Turismo jasangarria oinarri duen Biosphere Destination ziurtagiria lortu du UKUEk

Aritz Mutiozabal 2024ko mai. 11a, 12:30

Anuska Esnal, Miriam Sarasola, Haritz Alberdi, Ion Arozena, Leire Arana eta IƱaki Ostolaza, ziurtagiriarekin. (Aritz Mutiozabal)

Garapen Jasangarrirako Helburuak ditu ardatz zigiluak, eta helburu horiek kontuan hartuta, ekintza plana ondu dute. Turismo Arduratsuaren Institutuak kudeatzen du zigilua, eta prozesuaren xedea "etengabeko hobekuntza" da.

Urola Kostako Udal Elkarteak Biosphere Certified Destination zigilua lortu du, eta, horrela, turismoaren kudeaketa jasangarria eta integrala bultzatzen duen kudeaketa sisteman barneratu da. Garapen Jasangarrirako 17+1 Helburuak ditu ardatz zigiluak–hemezortzigarren helburuak euskal kulturari eta hizkuntza aniztasunari egiten dio erreferentzia–, eta administrazio publikoen, enpresa-ehunaren eta herritarren lankidetzan oinarrituta dago.

"Etengabeko hobekuntza eta ziurtapen prozesu bat" dela nabarmendu du UKUEk, eta xede horiei lotutako ekintza plana ondu dutela jakitera eman du, "ekonomiari, kulturari eta ingurumenari lotutako ekimenekin". Gainera, zigilua lortu duen Gipuzkoako lehen bailara izan da.

Ostegun eguerdian egin zuten agerraldia Zarauzko Talaimendi auzoan, eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Ion Arozenarekin batera, bailarako bost udalerrietako alkate edo ordezkari politikoek hartu zuten parte: Aiako zinegotzi Miriam Sarasolak, Getariako alkate Haritz Alberdik, Orioko alkate Anuska Esnalek, Zarauzko Turismo zinegotzi Leire Aranak eta Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak.

Turismoak pisu nabarmena du kostaldeko bost udalerrietan, eta horrek zuzenean eragiten dio alor askori. Horregatik, hurrengo urterako ekintza plana honako zehar-lerro hauek kontuan hartuta osatu dute: ongizatea eta segurtasuna, hezkuntza, energia jasangarria, klima aldaketaren aurkako neurriak eta ekoizpen eta kontsumo arduratsua, hain zuzen ere.

Ekintza-planaren jarraipena

Turismo Arduratsuko Institutua nazioarteko GKEk kudeatzen du Biosphere zigilua, eta erakundea arduratzen da ekintza-planaren jarraipena egiteaz. Urtean behin ikuskaritza pasatzen dela jakinarazi du UKUEk, jarritako helburuak bete diren ebaluatzeko; izan ere, prozesu horren oinarria "etengabeko hobekuntza" da. "Zigiluan bertan sartzea aurrerapauso garrantzitsua da eskualdearentzat, orain arte egindako lanak aintzat hartu baititu Turismo Arduratsuko Institutuak; hala nola, ingurumen-inpaktua minimizatzeko egindako ahaleginak, turismo etiko eta arduratsuaren sustapenari eskainitako dedikazioa eta abar", zehaztu du mankomunitateak.

Jakin badaki, ordea, benetako erronka hemendik aurrerakoa izango dela: zigilua berritzeko
"beharrezkoa" izango da Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orioko udalerrien arteko koordinazioa
eta kudeaketa integrala. Horretarako, turismo alorrean ez ezik, Garapen Jasangarriko 17+1
Helburuetara gerturatzeko beste hainbat departamenduren lan-lerroak zeharka integratu beharko
dituzte.

Udal Elkartea ziur dago Biosphere tresna garrantzitsua izango dela datozen belaunaldientzat etorkizun jasangarriagoa eraikitzen laguntzeko. Horretarako, ezinbestekotzat jo du lankidetzan aritzea enpresa-ehunarekin eta herritarrekin, turismo arduratsuarekiko konpromisoa eta bailarako kultur zein natur ondarearen zaintza are gehiago bultzatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide