Jaien onena orain dator

Julene Sorarrain 2024ko mai. 16a, 11:00

Santa Marina jaietako iazko danborrada Musika Plazatik igarotzen. (Gorka Eizagirre)

Bihar gauen egingo dute santamarinetako ohiko danborrada. Jai batzordea gustura dago aurten jende berria azaldu delako entseguetara. Egitarau betea prestatu dute datozen egunetarako.

Urtero bezala, Santa Marina jaiek eman diote hasiera udaberri-udako herriko festen egutegiari. Alde Zaharreko ospakizunak dira guztietan lehenak, eta ondoren etorriko dira gainerako festa guztiak arrapaladan: datorren astean Salbide auzoan Udaberri Festak ospatuko dituzte, eta hilebete barru, Zelai Ondon sanjoanak eta Iñurritzan nahiz herri osoan sanpelaioak. Baina santamarinek askorako ematen dute, eta onena etortzeko badagoe ere, jendea gogotsu ibili zen jaietako lehenbiziko asteburuan.

Urtero bezala, suziriekin eta banderaren igoerarekin hasi zituzten jaiak ofizialki igande eguerdian. Aurten, Xuaxola familiako Rafael Lizasok izan du auzoko bandera igotzeko ohorea, txistulariek auzoko kaleak girotzen zituzten bitartean. Auzoko familia ezaguna da Xuaxola: garai batean taberna bat izan zuten Garrastazu optika zenaren aurrean, eta auzoko jaietan oso barneratuta egon dira beti, bazkariak prestatzen eta txarangan parte hartzen.

Jai giroa berotzen hasteko asteburua izan zen aurrekoa, zalantzarik gabe. Larunbat goizean pilota partidak jokatu zituzten Villa Manuelako eta Gaztelekuko frontoian, eta arratsaldean 53 bikotek parte hartu zuten 41. Mus Txapelketan. Nahiz eta eguraldiak ez zuen askorik lagundu, jende asko azaldu zen auzora Slow Times taldearen kontzertuaz gozatzera. Eguraldiak ongi eutsi zion igandean ere, eta haurrek haien sormena erakutsi zuten goizeko marrazki lehiaketan. Arratsaldean, Apaxi ipuin kontalaria izan zen, eta txikienek moto nahiz patinete lasterketak egin zituzten; 113 haurrek parte hartu zuten.

Danborrada, jaien ikur

Astean zehar, hiru egunetan, danborradako entseguak egin dituzte, biharko ekitaldia ezin hobeto atera dadin. Antolatzaileek poza adierazi dute aurten jende berria azaldu delako entseguetara. Santamarinetako danborrada jaien ikurra da; horretan inork ez du dudarik. Izan ere, danborrada tradizional bat da, baina beste aldarte bat du; ez da horren zurruna, lagunarteko eta familiarteko ospakizun bat delako. Kantinerak, danbor jotzaileak eta karrozako erregina auzoa girotzen arituko dira kaleak serpentinaz betetzen dituzten bitartean. Gauari jarraipena emateko, Fan & Go taldeak dantzan jarriko du auzoa.

Larunbat goiza pilota txapelketako finalekin hasiko dute, eta 12:30ean patata tortilla lehiaketa egingo dute. Bertaratzen direnek aurkeztutako tortillak dastatzeko aukera izango dute. Arratsaldeari begira, kaleak musikaz beteko dira, besteak beste, Agosti eta Barrenarekin, Gauargi taldearekin, Elektrotxufla elektrotxarangarekin eta Itzal taldearekin. Igandean herri kirol saioa eskainiko dute Izeta eskolako kideek, eta parrillada ere izango da. Arratsaldean, berriz, haurrentzako musika emanaldia eskainiko dute.

Santa Marina bezpera, datorren astelehena, korrikalari gazteen eguna izango da. Arratsalde osoan, korrika txapelketak egingo dituzte 7 eta 14 urte bitarteko neska-mutilek. Santa Marina eguna kanpaiek eta etxafuegoek iragarriko dute, hilaren 21ean. Ez dira faltako urteroko meza eta Kirkilla jatetxearen txokolate jana, ezta jubilatuentzako ohiko hamaiketakoa ere. Sardinaren ehorzketarekin emango diete jaiei amaiera... Laster hartuko du lekukoa beste auzo batek.

EGITARAUA

BIHAR, OSTIRALA
10:00.
La Salleko haurren danborrada txikia.
17:00. Jolasak 12 eta 18 urte bitarteko gazteei bideratuta, Haize Orratz gaztelekuko hezitzaileekin.
19:30-21:00. Fan & Go taldearen musika emanaldia.
22:00. Santa Marinako danborrada.
23:30. Fan & Go taldeak musika emanaldiarekin jarraituko du.

ETZI, LARUNBATA
10:00.
33. Pilota Txapelketako finalak, Villa Manuelako frontoian. Eguraldi txarra eginez gero, Gaztelekuko pilotalekuan.
11:30. Jalgi dantza taldearen erakustaldia.
12:30. 21. Patata Tortilla Lehiaketa. 12:00etan aurkeztu behar dira tortillak Santa Marinako tabernan.
Eguerdian, Agosti eta Barrena musikariak auzoan zehar ibiliko dira.
17:00-19:00. Gauargi taldearen emanaldia gazteentzat eta haurrentzat.
Jarraian, Elektrotxufla elektrotxaranga.
23:00. Itzal taldearen musika emanaldia.

MAIATZAK 19, IGANDEA
Goizean zehar,
kantujira auzoko kaleetan Arrai-Zopa lagun taldearekin.
12:00. Herri kirolen erakustaldia. Parte hartzaileak: Jakes Iruretagoiena Izeta V.a, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Maddi Gesalaga eta Naroa Arruti harri jasotzaileak.
13:00. Parrillada, Zarautz Trik elkarteak girotuta.
18:30. Arno DJarekin musika festa, YE Mambo Txikis dantzariekin batera.

MAIATZAK 20, ASTELEHENA
17:00.
Santa Marinako korrika txapelketak jokatuko dituzte. Kategoriak kontuan izanda, hurrenkera honetan izango dira lasterketak: 11 eta 14 urte bitarteko neskak; 11 eta 14 urte bitarteko mutilak; 7 eta 10 urte bitarteko neskak; eta 7 eta 10 urte bitarteko mutilak.
Ondoren, buruhandiak auzoan zehar ibiliko dira.

MAIATZAK 21, ASTEARTEA. SANTA MARINA EGUNA
08:30.
Kanpai errepika eta suziriak Santa Marina eguna iragarriz. Ordu berean, meza nagusia izango da Santa Marina ermitan. Era berean, Goizeko Ihintza txistulariak kaleak girotzen ariko dira.
Jarraian, Kirkilla jatetxeak eskainitako txokolate jana, eta trikitilariak auzoan zehar.
11:00. Urtero bezala, jubilatuentzat hamaiketakoa Arkaitz-Mendi elkartean.
18:00-20:00. Gauargi taldearen emanaldia gazteentzat eta haurrentzat.
Jarraian, Santa Marina jaietako boletoen zozketa eta urdaiazpiko apustuaren irabazlea iragarriko dituzte.
Ondoren, festei amaiera emateko, sardinaren ehorzketa egingo dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide