoren, Errezildik igaro eta Iturburu igo dute, Bidaniara jaitsi eta Santa Agedako gainera igo. Jarraian, Beizamara jaitsi dira eta handik Nuarberako bidea hartu dute Mandubi igotzeko. Jaitsieran, Salbatorera iritsi dira eta bertan izan dute lehenengo anoa gunea.

Martxa berrabiarazitakoan, Ormaiztegi aldera abiatu dira eta Atagoiti igo dute. Ondoren, Telleriartera jo dute eta handik Legazpira, Zumarragara eta Azkoitira. Azpeitira heldutakoan, atzera berriro, Landetaraino jarraitu dute bertan bigarren geldialdia egiteko. Azkenik, Etumeta igo dute, Aizarnazabalera jaitsi dira eta Zarautzerako itzulerako bidean Meagatik joan dira kostatik beharrean. Aurten guztira 151 kilometro egin dituzte.

Lehenengo txirrindulariak 12:30ak aldera itzuli dira herrira, eta bertan zituzten famaliartekoak eta lagunak txaloka ongietorria ematen. Bizikletak kiroldegi atzean gorde dituzte, eta jarraian pintxoak eta edariak eskaini dizkiete frontoi barruan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide