Iristear da eskualdeko Aterpe berria

Erredakzioa 2024ko api. 27a, 12:00

Eskualdeko hainbat merkatariren produktuak. (Guka)

Merkatariak, ostalariak, gremioak eta profesionalak biltzen dituen atari digital berria sortu du Gukak. Tresna interaktiboa eta bizia da, eta herritarrek herrian kontsumi dezaten sustatzea du helburu. Maiatzaren 20an jarriko da abian.

Urola Kosta eskualdeko merkatariak, ostalariak, gremioak eta profesionalak bilduko dituen atari digitala. Hori da Gukak sortu duen gune berria: Aterpe. Eskualdeko merkatarien topagune digital eta interaktibo bizia sortu du komunikazio taldeak, Urola Kostako herri guztietako merkataritza indartzeko helburuarekin.

Atari berria maiatzaren 20an jarriko da abian, eta produktu edo zerbitzuak erakusteko nahiz bezeroen zalantzak edo eskaerak erantzuteko aukera eta dendara iristeko zuzenbideak eskainiko ditu guneak, besteak beste. Herritarrek, beraz, produktuak online ikusteko eta eskatzeko aukera izango dute, baina kalean erosiz. Asmoa ez da kaleak hustea, jendea erakartzeko tresnak ematea baizik. Eta, horretarako, Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) hedabideetako (Maxixatzen, Uztarria, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza) komunitatea erabiliko da.

"Gure hedabideetan gida komertziala izan denak beste behar batzuk asetzeko premia zuela identifikatu genuen. Horrela, gida komertziala herriko merkatarien topagune interaktiboa bilakatzea erabaki genuen, herritarrek herrian kontsumitu ahal izateko, izan kalean ala sarean", azaldu du Leire Larrañagak, UKTko zerbitzuen arloko arduradunak.

Merkatuan plataforma digital asko daude gaur egun, baina zer du desberdina Aterpek? Komunikazio taldeak argi zuen gure proposamenak tresna soil izatetik harago joan beharra zuela, eta hala, hiru lan ildotan osatu du eskaintza berria: plataforma digitala, dinamizazioa eta sustapena. "Esparru digitala lantzeko, merkatari bakoitzaren egoera ezberdina izan ohi da. Denbora eta teknologia berriak erabiltzeko gaitasuna nahiz horiek lantzeko motibazioa ezberdinak diren heinean, merkatari bakoitzak bere neurrira eginiko zerbitzua behar duela uste dugu. Hori dela eta, merkatari bakoitzaren bidelagun izan nahi dugu, bakoitzaren behar zehatzak asetzeko", adierazi du Larrañagak.

Atarietan txertatuta

Horrela, tresnaren garapena bi fasetan egingo du taldeak: lehendabizi, tresna ezagutzen eta hura ezartzen hasiko dira merkatariak. Hala, merkatari bakoitzak bere orrialdea elikatuko du, modu praktiko eta erakargarrian, eta lehen pausoak ematen hasiko dira zerbitzuen eta produktuen sustapenean. Bigarren fasea, berriz, estrategia digitala martxan jartzea izango da, norberak dituen tresna digitalen bidez, plataformako orrialdea ardatz hartuta. Puntu horretan, promozioa eta kanpaina zehatzak ere jarriko ditu taldeak martxan.

UKTren webgune guztiek, batuta, hamar milioi bisitatik gora izan zituzten iaz, eta Aterpek aukera emango die merkatariei ikusgarritasun hori beren sustapenerako baliatzeko. "Merkatari bakoitzak bere helbide propioa izango du bere herriko atarian, eta, era berean, baita eskualdeko atarian ere. Horrela, Urola Kostako atarian eskualdeko dendariak, ostalariak, gremioak eta profesionalak bilduko dira. Bakoitzak bere gunea izango du, baina guztiak batera egoteak presentzia digitala indartu egingo du, eskualdeko merkataritzaren erakusleiho erakargarri bat eskainiz. Plataforma bat izateak ez du online trafikoa bermatzen. Horregatik, gure tresna propioak erabiliz, batez ere, UKTren atari digitalak erabiliz, sustapen kanpaina bereziak antolatuko ditugu: banner kanpainak garai esanguratsuetan, merkataritza gune bakoitzean kartelak eta pegatinak ipini QR kodeekin, uneko eskaintzen blokea argitaratu gure webguneetan... Gainera, Guka app-a sortzen ari gara, eta hor ere bere lekua izango du Aterpek", esan du Larrañagak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide