Familiak behar dituzte udan haur errefuxiatu sahararrak etxean hartzeko

Intza Trula 2024ko api. 2a, 16:00

Iaz Zarauzko Udalak Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako haurrei egindako harrera. (Jabi Gonzalez Toston)

Oporrak bakean programa jarri zuten martxan otsailean, beste behin, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haurrek Euskal Herrian uda garaiko oporraldia igaro dezaten. Apirilaren 15era bitarte izango dute familiek programan izena emateko aukera.

Uda bateko besarkada lelo hartuta abiatu zuten otsailean aurtengo Oporrak bakean programa. Hain justu, egitasmo honi esker, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haur sahararrek udako oporraldia Euskal Herrian igarotzeko aukera izango dute. Antolatzaileen esanetan, aurtengo erronka 300 haur saharar Euskal Herrira ekartzea da. Izan ere, pandemiagatik bi urtez programa geldirik eduki ondoren, kopuruak ez dira iritsi izurrite aurreko mailetara: 153 ekarri zituzten duela bi urte eta 183 iaz. Hori horrela, interesa duten familiek apirilaren 15a izango dute programan izena emateko azken eguna.

Oporrak bakean egitasmoaren helburu nagusiak honakoak dira: haurrak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea, umeen osasuna hobetzea elikadura orekatuaren bitartez, oinarrizko osasun-azterketak egitea eta beste errealitate bat bizitzeko aukera eskaintzea.

Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen alde lan egiten duen Darahli elkarteak eskualdeko familiak animatu ditu programan parte hartzera. "Hamaika arrazoi daude abentura honetara batzeko! Hala nola, familiako kide berri batekin uda ahaztezina igarotzea; elkartasunean, aniztasunean eta kulturartekotasunean oinarritutako esperientziak bizitzeko aukera; saharar herriaren egoera eta auzia zuzen-zuzenean ezagutzea, eta abar luze bat", diote.

Harrera-familia izateko interesa duten edo programaren inguruko informazio nahi duten familiak Darahli elkartearekin jar daitezke harremanetan darahlizumaia@gmail.com helbidera idatzita edota 605 70 14 63 telefono zenbakira deituta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide