Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduerak antolatu dituzte

Julene Sorarrain 2024ko mai. 22a, 10:00

Ainara Garcia eta Gloria Vazquez Eraztun Berde Urdineko arduradunak. (Julene Sorarrain)

Zarauzko Udalak eta Eraztun Berde Urdinak programa borobil bat antolatu dute ekainerako. Besteak beste, irteerak, sentsibilizazio kanpainak eta auzolan ekimenak egingo dituzte.

Ingurumenaren eta Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunak direla eta, Zarauzko Udalak eta Eraztun Berde Urdianak bi egun hauek ustartu eta hainbat ekimen antolatu dituzte egun hauek ospatzeko.

Igande honetan hasiko dira ekimenekin. Arkamurka Natur Taldearekin batera, irteera bat antolatu dute Garate eta Santa Barbara inguruak ezagutzeko, bertan egin dituzten lanak azaltzeko asmoarekin. Irteeran, besteak beste, inguru horren balioak, lan egiteko helburuak eta egiten ari diren jarduketak (lur-erosketak, landaketak, habitatak berreskuratzea...) ezagutarazi nahi dira. "Arkamurka basoa berreskuratu nahi dugu. Guztira 99.000 metro karratu erosi ditugu. Inbertsioa 200.000 eurokoa izan da, egin ditugun lanak barruan sartzen direla. Guztira 2.5000 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditugu eremuan", azaldu du Gloria Vazquez Eraztun Berde Urdineko udal harduradunak.

Egun hortan bertan, arratsaldean, Eraztun Berde Urdinaren horma irudi batzuk jarriko dituzte malekoian, umeekin lanketa berezi batzuk egiteko. Zarautzen bertan dauden ekosistema ezberdieni buruz jakinarazi nahi dute ekimen honen bitartez, bai haurrei eta baita helduei ere. "Zarautzeko biodibertsitatea ezagutaraztea da helburua", gehitu du Vazquezek.

Ekainaren 1ean, larunbatean, beste ekimen bat egingo dute Mater ontzi museoarekin batera, itsasoko zaborrei eta mikroplastikoei buruzko sentsibilizazio kanpaina bat, hain zuzen. Arratsaldean izango da, 17:00tik 19:00ra bitartean, malekoiko parkean. Aurreko ekimenetan egin duten bezala, helburua hondartzetan eta itsasoetan dauden mikroplastikoei buruz sentsibilizazioa sortzea da, hondakinak murrizteko, ez botatzeko, behar bezala jasotzeko eta ontzietara botatzeko. Egun osoan zehar, Andoni Bastarrika harezko irudi bat egiten egongo da itsas pasealekuan.

Ekainaren 2an, igandean, bigarren irteera egingo dute herritarrekin, Igerain ibaiaren ertzak garbitzeko asmoarekin. Oraingoan Santa Klara auzoan egingo dute, 10:00tatik 12:00tara.

Ekainaren 16an, Vista Alegre parkean dagoen Crocosmia x crocosmiiflora espezie inbaditzailearen inguruan sentsibilizazioa landu nahi dute. Horretarako irteera bat antolatu dute espezie hau kentzeko helburuarekin. Antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute, ekimen hauek ludikoak ez ezik, praktikoak direla ere: "Jendeak garbiketen bidez lortu dutena ikusten du. Ingurumenetik kontratu bat dugu eta urtean bi aldiz herriko ibai guztiak garbitzen dira. Baina garrantzitsua iruditzen zaigu ikusgarritasuna ematea, herritarrek ulertzeko zer garrantzia duen partehartzeak".

"Eskertu nahi dugu herritarren parte hartzea, Arkamurkaren lana ere bai eta gure artean dagoen elkarlan hori. Azpimarratu nahi dugu ere zer garrantzitsua den, ez bakarrik instituzioak garatzen duena, baizik eta herritarrekin kolaboratzea ere. Sentsibilizaziorako, ikusteko, ikasteko, aldaketa klimatikoari aurre egiteko... funtsezkoa da. Herritarrek jakin dezaten arazoaren parte eta baita konponbidea garela", gehitu dute antolatzaileek.

Azken bi ekimenetan, ibaiaren eta espezie inbaditzailearen garbiketetan parte hartzeko, izena eman behar da. Horretarako zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzi daiteke edo 943-00 51 59 telefono zenbakira deitu ere.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide